Omenaldia, esker onez
Hogei bat artistak Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko dituzte maiatzaren 3an, Barakaldoko BECen. Euskararen alde egindako lana aitortuko diete, besteak beste.
Berria, , 21-02-2025Irribarretsu oroitu ditu Lur Errekondo herri kirolariak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei buruzko bizipenak. «Maitasun handiz gogoratzen ditut. Ilusioa egiten zigun haiek ikusteak, haiekin barre egiteak… Txikitako oso oroitzapen onak dauzkat». Garai jakin batzuekin lotuak ditu; ez zaio ahaztu zelako goxotasunez hitz egin ohi zieten umeei, ezta euskaraz aritzeko arnasgune bat zirela ere. Antzera mintzatu dira beste artista batzuk: batetik, pailazoek pertsonalki egin dieten ekarpenagatik; eta, bestetik, gizarte oso bati eta hizkuntza bati egindakoagatik.
Esker on horrek bultzatuta, dozena erdi bat euskal artista bildu dira Barakaldoko BECen (Bizkaia), oraingoz motelki argiztatuta eta nabarmen hutsik dagoen pabiloi erraldoi batean. Baina lagun gehiago batuko dira laster. Maite Zaitut elkarteak antolatuta, Pirritx, Porrotx eta Marimototsi herri omenaldia egingo diete BECen, maiatzaren 3an, 17:00etan. «Toki hau eder bihurtzeko asmoz gaude», adierazi du Agurtzane Intxaurraga omenaldiaren zuzendariak. Makina bat diziplinatako hogei artista baino gehiago ariko dira horretan: aktoreak, abeslariak, bertsolariak, zirkukoak, dantzariak, musikariak eta antzezleak, besteak beste, eta ikus-entzunezkoz ere hornituko dute plaza bihurtuko den pabiloia. Sarrerak eskuragarri daude elkartearen webgunean: Nikeremaitezaitut.eus.
«’Abuela Maria Luisa’ kantarekin migrazioa landuko da. Oholtzan, bere garaian Euskal Herrira etorri ziren bost amonak beren bizipenak kontatuko dituzte»
ANE LABAKA
Omenaldiaren gidoigilea
Pailazoen kantu ezagunenekin josiko dute ikuskizuna. Ane Labaka emanaldiaren gidoilariaren arabera, bidaia bat egingo dute, pailazoen hastapenetatik hasi eta gaur egun arte: Irri egiten duenari kantarekin abiatuko dira, eta Maite zaitut-ekin bukatuko dute —hain justu, aurten hogei urte beteko ditu abesti horrek—; tartean, Epoitaitaye, Bizipoza, Ane Pirata eta Abuela Maria Luisa ere joko dituzte.
Guztira, 11 abesti izango dira, hainbat garaitakoak, eta askotariko balioak hizpide dituztenak, Labakak xehatu duenez. «Abuela Maria Luisa-rekin, migrazioa landuko da. Oholtzan, bere garaian Euskal Herrira etorri ziren bost amonak beren bizipenak kontatuko dituzte, eta bost bilobek kontatuko dute nola bidaiatzen duten udaran amonen herrira». Kulturartekotasunaz gain, heriotzari helduko diote Ane Pirata-rekin, eta hori izango da emanaldiko unerik «hunkigarriena», Labakak nabarmendu duenez. Alaiago mintzatuko dira euskararen inguruan: «Festatik landuko da gehiago».
Belaunaldi uztarketa
Argi utzi dute antolatzaileek: ez da soilik umeentzako ikuskizun bat izango; berez, belaunaldi askotako lagunak bildu nahi dituzte. Pailazoekiko lilura ez baita bakarrik haurren kontua. «Bertsotan hasi nintzenean, gazte-gaztea nintzela, haien proposamen bat iritsi zitzaidan, abesti baten kanta idatz nezan», oroitu du Labakak. «Haurtzarotik balio pila bat landu ditugu haien abestiei esker, baina kulturgile bezala ere asko egin dute saretze horretan: kulturgileoi ere asko eman digute». Horren erakusle da zenbat artistak kolaboratu duten haiekin. «Zerrenda bat egin genuen hasieran, eta amaigabea zen».
Batzuek haur zirela ezagutu zituzten, eta beste batzuek zeharka izan dute haien berri. Gozategi musika taldeko Iñigo Goikoetxeak bere haurren bitartez izan du harremana haiekin. «20, 18 eta 4 urte eta erdiko hiru seme-alaba dauzkat, eta, azken hogei urte hauetan, pailazoak gure etxeko sintonia izan dira. Kotxean ez dugu beste musikarik entzuten». Haien ikuskizunetan ere parte hartu izan dute.
«Ez da inor Euskal Herrian Pirritx, Porrotx eta Marimotots maite ez dituenik. Haiei esker, ‘maite zaitut’ gehiago esaten dugu»
MARKEL OIARZABAL, ‘ZAPOTXIN’
Pailazoa
Beste ertz bat ere aipatu du Goikoetxeak: plaza sortzeko eta indartzeko izan duten garrantzia. «Gure partetik miresmen puntu bat dago, benetan sinesten baitugu plazan. Pentsatzen dugu plazan egiten dela herria, harreman natural eta oso aberatsak sortzen direla han». Gaur egungo «mundu digitalean», ezinbesteko deritzo halako esperientziak ere bizitzeari. «Eta euskaldunok badugu formula».
Izan dira hezitzaile, inspiratzaile eta askatzaile haientzat. Eta izan dira ispilu ere hainbatentzat. «Gure etxean beti izan dira pailazoak», kontatu du Markel Oiarzabal Zapotxin pailazoak. «Gure aitonak esaten zuen etxean bat gehiago zirela». Koskortu zenean, bide bera hartu zuen hark ere, zapata handiak eta sudur gorria soineratuta. «Ez Zapotxinek bakarrik. Badator belaunaldi indartsu bat, Euskal Herria pailazoz beteko dugu denon artean». Hala, Pirritx, Porrotx eta Marimototsi lotuta segitu zuen nola edo hala: haurraren ilusioarekin aurrena, eta profesionalaren trebatzeko gogoarekin hurrena. «Katxiporretatarrek pailazogintza berrasmatu zuten euskaraz, herritik eta herriarentzat. Ez da inor Euskal Herrian Pirritx, Porrotx eta Marimotots maite ez dituenik. Haiei esker, maite zaitut gehiago esaten dugu».
(Puede haber caducado)