Basamortuko garrasien hotsa
Munduko Medikuak erakundea ari da izaten joan den astean Marokok desertuan bazter utzitako etorkinen testigantza eta hitza.
Berria, 31-08-2006a.i.
«Desertuan janaririk eta edaririk gabe bi egun egiteak ondorio bakar bat ekar dezake, heriotza». Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeko Larrialdietako arduraduna da Pablo Traspas Madrilgo bulegoan, Espainian. Lehengo ostiraletik Marokoko agintariek Kandahar eskualdean – – Mendebaldeko Sahara eta Mauritania artean – – bazter utzitako etorkinen laguntza bihurtu dira erakunde honetako mediku eta erizainak, haien hitza. Izan ere, estu eta larri aurkitu zituzten. «53 pertsona ziren denera, baina gu iritsi ginenerako bat hilotz zen. Beste bi ere oso larri aurkitu genituen, deshidratzen hasiak zeuden, eta akituta». Beste bi etorkinen gainean, berriz, deus ez dakite: «Emakume batek eta gizon batek ihes egin zuten, ez dakigu nora».
Marokoko poliziak laga zituen leku berean segitzen dute gainerako etorkinek. «Baina orain hobeto daude». Janaria, edaria eta botikak ematen dizkiete Munduko Medikuek. «Jaima bat ere jarri diegu estaltzeko, eta mantak…». Beharko. Muturreko bizi baldintzak dituzte: «Egunez beroa ankerra da, 50 graduren inguruan izaten dira; gauez, klima hezea da, eta hotza, 10 gradu edo gutxiago egiten ditu normalean».
Eta ingurura begiratuta, esperantzarik ez da ikusten. Iparraldera Mendebaldeko Sahara dago, hegoaldera Mauritania, baina giza bizitza zantzurik ez da agertzen inon, ezta urrutira – – oso urrutira – – begiratuta ere. Paraje latzean daude. «100 metrora, Mauritaniako Poliziaren postu bat dago, baina, gainerakoan, gertuen dagoen bizi aztarnara 60 kilometro daude, Noadihbu hiria da, Mauritanian».
AGINTARIEI DEI. Gosea eta egarria kendu dizkiete Munduko Medikuek etorkinei, eta osasun zerbitzu oinarrizkoa eskaintzen ari zaizkie. Hortik aurrera deus gutxi egin dezakete: «Erantzun diplomatiko bat eman behar zaio honi». Espainiako Gobernuak bitartekari lanak egiteko esperantza dutela diote, baina deus ez dago lotuta.
Antza etorkin hauek iragan abuztuaren 19an hasi zuten ontzi batean Kanariar Uharteetarako bidea. Bidaia gaiztoa izan zuten; galdu egin ziren, eta noraezean egin zituzten hainbat egun. Mendebaleko Saharako kostara iritsi, eta Marokoko poliziak harrapatu zituen. «Hiru egun eduki zituzten haiek». Gero kamioi batean sartu eta inorena ez den lurrean laga zituzten. Inork nahi ez duen lurrean. Garrasi egiteak ere balio ez duen lekuan.
(Puede haber caducado)