«Torturatuak horrekin bizitzen ikas dezake, baina ez du ahaztuko»

Biktimak sentitzen dituen gorrotoa eta haserreak hura suntsi dezaketela dio psikologo txiletarrak; torturak eta tratu txarrak jasan dituzten pertsonei laguntzen die Jironek.

Berria, 31-08-2006

Arantxa elizegi

Donostia

Pinocheten diktaduratik ihesi, Venezuelara joan zen Patricia Jiron (Santiago, 1957), eta handik Europara. Azken hogei urteotan Bartzelonan bizi da, torturatu dituztenei laguntzen Exil erakundearen bidez. Hori – torturak – gainditzea posible dela dio, baina horretarako derrigorrezkoa dela gertatutakoa salatzea.

Txileko diktadura bertatik bizi zenuen.

Augusto Pinochetek estatu kolpea jo zuenean – 1973an – Osasun ministroa zen nire aita. Moneda jauregia bonbardatu zutenean han zegoen. Kontzentrazio esparru batera eraman zuten. Han hamar hilabete egin zuen, torturak jasanez. Garai hartan eskolako azken urtea egiten ari nintzen. Kontu handiz ibili behar genuen salatu ez gintzaten. Hamasei urte nituela, Venezuelara egin genuen ihes. Hogei urte daramatzat Bartzelonan bizitzen. Han ezagutu nuen Exileko zuzendaria ere, Jorge Barudy.

Zer jende mota joaten da zuenera?

Denetako kasuak ditugu, hasi familia barruan izaten diren indarkeria kasuetatik eta estatuek bultzatutako torturetaraino. Baina Bartzelonako zentroan 1970eko hamarkadan preso politikoak izan zirenak eta torturatu zituztenak artatzen ditugu batez ere, eta baita horien seme – alabak ere.

Duela gutxi Txilen izan zara, diktadura garaian adingabeak ziren eta torturak jasan zituztenentzako jardunaldietan.

Bizi izan zutena salatzeko elkartu ziren. Urte askoan isilik egon dira, hitz egitera eta biktimak izan direla onartzera ausartu diren arte. Haietako askoren gurasoak torturatu zituzten, eta uste zuten beraiek ez zirela biktimak. Gertatutakoa salatzeko aukera eman zitzaienean, konturatu ziren biktimak zirela. Onartzea da hori gainditzeko lehen pausoa. Jardunaldi horietan lehen aldiz salatu zuten askok Txileko militarren menpe bizi izandakoa.

Nola froga dezake norbaitek torturatu egin dutela?

Torturatu duten pertsonak sintomak ditu: depresioa, antsietatea, trauma – ondoko estresa eta abar. Sexu arazoak ere eragin ditzakete tratu txarrek, emakumeengan batez ere. Baina batzuetan zaila da hori torturekin lotzea. Espainian, esaterako, asilo politikoa lortzeko, zure herrialdean torturatu egin zaituztela frogatzen duen paper bat behar duzu. Erabat zentzugabea da.

Nola sendatzen da torturak jasan dituen pertsona bat?

Pertsona batek horrekin bizitzen ikas dezake, gertatutakoa gainditu dezake, baina ez du inoiz ahaztuko. Lor daiteke gorrotoa eta haserrea baretzea, horiek kalte handia eragin diezaioketelako pertsonari, hura suntsitzeraino. Pertsona horrek bidegabekeriaren biktima izan dela onartu eta salatu egin behar du. Ikusten badu gizarteak bat egiten duela berarekin, lehenago sendatuko da. Torturatzaileek lortu nahi dutena da biktimaren izaera suntsitzea. Biktimak bere izaera eta duintasuna berreskuratu behar ditu. Oso kontuan hartu behar dira pertsona bakoitzak halako kasu bat gainditzeko dituen baliabideak. Zeure buruaz seguru baldin bazaude, errazago jarraituko duzu aurrera eta errazago ikasiko duzu horrekin bizitzen.

Gertatutakoaz hitz egitea ere garrantzitsua da.

Bai. Argi utzi behar da torturatua dela biktima eta torturatzailea erruduna. Maiz gertatzen da kartzelan jaio diren pertsonekin ez direla konturatzen kartzelan jaiotzea badela nolabaiteko tortura, ez delako egoera normal batean bizi. Nik badut ezagun bat, 30 urte dituena eta kartzelan jaio zena, Argentinan. Lehen urtea kartzelan igaro zuen amarekin, gero, ordea, amonarengana bidali zuten. Ezertaz ezagutzen ez zuen pertsona batengana bidali zuten. Diktadurako biktima da.

Gogorra behar du halako zerbait gainditzea.

Askok uste dute erotu egingo direla. Maiz gertatzen da, halaber, torturatu dutena errudun sentitzea, lagunak hil egin direlako, norbait salatzera derrigortu dutelako edo beste mila arrazoirengatik. Hori da torturatzaileek nahi dutena. Baina inork ezin du torturen bidez hitz egitera derrigortutako inor epaitu.

Zer egoeratan daude gaur egun giza eskubideak Latinoamerikan?

Diktadura garaiarekin alderatuta, aurrera egin da. Gaur egun, tortura ez da sistematikoa, baina hura desagertu dela esatea inozoa da. Zenbait herrialdek ez dute onartu nahi gerra zibilaren antzeko egoeran bizi direla. Kolonbiak, kasu.

Egoera okerragoa da torturak daudela onartzen ez delako?

Bai. Txileko diktaduraren garaian, esaterako, nazioarteak asko lagundu zuen. Baina nazioarteak onartzen ez badu herrialde horietan giza eskubideak urratzen direla, nola lagunduko die biktimei?

Iaz jardunaldi bereziak egin zenituzten Bartzelonan.

Atzoko eta gaur eguneko torturatuentzako jardunaldiak antolatu zituen lehen aldiz Exilek. Horien bidez, torturak bizi zituzten pertsonei ahotsa eman genien.

Kasu horien guztien artean antzekotasunak egongo ziren ezta?

Tortura unibertsala da. Gizaki batek besteari eragiten dion sufrimendua beti bera da. Eskolak ere badira torturatzen erakusteko.

Euskal Herrian antzeko biltzarrik egiteko asmorik baduzue?

Bai. Bartzelonako jardunaldiek izan zuten arrakasta ikusita, horiek urtero egitea erabaki dugu, eta aurtengoak Euskal Herrian egitea aztertzen ari gara.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)