«Iragan koloniala berrikustea» exijituko du mugimendu antiarrazistak manifestazio baten bidez

Bilboko Arrazakeriaren Aurkako Batzarrak manifestazioa deitu du martxoaren 21erako, Arraza-bereizkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta. Alderdi politikoen eta euskal gizartearen konpromisoa eskatu dute «iragan esklabista eta koloniala» berrikusteko.

Gara, Marcel Pena, 19-03-2025

Martxoaren 21ean ospatzen den Arraza-bereizkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Bilboko Arrazakeriaren Aurkako Batzarrak manifestazioa antolatu du «Arrazakeria ez da eztabaidatzen, borrokatzen da. Ordena kolonialari sua!» lelopean, ostiral honetarako.

Bizkaiko hiriburuko Mariaren Bihotza plazan egindako prentsaurreko batean, antolatzaileek eskatu diete euskal alderdi politikoei euren «ildo politikoak entzun eta kontuan har ditzaten», «gaur egun oraindik egin beharra dagoelako lurralde honetan bizi garen pertsona guztiok gure oinarrizko eskubideak bermatzeko lana».

Adierazi dutenez, «instituzioak eta euskal gizartea zeharkatzen dituen arrazakeriak historia kolonial batean du sustraia, eta oraindik ez dute historia hori onartzen jakin». Horregatik, «iragan esklabista eta koloniala berrikustea» exijitu dute.

«Faxismoaren aurrerapenaren» aurrean, nabarmendu dute «pertsona arrazializatuok indarkeria arrazista eta kolonialaren, eta beraz, faxismoaren mende egon garala denbora honetan guztian». «Erroldarik gabe ez dago eskubiderik, administrazio-egoera erregularrik gabe ez dago eskubiderik, migrazioa eta asilorako itun europarrak suposatzen du inoiz ez dugula bizitza duinik lortuko», aldarrikatu dute.

«Merkantzien zirkulazioa askea lehenesten den baina pertsonen zirkulazioa askea kriminalizatzen den mundu honetan ezin dugu isilik jarraitu. Euskal enpresek espoliatzen eta desplazatzen dute, horregatik iritsi gara hona, haien transnazionalak beti daudelako iritsi garen leku horietan guztietan», salatu dute.

Azkenean, «sistema esklabista eta kolonialarekin» amaitzeko, jakinarazi dute ostiralean manifestazio bat deitu duela Bilboko Arrazakeriaren Aurkako Batzarrak, 18.00 Jesusen Bihotza plazatik irtengo dena.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)