Ukatu egin diete asilo eskaera Santurtziko portuan dauden ezkutuko hiru bidaiariei
Mediku txostenen arabera gose greban ez daudela adierazi du Bizkaiko Ordezkariordetzak
Berria, 31-08-2006asier iturriagaetxebarria
Bilbo
Asilo eskaera ez diete onartu. Joan den abuztuaren 22tik Santurtziko (Bizkaia) portuan dagoen Agiasma ontzian daude hiru ezkutuko bidaiariei – Tanzaniako bi eta Kongo bat – ontzitik jaitesko baimenik ez die eman azkenean Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzak. CEAR errefuxiatuei laguntzeko elkarteak eskatu zuen behin – behinean eta «gizateria arrazoiengatik» beren eskaera onartzea. Izan ere, gose eta egarri greban daude joan den ostiraletik. Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzak, ordea, agertu du ezin direla gose eta egarri greban egon, «beren osasun azterketako parametroei erreparatuz gero».
Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzak konpromisoa hartu zuen asilo eskaerari ontziak irten baino lehen erantzuna emateko. Herenegungo goiza eta arratsaldea egoera aztertzen aritu zen, sendagileekin eta Gurutze Gorriko ordezkariekin hizketan. Arratsaldean, Basurtuko ospitalera eraman zuten ezkutuko etorkinetako bat, «bere osasun egoerak hori eskatzen zuelako». Baina handik ordu batzuetara, senda – agiria hartu zuen, eta berriro bueltatu zuten ontzira.
Orduek aurrera egin ahala, ezkutuko bidaiarien etorkizuna belzten joan zen, eta beren intereserako erabaki txarrena atzo goizean jakin zuten. «Mediku txosten batzuk esaten dute beren osasun parametroak ez datozela bat egarri eta gose greba egiten ari den pertsoana batekin. Beren osasuna arriskuan ez dagoenez, eta argi utzi genuenez behin – behineko asilo eskaera onartzeko arrazoia osasun arriskua izango zela, oraingoz ez diegu baimenik emango ontzitik jaisteko». Dena dela, Bizkaiko Ordezkaritzaordeak esku artean dituen mediku txostenak bat ez datozela zehaztu zuen. «Orain aztertu egingo dugu zergatik dauden hainbesteko aldeak».
Agiasma ontziak 30 ordu bakarrik egin behar zituen Santurtziko portuan, barruan zeuzkan olio botilak jaisteko nahikoa denbora, baina 40 matxura baino gehiago aurkitu dizkiotenez, horiek konpondu bitartean ez da abiatuko Rotterdamera (Herbehereak). Herenegun Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzak azaldu zuenez, matxurak ez dira oso handiak, baina guztiek batera ontzia hondoratzea ekar dezake. «Ostegun arratsaldea baino lehen ez da irtengo, Portuak oraindik ez baitu irteteko baimenik jaso. Jasotzen duenetik 24 ordu beharko dira abiatzeko».
CEAR, «HARRITUTA». Javier Galparsoro CEAReko abokatuak kazetarien bitartez jakin zuen Agiasma ontzian dauden hiru ezkutuko bidaiarien asilo eskaera ez zuela onartu Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzak. «Guk egindako eskaerari ez dio erantzun oraindik Ordezkariordetzak. Horretarako, ordezkariordeak berak sinatutako dokumentu bat entregatu behar digute, eta guk oraindik ez dugu horrelakorik jaso».
Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzaren bertsioa jakin bezain laster «harrituta» agertu zen CEAReko abokatua: «Hemen gertatzen ari den guztia oso – oso nahasia da. Lehenengo, Basurtuko Ospitalera eraman zuten bat, bere osasun egoera ona ez zelako, antza. Gero, ezkutuko bidaiari horren eta bere bi lagunen osasun egoera ona zela diote, eta zerbait jan eta edan dutela. Hau guztia ulertzea ez zait erraza egiten. Ospitalera eramateko arrazoiren bat egongo da, ezta?».
Galpasorok esan zuenez, 18:00etan eraman zuten ospitalera, eta 03:00etan eman zioten alta, ontzira eramateko. Era berean, ospitalera eraman zuten ezkutuko bidaiaria larunbatean ustez bere buruaz beste egiten ahalegindu zen berbera zela aipatu zuen. Galparsoro Basurtuko Ospitalean izan zen atzo eguerdian, ezkutuko bidaiariaren egoera zein den argitzeko asmoz. «Baina han esan zidaten ez dutela inor hartu. Kasu honetan dena da ezkutukoa eta iluna».
Oraindik argi ez dagoen beste gertaera baten berri ere eman zuen Galparsorok. CEAR elkarteko abokatuak ezin izan zuen baieztatu, baina baliteke Agiasma ontziaren aseguru etxeak CEARek egun batzuk lehenago egindako eskaera bera egitea Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzari: gizateria arrazoiengatik behin – behineko asilo eskaera onartzea eta ezkutuko diru bidaiariei ontzitik jaisten uztea.
Beste datu bat ere mahai gainean jarri zuen: Agiasma ontziko kapitaina Bilboko notario batengana joan zen atzo goizean, eta dokumentu baten izenpetu zuenez, bera ez da ezkutuko bidaiarien egoeraz arduratuko hemendik aurrera. «Zentzu handirik ez dauka horrek, kapitaina izanda bera delako beti ontzi barruan gertatzen denaren erantzulea. Hala ere, aseguru etxearen eta kapitainaren jarrerak erakusten dute egoera ez dela batere ona ontzian». Galparsoro «oso kezkatuta» azaldu zen, Herbehereetan ere zail izango dutelako asiloa lortzea.
«Beren osasuna arriskuan ez dagoenez, oraingoz ez diegu baimenik emango ontzitik jaisteko»
espainiako gobernuaren ordezkaritza
«Guk egindako asilo eskaerari ez dio erantzun Ordezkaritzaordeak, ez dugu dokumenturik jaso»
javier galparsoro
CEAR – eko abokatua
(Puede haber caducado)