Mugaz gaindiko lurraldeen estatusari buruz gogoetatzeko plaza bilakatu da egun betez Baiona
Baionan antolaturiko jardunaldia zabaldu duen lehen eztabaidan, deszentralizaziorako Europak eskaintzen dituen aukerak baliatuz, mugaz gaindiko lurraldeen estatusa mamitzeari begirako gogoetak partekatu dituzte, hiru euskal eremu administratiboetako ordezkarien parte-hartzearekin.
Gara, , 13-02-2025Mugaz gaindiko topaketen hirugarren edizioa ospatzen ari da, otsailaren 12 honetan, Lapurdiko hiriburuan. Michel Portal antzokiaren gelako publikoa beterik zela eman diote hastapena jardunaldiari EAEko eta Ipar Euskal Herriko lehendakariek.
Imanol Pradales eta Jean-Rene Etchegarayren agurren eta hitzartzeen ondotik, lehen mahai-ingurua abiatu da.
‘Deszentralizazio gehiago Europa gehiagorentzat’ izenburu duen eztabaida horretan, Etchegaray eta Pradales lehendakariekin batera, honako ordezkari hauek izan dira: Ana Ollo Hualde, Nafarrakoako Gobernuaren bigarren lehendakariordea; Akitania Berriko Eskualdeko kontseilaria, Mathieu Berger (Alain Rousset presidentera ordezkatuz); Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eider Mendoza, eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidentea, Jean-Jacques Lasserre.
Europak eskaintzen dituen aukerak baliatuz, mugaz gaindiko lurraldeen estatusa mamitzeari begirako gogoetak partekatu dituzte hizlariek solasaldiaren lekuko nagusi gisara jardun duen Alain Lamassourekin.
Populismoen gorakada, auzi geoestrategikoak eta, oroz gainetik, zaurgarritasunez beteriko nazioarteko testuingurua oso presente izan da lehenengo eztabaida horretan.
Testuingurua konplexua izanik ere, «estaturik gabeko nazioek inoiz baino gehiago Europaren beharra dutela» aldarrikatu du Eider Mendozak.
Muga imajinaroak eta muga burokratikoak
Imanol Pradalesesek «muga imajinario» batekin talka egiten duten pertsona migranteen drama izan du aipagai.
Ildo beretik, Alain Lamassourek mahaigaineratu du mugak inoiz baino hertsiagoak direla, «burokratikoak direlako». Deszentralizazio eskema batean «burokrazia maila guzietan dagola» oharrarazi du, Mediabaskek solasaldiari buruz jaso duen laburpenaren arabera.
Lehentasunak finkatzeko tenorean, lehendakariak Bruselan «lobby lana» burutzeak duen garrantzia defendatu du. Bere aurrekoa zen Iñigo Urkulluk finkaturiko norabideari eutsi dio. Arku atlantikoaren aldarrikapena eginez, makroeskualde bat sortzeko egitasmoa iltzatu du.
Baionako Herriko Etxearen areto nagusian
Mugaz gaindiko topaketek gonbidatu berezia ukan dute aurten. Hala, 11:45etan, Miren Arzalluzen ibilbidea ohorean emateko ekitaldi bat izan da. Aurtengo edizioan ‘Europako pertsona ospetsu’ gisara nabarmenduko dute, Parisko Modako museoko zuzendari bezala aritu ondotik, udaberritik aitzina Bilboko Guggenheim Museoaren buru jardunen duen historialaria.
Bazkaltzeko geldialdiaren ondotik, Baionako Herriko Etxearen areto nagusian izan du segida gogoeta egunak. Hala, eskualdeko eta mugaz gaindiko europar parke naturalen gaineko egitasmoak aipagai izan dituzte mugaz gaindiko lankidetzarako tresnak mendiguneetan nola txertatzen diren aztertu duen bigarren mahai-inguruan. Guillaume Corradino Euromontana elkartearen zuzendaria izan da panel horren lekuko nagusia.
Hirugarren eta azken mahai-inguruan, finean, ‘Iruñea, Donostia, Baiona, Bilbo eta Gasteiz: zer eredu gure bestetarako?’ galderari erantzuna ematen ahaleginduko dira eztabaidara batuko diren udal agintariak: Joseba Asiron, Iruñeko auzapeza; Eneko Goia, Donostiako auzapeza; Jean-Rene Etchegaray, Baionako auzapeza; Beatriz Artolazabal, Gasteizko udaleko lehen auzapezordea, eta Juan Maria Aburto, Bilboko auzapeza.
Philippe Steiner, Sorbonne Unibertsitateko soziologo irakasle emeritua eta ‘Besta egitea: loriaren soziologia’ liburuaren egilea arituko da lekuko nagusi bezala.
Jardunaldia bururatzeko, Bilaka konpainiaren ikusgarria izanen da.
(Puede haber caducado)