Etengabeko lan heriotzak salatu dituzte
ELA, LAB, ESK eta EILASek protesta egin dute Azpeitian, asteazkenean hil zen langilearen lantokian
Berria, 26-08-2006«Odolustea» amaitzeko eskatu zuten ELAk, LABek, ESK-k eta EILASek atzo. Elkarretaratzea egin zuten Azpeitiko Corrugados Xaflalan enpresaren aurrean, asteazkenean han bertan gertatu zen lan heriotza salatzeko. Gogorarazi zuten etorkina zela eta azpikontrata batentzat lanean zebilela hildako behargina. Izan ere, azpikontratetakoak ziren azken asteotan Euskal Herrian zendu diren behargin gehienak. Etengabeko lan heriotzak ugazabei eta Administrazioari leporatu zizkieten ELAk, LABek, ESK-k eta EILASek. Enpresaburuek «are gehiago irabazteko moduez» bakarrik arduratzen dira, eta ez dira prebentzioan inbertitzen ari, gehiengo sindikalaren arabera. Hori gutxi balitz bezala, «Administrazioak ez ditu kate motzean lotzen eta ez arazoari ez ikusiarena egiten dio». Jakinarazi zuten gutxienez 63 langile hil direla Euskal Herrian urtarriletik hona. Azpimarratu zuten, halaber, prekarietateari lotuta daudela gertatzen ari diren istripu gehienak. Batera jardun zuten protestan lau sindikatuek. Euskadiko-CCOOk, bere aldetik, elkarretaratzera deitu du etzirako.
(Puede haber caducado)