Retailleau Biarritzera etorriko den egunean arrazakeria eta faxismoa salatzeko deia
Euskal Herrian gaindi, elkarte, sindikatu eta mugimendu politikoek deiturik, Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna markatzeko mobilizazioak egin dituzte. Baionan eginiko giza-katearen ondotik, mobilizazio berri bat iragarri dute apirilaren 11n, Bruno Retailleau Biarritzera helduko den egunean.
Gara, , 25-03-2025Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna martxoaren 21ean ospatzen da eta horren kari, biharamunean, martxoaren 22an, Baionako Pannecau eta Marengo zubiak eskutik helduz lotu zituzten 300 pertsonek. Hainbat eragilek* deitua, Ipar Euskal Herrian eskuin muturreko ideien gorakadari erantzuteko eta arrazakeria eta faxismoaren kontrako borroka indartzeko helburua zuen giza kateak.
Hitz hartzean, antolatzaileek heldu den apirilaren 11n banderolak berriz karriketara ateratzeko asmoa iragarri zuten, Bruno Retailleau frantziar Barne ministroa Biarritzera datorrela-eta, «ongi etorria emateko».
Bide beretik, igandean, martxoaren 23an, Gipuzkoan, Pasaiako Trintxerpetik Donostiara Arrazismo eta Xenofobiaren kontrako XXVIII. martxa egin zuten, «bizilagun guztientzat auzo seguruak» aldarrikatzeko.
49 taldek bat egin zuten martxaren deialdiarekin. Deitzaileen artean, Medicusmundi Gipuzkoa, Euskadiko GGKE-en Koordinakundea edo SOS Arrazakeria ziren.
Hala, arrazakeria instituzionalaren kontrako oihuek bete zituzten karrikak, eta Palestinarekiko elkartasuna ere agertu zuten manifestariek, Naiz atariak jakinarazi duenez.
*EH Bai, NPA, Ekologistak, Attac, Berdeak, CGT, LAB, Solidaires, Generation Ecologie, Ezker Ekosozialista, Bizi!, Les Bascos, FSU, Etorkinekin Diakite, Ongi etorri Errefuxiatuak, Frantzia Intsumisoa.
(Puede haber caducado)