Areago ezegonkortu da Europan asiloa eskatu duten errefuxiatu siriarren egoera
Siriako Gobernua erori ondoren, Europako hainbat herrialdek erabaki dute Siriako errefuxiatuen asilo eskaerak behin-behinean etetea. Ez dute zehaztu neurria noiz arte izango den indarrean.
Berria, , 12-12-2024Siriako talde matxinoen ofentsibak 11 egunean eman dio amaiera 54 urtez indarrean egon den erregimen politikoari; eta, orain, Siriako hurrengo gobernuak zer forma hartuko duen erantzun nahian dabiltza bai han, bai nazioartean. Ziurtasunik eza nagusi den honetan, beste zalantza bat sortu zaie sorterriko oldarralditik ihesi Europako hainbat herrialdetan babes hartu duten milaka errefuxiatu siriarrei: asilo eskubidea lortuko ote duten. Izan ere, Europako hainbat herrialdek, hala nola Alemaniak, Suediak eta Erresuma Batuak erabaki dute behin-behinean etetea Siriako errefuxiatuen asilo eskaerak, argudiatuta agian posible izango dutela hara itzultzea. Zuzenbide humanitarioko abokatu Alexander Gorskiren ustez, agerikoa da Siria ez dela herrialde seguru bat, eta irizten dio «egiaz lazgarria» dela milioika errefuxiaturi hara joan daitezela eskatzea.
NBE Nazio Batuen Erakundeak emandako azken datuen arabera, 7,4 milioi barne desplazatu daude herrialdean, eta 2011z geroztik, 4,9 milioi pertsonak egin dute ihes inguruko herrialdeetara; horietako gehienek, ia hiru milioik, Turkiara. Bestalde,1,3 milioi errefuxiatu siriar EB Europako Batasuneko herrialdeetan bizi dira. Horiek hala, Gorskik gogorarazi du Siriatik ihes egindako askok dagoeneko ez dutela errefuxiatu estatusa, migratu duten herrialde horretako herritartasuna baizik: «Sorterrira itzuli nahi dutenen erabakia errespetatu beharra dago, noski; baldin eta erabaki hori beren kabuz hartu badute».
Turkiaren eta Libanoren ondoren, Alemania da errefuxiatu siriar gehien hartu dituen herrialdea: 716.000 inguru. Han bizi da Gorski, eta horixe izan da, hain justu, Siriako errefuxiatuen asilo eskaerak behin-behinean etetea erabaki duen lehenengo herrialdea. Alemaniako Barne Ministerioak astelehenean zabaldutako komunikatu baten arabera, neurria hartu dute Siriako gaur egungo egoera «ezegonkorra eta nahasgarria» delako, eta, testuinguru horretan, ez litzatekeelako «egokia» asilo eskaerei buruzko neholako erabakirik hartzea.
«Sorterrira itzuli nahi dutenen erabakia errespetatu beharra dago, noski; baldin eta erabaki hori beren kabuz hartu badute»
ALEXANDER GORSKI
Zuzenbide humanitarioko abokatua
Horrelakorik egitea legezkoa den galdetuta, baietz erantzun du abokatuak: «Asiloari buruzko kodearen 25. artikuluan zehaztuta dago Alemaniako Asilo Agintaritzak aukera duela asilo eskaerei buruz ez erabakitzeko baldin eta ez badago argi jatorrizko herrialdeko egoera zein den, eta, hortaz, hango herritarrek babesa behar duten edo ez; kasurako, iraultza bat edo gobernu aldaketa bat gertatzen denean».
Azaldu duenez, ezin da jakin neurria noiz arte izango den indarrean; are, hilabeteak luzatu liteke. Adibide bat eman du: «Gazako palestinarrekin gauza bera egin zuen Alemaniako Gobernuak. Neurriak urtebete baino gehiago darama indarrean. Sekulako bidegabekeria da». Migrazioarentzako eta Errefuxiatuentzako Bulego Federalak emandako datuen arabera, 47.770 errefuxiatu siriar baino gehiago geldituko dira beren asilo eskaeraren erantzuna jaso gabe. Alemaniak ez ezik, erabaki bera hartu dute Frantziak, Greziak, Suediak, Erresuma Batuak, Austriak eta Danimarkak.
Xenofobiarako abagunea
Matxinoek igandean hartu zuten Damasko kontrolpean, eta berehala erori zen gobernua. Egun horretan bertan, Siriako diasporak elkarretaratze jendetsuak egin zituen Europako hiriburu nagusietan, hala nola Berlinen eta Londresen, eta eskuinak agerraldi horietako batzuk baliatu ditu siriar jatorriko migranteen itzulera bultzatzeko. Kasurako, Alemaniarentzat Alternatiba eskuin muturreko taldeko kide Alice Weidelek: «Argi dago ‘Siria aske’ dioen edonork ez duela erbestean jarraitzeko motiborik».
Hain justu, gisa horretako adierazpenen inguruan ohartarazi du Gorskik: «Eztabaida bat sortu da, eta eskuin muturra espazio hori baliatzen ari da, ahalik eta modurik nazkagarrienean. Beren propaganda arrazista eta xenofoboa zabaltzen ari dira». Halere, abokatuak nabarmendu du eskuin muturra ez dela hori egiten ari den bakarra; kontrara, haren arabera, alderdi sozialdemokratak eta, «teorian», balio jakin batzuk dituzten alderdiak ere mezu bera errepikatzen ari dira: dagoeneko itzultzeko ordua dela.
Helburu bera
Hurrengo gobernua osatu artean, «trantsiziorako gobernu bat» antolatu nahian dabil HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamista, eta Mohammed al-Baxir izendatu dute Siriako lehen ministro. Italiako Corriere della Sera egunkariari atzo egindako adierazpenetan, esan zuen helburu nagusietako bat izango dela erbestean dauden milioika errefuxiatu siriarrak beren sorterrira itzultzea. Nolanahi ere, aipatu zuen horretarako ezinbestekoa izango dela herritar guztiek babesa eta oinarrizko zerbitzuak izango dituztela bermatzea; eta aitortu zuen hori egitea «lan nekeza» izango dela.
«Inork ez daki zer gertatuko den, eta gogora ekarri behar da zer gertatu zen Libian, zer gertatu zen Egipton… Agintean zegoen erregimena bota ondoren, egoerak berdin jarraitu du, edo are okerrago»
ALEXANDER GORSKI
Zuzenbide humanitarioko abokatua
Hamahiru urteko gerraren ondoren, eta egun dagoen egoera ezegonkorrari erreparatuta, litekeena da denbora behar izatea bi baldintza horiek betetzeko. Irudi duenez, ordea, Turkiak eta urteotan han babes hartu duten milaka errefuxiatuk ez dute itxaroteko asmorik. Igandean erori zen Siriako Gobernua, eta egun horretan bertan ehunka pertsona Siriara itzuli ziren. Turkiako Gobernuak hegoaldeko bi pasabide ireki zituen astelehenean, eta, herenegun, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek jakinarazi zuen «trafikoa errazteko» hirugarren pasabide bat irekiko dutela.
Besteak beste, Siriako errefuxiatuekin egiten du lan Gorskik, Alemanian, eta kezkaz begiratzen die Turkiaren urratsei eta Europako herrialdeen erabakiei: «Ziurtasun falta handia dago, baita beldurra ere. Inork ez daki zer gertatuko den, eta gogora ekarri behar da zer gertatu zen Libian, zer gertatu zen Egipton… Agintean zegoen erregimena bota ondoren, egoerak berdin jarraitu du, edo are okerrago».
(Puede haber caducado)