Paperik ez duten ikasleak kanpora ez ditzaten eskatu dute
Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan asko jota bost familiak eskatu dute erregularizatzea
Berria, 30-08-2006Eneko Bidegain
Baiona
«Ez daiteke irudikatu gure haurren lagunak hegazkineko aulkiari eskuburdinez loturik igor ditzaten, ikaskideek Zure izena idazten dut, Askatasuna testua lasai-lasai lantzen duten bitartean». Mugarik Gabeko Hezkuntza Sareak (RESF) horrelako egoerak gerta daitezkeen beldurra erakutsi zuen atzo Baionan. Nicolas Sarkozy Frantziako Barne ministroaren legeen ondorioz, Estatuan 24.000 familia kanporatuak izateko arriskuan izan daitezke, nahiz eta haurrak bertan eskolatuak izan. Alabaina, 30.000 paperik gabeko etorkinek aurkeztu dute beren egoera erregularizatzeko dosierra. Baina Frantziak 6.000 familiaren egoera baizik ez zuela konponduko iragarri zuen. Gaineratekoak kanpora.
Ipar Euskal Herriko kopururik ez dago. Hamazazpi familiak aurkeztu dute dosierra Paueko prefekturan. Horietatik hamabi RESF sareak laguntzen ditu, eta guztiak Biarnokoak dira. Gainerateko bost familiei buruzko xehetasunik ez dago, eta ez dago jakiterik ea Ipar Euskal Herrikoak diren ala Biarnokoak. Kasu guztietan, horiei buruzko erabakirik ez du oraino hartu Paueko prefekturak.
Paueko prefekturak hamazazpi familietatik lauren egoera erregularizatu du. Beste baten eskaera atzera bota du eta alde egiteko eskatu. Gaineratekoei buruz ez du oraino erabakirik hartu. Ontsalaz, gaur emanen du erabakia.
Eskaera horiek atzera botatzen badituzte, familia horiek botatzeko aukerak handitzen direla dio RESF sareak. Alabaina, dosierra bete duten familien datuak eta helbideak badituzte. Horregatik, beste familia andana batek ez du erregularizatze eskaerarik aurkeztu, ez baitituzte Frantziako Gobernuak eskatzen dituen baldintzak betetzen. Eskaera aurkeztu gabe bazekiten haien eskaerak atzera botako zituztela, eta beraz kanporatuak izateko arrisku handiagoa zutela.
Hainbat baldintza bete behar dira paperak lortu ahal izateko. Azken bi urte hauetan Frantziaren menpeko lurraldeetan bizitzea, 2005eko irailetik hona haur bat eskolatua izatea (haurrak sei urte ukan behar ditu, gutxienez) eta haurra Frantzian sortua izatea edo 13 urte bete baino lehen etorria izatea dira baldintza «objektiboak». RESFen ustez, «subjektiboak» diren beste hiru baldintza gehitu dituzte, hala nola gurasoek haurren hezkuntza argiki laguntzea, haurrak jatorrizko herriarekin loturarik ez izatea eta familiaren integratzeko borondatea. Frantziako Gobernuak horrelako baldintza zorrotzak ezarriz paperik gabeko etorkin gehiago sortzen duela salatu du RESFek, hots, etorkinak klandestinitatera bultzatzen dituela.
EUSKAL HERRIAN GUTXI. Erregularizatze eskaera egin duten Zuberoa, Baxenabarre eta Lapurdiko etorkin familiarik ez izatea litekeena da. Asko jota bost leudeke. Baina hogei bat familia izan daitezke erregularizatzea lortzeko baldintzak betetzen ez dituztenak eta, beraz, dosierrik aurkeztu ez dutenak.
Etorkinen kontrako politika anitz gogortzen ari direla salatu du Laurence Hardoain abokatu eta Cimade elkarteko kideak. Ipar Euskal Herrian edo Frantzian lan egiten duten etorkinek familia ekarrarazteko baldintza zorrotzagoak bete behar dituzte orain. Lehen urte baten buruan ekarraraz zezaketen familia, orain hemezortzi hilabetez zain egon behar dute. Horrez gain, lanbidearen bidezko diru iturriak justifikatu behar dituzte. Gizarte laguntzak ez dira nahikoak izanen, eta familia osoarentzako lekua duen etxebizitzan bizi behar dute.
Haurraren ezagupena egiterakoan ere gauzak alda daitezke. Gurasoek haurraren sortzea deklaratzen dutenean eta udaletxeko langileari «iruditzen bazaio» bietariko bat ez dela haurraren aita edo ama, fiskalari abisua eman ahal dio, gero inkesta bat egin dezaten. Haur bati hiritartasuna emateko «iruzurrak» ekidin nahi ditu Frantziak. Halaber, frantses hiritartasuna duen bat atzerritar batekin ezkontzeko baldintzak zorroztuko dituzte.
(Puede haber caducado)