Mauritaniak 84 etorkinen hilotzak aurkitu ditu itsasoan

Europako Batzordeak immigrazioaren kontrako laguntza sendotzea hitzeman du

Berria, 31-08-2006

arantxa iraola

Kanariar Uharteetarako bidean bidaia arriskutsuak egiten dituzten etorkinen kronika beltza izan zen atzo ere; asteburuan hondoratu zen ontzi bateko 84 hilotz lehorreratu zituztela jakinarazi zuen Mauritaniako Gobernuak. Arrantzaleek eta suhiltzaileek elkarlanean jardun zuten atzo hilotzak aurkitu eta lehorrera eramateko ahaleginetan.

Asteburuan 17 hilotz agertu zirela jakinarazi zuten, baina atzo kopurua askoz ere handiagoa zela onartu zuten. Ontzian, denera, 150 lagun zihoazela azaldu zuten, eta gehienak Senegalgoak zirela. Antza, 18 lagun onik atera ziren itsasontzitik.

Kanariar Uharteetako Fuerteventura uhartera 27 etorkin iritsi ziren atzo, eta Almeriako kostara (Espainia), 33.

EUROPAREN HITZA. Europako Batzordeak konpromisoa hartu du EB Europako Batasuna osatzen duten estatu guztiei immigrazioaren aurkako baliabideak sendotzeko ahalegina eskatzeko. Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteordeak horren aldeko eskari berezia egin zuen atzo Bruselan. Kanariar Uharteetan etorkinen emaria izugarri handitu dela gogorarazi zuen, eta soilik hil honetan iaz urte osoan sartu zen etorkin kopurua sartu dela nabarmendu zuen. «Ontzi gehiago behar ditugu, hegazkin gehiago, langile gehiago». Une askotan ezinean ari direla onartu zuen.

Haren lekukotasunaren haritik Frontex, mugak kontrolatzeko Europako herrialdeek sortu duten segurtasun indarra, sendotzea ezinbestekoa dela onartu zuten atzo EBko agintariek. Hasieran bederatzi asterako programa zena, urtea amaitu arte luzatuko dute. Oraingoz, segurtasun indar horren barruan, Espainiak nahi baino motelago ari dira.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)