Amsterdamgo aireportuko atxiloketak «arrazakeriagatik» izan zirela dio Indiak

New Delhiko Gobernuak salaketa formala jarriko du Herbehereetan atxilotuei emandako tratuagatik

Berria, 28-08-2006

ane azurmendi

Amsterdamgo Schipol aireportuan, hegaldi bat itzularazi, eta Indiako hamabi lagun atxilotu zituzten asteazkenean. Dagoeneko libre daude, baina gertatutakoaren harira, Indiako Gobernuak salaketa formala jarri du. Segurtasun auzi bat baino, «arrazakeria» izan zen atxiloketak gauzatzeko arrazoia, Indiako Gobernuaren arabera. «Zoritxarreko gertakari hori ez zen inoiz gertatu behar», salatu zuen atzo Anand Sharma Indiako diplomaziaren arduradunak. Herbehereek Indian duten enbaxadoreari jazotakoari buruz galdera egin zion, eta honek barkamena eskatu zuen.

Indiako hamabi herritarrei emandako tratuaren inguruan salaketa aurkeztu dutela Navtej Sarna Indiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak jakinarazi zuen. Horretarako aski motibo dutela san zuen. «Zakurrak balira bezala, bihotz gabe tratatu zituzten», jakinarazi zuen, esaterako, hegazkinean zihoan bidaiari batek. Hamabi atxilotuen senideek, halaber, bat egin dute testigantza horrekin.

Amsterdamdik Bombayra zihoan itzularazi zuten hegazkina. Northwest Airlines konpainiaren hegazkin bat zen. Hegazkineko pilotuak bidaiari batzuek jarrera susmagarria zutela pentsatu zuen eta egoera arriskutsua zela iruditu zitzaion.

Atxilotu zituztenak Indiako 25-35 urte bitarteko hamabi lagun ziren. Pilotuaren arabera, hegazkinean eskuko telefonoetatik aritu ziren eta segurtasun-uhala ez zuten jarri. Zeramatzaten jantziek musulmanak zirela erakusten zuten, bizarra zeukaten eta urduan mintzo ziren. Hamabi lagunak susmagarritzat jotzeko arrazoia musulmanen aurkako jarrera izan zela salatu dute senideek eta Indiako agintari askok. Hegazkinean bertan eskuburdinak ipini zizkieten eta Amsterdamgo aireportuan 30 orduz egon ziren atxilotuta. Kargurik gabe askatu zituzten ostegunean.

«Musulmanak garelako terroristak al gara?», galdetu du atxilotuetako baten aitak. Indiako Gobernuko oposizioak Herbehereetako agintarien jarrera «arrazista» izan dela salatu du. «Txano Islamikoak eta bizarra edukitzea ez da terrorismoa», gehitu du oposizioak. Herbehereetako enbaxadorearen arabera, ordea, atxiloketak ez dira arrazakeri kontuengatik izan. Haren arabera, bidaiariek arauak betetzen ez zituztelako sortu ziren susmoak

HEGAZKINETAN, KEZKA BIZI-BIZI. Irlandako Aer Lingus konpainiako hegazkin bat gelditu egin zuten atzo Shanonen, Irlanda mendebaldeko aireportu batean. Hegazkina New Yorketik atera zen eta Shanonen gelditu zuten segurtasun alerta batengatik. Hegazkina hustu, eta miaketa lanetan hasi ziren. Hegazkineko bidaiarien artean -239 ziren- galdeketak hasi zituzten. Hegazkinetik segurtasun alertako dei bat jaso zutela argudiatu zuen Aer Lingusek. Beste bi hegazkin ere desbideratu zituzten atzo segurtasun zioak argudiatuta. Bat, AEB Ameriketako Estatu Batuetan. Ipar Karolinara bidean zihoan hegazkin bat Oklahomara bideratu zuten. Antza bidaiari baten jokamoldeak bultzatu zituen horretara. Manchesterretik (Erresuma Batua) Chicagora (AEB) zihoan hegazkin bat ere desbideratu egin zuten.

Ryanair hegazkin konpainiak Erresuma Batuko Gobernuaren aurka auzia jarriko duela jakinarazi du, Londresko atentatu saioen ondoren Erresuma Batuko aireportuetan jarritako segurtasun zorrotza ez duela leundu salatzeko. Londresko gobernuari 4,5 miloi euroko kalte ordaina eskatuko dio, segurtasun neurri zorrotzek sortutako galerei aurre egiteko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)