Ezkutuko hiru bidaiariak ontzitik jaitsi dituzte
Gose eta egarri greban jarraitzen dutela eta ez daudela ondo esan du CEARek
Berria, 01-09-2006Asier Iturriagaetxebarria
Bilbo
Joan den ostiraletik gose eta egarri greban dauden ezkutuko hiru bidaiariak Santurtzin dagoen Agiasma ontzitik jaitsi zituzten atzo arratsaldean. Espainiako Gobernuko Bizkaiko Ordezkariordetzak ukatu egin zien herenegun ontzitik jaisteko baimena. Egoera horretan, Madrilgo Kontentzioso – Administrazio Epaitegira jo zuen haien abokatuak, eta epaileak atzo erabaki zuen behin – behinean ontzitik jaitsi behar direla.
Javier Galparsoro errefuxiatuei laguntzeko CEAR elkarteko abokatuak eta bozeramaileak adierazi zuenez, epailearen erabaki horrek ez du esan nahi egin zuten asilo eskaera onartu dietenik. «Haien abokatuak eskatu zuen ontzitik jaisteko, dauden egoera fisikoan egonda ezin dutelako Rotterdamerako (Herbehereak) bidaia egin ontzi barruan. Hori onartu dute. Orain guk aurkeztutako mediku txostenak aztertu beharko ditu, eta ikusiko da noiz hartzen duen erabakia».
Tanzaniako eta Kongoko ezkutuko hiru bidaiariak joan den abuztuaren 22an heldu ziren Santurtziko portura. Ontziko kapitaina Espainiako agintariekin jarri zen harremanetan, eta bere egoera zein zen azaldu. Orduan, ezkutuko hiru bidaiari horiek eta Burundiko beste batek asilo eskaera egin zuten. Burundikoak ostiralean lortu zuen baimena, eta ontzitik jaitsi zuten. Beste hirurek ez. Egoera ikusita, euretako batek bere buruaz beste egiten ahalegindu zen, zainak moztuta. Basurtuko ospitalera eraman zuten, baina hurrengo egunean senda – agiria eman zioten, eta berriro ontzira eraman. Bai berak eta bai bere bi lagunek gose eta egarri greba hasi zuten orduan.
GOSE GREBAN DAUDE. Egoera zein zen ikusita, asilo eskaera behin – behinean onartzeko eta ontzitik jaisteko baimena emateko eskatu zion CEARek Bizkaiko Ordezkariordetzari, euren osasun egoera aintzat hartuta. Bizkaiko Ordezkaritzak atzera bota zuen herenegun eskaera. Euren azterketa medikoei erreparatuta, ezkutuko bidaiariak zerbait janda egon behar direla ondorioztatu zuen, eta hori arrazoitu zuen behin – behineko baimena ukatzeko.
«Nik ez dakit nondik atera duen hori Ordezkariordetzak. Nire lankideak ezkutuko bidaiariekin daude orain, eta haien egoera negargarria da fisikoki zein psikikoki», adierazi zuen atzo arratsaldean Galparsorok.
Ontzitik jaisteko baimena lortzeak ez duela ezer esan gura argitu zuen CEAReko abokatuak. «Kontuan izan behar da ez daudela Espainiako lurretan. Mugan daude, polizia etxean, oso ondo zainduta». Ontzia, berez, atzo eguerdian irten behar zen Santurtzitik Rotterdamerako, baina oraindik bertan zen. «Ez dakigu zergatik ez den irten».
(Puede haber caducado)