'Bidasoa. 2018-2023'
«Zerbait egiteko» beharretik hasi zen proiektua, orain DVD eta CDan
Fermin Muguruzak ikus-entzunezkoa fisikora eramatearen garrantzia aldarrikatu du eta oso harro azaldu da soinu-bandan «Bidasoa aldeko hainbat taldek, ibaiaren bi aldeetakoak» izatearekin
Diario Vasco, , 20-11-2024Bineta batek, Zugazartek eginak, piztu zuen Fermin Muguruzarengan kulturgile gisara Bidasoan gertatzen ari zenaren bueltan «zerbait egiteko» beharra. Hura izan zen ‘Bidasoa. 2018-2023’ dokumentalaren ernamuina, 2023ko Zinemaldian estreinatu zena eta urtebetez aurkezpen mordoa egin ostean, azkena pasa den aste-bukaeran Berlinen, eta orain DVDan kaleratu duena. «Zenbait jende harritu egiten da gauzak euskarri fisikoan atera nahi ditugulako. Baina hodeia ez da mugagabea. Uste dugu eskuragarri ditugula gauza guztiak eta laster ez da horrela izango», defendatu du artista irundarrak.
Ikus-entzunezkoan mezua indartze aldera teknika ezberdinak uztartu ditu Muguruzak, esaterako animazioa «migrazio bakoitzaren ibilbidea osatu eta aurpegia emateko», eta oso eskertuta azaldu da bidaide izan dituenekin. Produktu oso kuttuna izanda, azken xehetasunak ere zaindu ditu. Esaterako, azpitituluak bost hizkuntzatan txertatzea: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa eta arabiarra. Bide horretan, Tabakaleran egindako topaketa ekarri du gogora eta horietako gehiago beharko direla ohartarazi du «Euskal Herri anitz eta aberatsa nahi badugu».
Hori gutxi balitz, dokumentala osatzen duen soinu banda CDan ere plazaratu du. «Bidasoa aldeko hainbat taldek, ibaiaren bi aldeetakoak» egina, besteak beste Petti, Sonakay, Dut, Eneritz Furyak, Bad Sound, Olaia Inziarte, Willis Drummond edo Muguruza bera. Talka-Elkar-en arteko koprodukzioa «aliantza estrategikotzat» jo du. Aniztasun hori adin-tarteei ere zabal daiteke, baita estiloei ere. Hori oso garrantzitsua izan da Muguruzarentzat
Aurkezpenak, noski, ez du esan nahi proiekzioak amaitu direnik. Baina Muguruzak onartu bezala «orain urtebete luzez» okupatuko duen birara bideratu nahi ditu energiak. Filmin eta Primeran plataforma digitaletan ere ikusgai da eta Aintzane Lasartek, dokumentalaren protagonistetako bat eta ‘Bidasoa Etorkinekin’ taldeko kideak, esan bezala «badakit eskola batzuetan eta zenbait taldetan erabili dela gazteekin lantzeko».
‘Jitu’-k azpimarartu bezala dokumentala «hildako kopuru hutsa» baino gehiago da eta ikus-entzunezkoan zehar «bizia galdu dutenen istorioak, izenak, ametsak eta egindako bidaiak» ezagutuko ditu ikusleak, baita ibaiaren bi aldeetako hainbat biztanlerenak. Hauetako bat da Lasarte, «militante eredugarria eta milaka saltsetan» murgildua Muguruzak goratu bezala. «Elkartasuna adierateagatik inputatu zutenetako bat da eta ez dakigu zer gertatuko den». Asteazken honetan aurkeztuko dute elkartasun kanpaina urtarrilaren 28rako deitu duten epaiketari begira. «Egin behar zela, dela eta izango dela sentitzen dugu eta bakoitzak gure heinena lagunduko dugu migranteek egin nahi duten bidea egin dezaten. Nork dauka eskubidea hori oztopatzeko? Guretzat inork ez», azpimarratu du.
Polemiken gainetik
Egun hauetako polemika eta harrabotsen gainetik kokatu du dokumentala Muguruzak. «Oso interesgarria zen ez solik guk kontatzea, migrante horiei aurpegia jartzea baizik». Hala, ikus-entzunezkoa Bidasoari «egindako maitasun kantua» dela esan du. Baikortasun, ikuspegi eta izipritu hori biziki eskertu dio Lasartek. «Bidasoa muga bilakatu da, zeharkatu ez daitekeena zegun eta zein koloreko aurpegia duzun. Guretzat, aldiz, topalekua da eta elkartzen gaituen tokia».
Kontakizuna, zoritxarrez, ez da hain baikorra, Andres Camio ‘Jitu’ Elkar musikako kideak esan bezala. «Irundarrok Bidasoa ibaia oso ondo ezautzen dugu, tamalez tragedia anonimoekin oso lotuta dago. Pasa den mendearen erdialdean portugaldarrak ziren gauez etortzen zirenak, gero afrikarrak eta askotan emaitza bera izan da, heriotza».
(Puede haber caducado)