Amaitu gabeko hamabi filmi lagunduko die Zinemaldiak

Gara, 30-08-2006

Donostiako Nazioarteko 54. Zinemaldiak Latinoamerikako eta Magrebeko amaitu gabeko filmak eta proiektuak gauza daitezen lagunduko du bi ekimenen bidez: «Zinema Eraikitzen 10» eta «Zinema Mugimenduan». Brasilgo, Txileko, Argentinako, Mexikoko eta portugesez mintzo diren Afrikako herrialde batzuetako hamabi proiektu plazaratuko dituzte.

DONOSTIA


Tolosako (Estatu frantsesa) Zinema Latinoamerikarren Topaketekin elkarlanean antolatutako “Zinema Eraikitzen 10” ekimenaren bidez, postprodukzioaren aldiari ekitera doazen zinemagile independenteei pelikulak amaitzen lagundu nahi diete.

Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Kuba, Ekuador, Mexiko, Estatu espainola, Estatu frantsesa, Estatu Batuak, Peru, Suedia… Hainbat tokitako laurogei proiektu bildu dituzte ekimenaren hamargarren edizioan, eta horietatik hautatutako amaitu gabeko sei film emanen dituzte irailaren 26an eta 27an.

Brasilgo bi zinta aukeratu dituzte: Gustavo Pereira da Silvaren “A casa de Alice”, Sao Pauloko auzo ezagun batean manikura egiten duen emakume baten istorioa kontatzen duena, eta Lina Chamieren “A via Lactea”, aurrez aurre hitz egin ezin duen bikote batek telefonoz izandako eztabaida gogorra azaltzen duena. Argentinako bi film ere plazaratuko dituzte: Victor Gonzalezen “El cielo elegido”, asmo oneko apaiz baten gorabeherei buruzkoa, eta Ana Katzen “Una novia errante”, bereizitako bikote baten ingurukoa.

Bi familiak Aberri Eguna nola ospatzen duten erakusten duen Txileko obra bat, Luis Veraren “Fiestapatria”, eta ezezagun bat hondartza zoragarri batera gonbidatzen duen Marinaren istorioa kontatzen duen Mexikoko Ernesto Contrerasen “Parpados azules” dira “Zinema Eraikitzen 10” osatzen duten lanak.

Ekoizleei, banatzaileei eta zinemaren arloan diharduen beste profesional ugariri erakutsiko dizkiete horiek guztiak, eta sari batzuk eskuratzeko aukera ere izanen dute.

Bestalde, “Zinema Mugimenduan” izeneko ekimena eginen dute irailaren 25ean. Amiensgo Nazioarteko Zinemaldiarekin eta Friburgoko Zinemaldiarekin batera abiatu zuen Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak Magrebeko eta portugesez mintzo diren herrialde afrikarretako zinemagileei zuzendutako proiektu hori, 2005eko irailean. Hiru zinemaldiok oraindik bukatu gabeko proiektuak eta pelikulak burutzeko bide berriak urratzen dihardute, Afrikako herrialde horietako, Europako eta Latinoamerikako profesional, enpresa eta erakundeen artean zubiak eraikiz.

Hiru proiektu aurkeztuko dituzte aurtengo edizioan: “Entre parentheses”, Hicham Falahena eta Mohamed Chrifena, 80ko hamarraldiko Marokon politikan ziharduten ikasleei buruzkoa; Mourad Boucifen “Les larmes d’argent”, 1940an armada frantsesean borrokatzera behartzen duten nekazari baten ingurukoa; eta Lyes Salemen “Mascarades”, loaren gaitzak jotako gazte batek bikotearekin duen erlazioa azaltzen duena.

Dagoeneko postprodukzio etapan dauden hiru film ere plazaratuko dituzte: Kalthoum Bornazen “L’autre moitie du ciel”, gizarteko arauek banandutako bi neska – mutil bikiri buruzkoa; Jean Pierre Lledoren “Ne reste dans l’Oued que ses galets”, musulman, judu eta kristauen arteko harremanak ardatz dituena; eta Said Ould – Khelifaren “Vivantes”, garbitzen aritzen den langile talde baten aurkako indarkeria erakusten duena.

Zinema arloko profesionalei aurkeztuko dizkiete guztiak, eta horien egileek Argentinan, Kolonbian eta Mexikon eginen den biran parte hartu ahalko dute. Centre National de la Cinematographieren eta Swiss Effects eta Kodak Suisseren sariak lortzeko ere lehiatuko dira.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)