Kontrolak berrezartzeko erabakia salatzeko elkarretaratzea egin dute Santiago zubian
Euskal Herria Bai eta Euskal Herria Bildu alderdiek eginiko deiari erantzunez elkarretaratzea egin dute, ostegun arratsaldean, Santiago zubian, frantziar Estatuak bere mugen gaineko kontrola beste sei hilabetez luzatzeko harturiko erabakia salatzeko.
Gara, , 04-11-2024Azaroaren lehenetik hasita eta ondoko sei hilabetetan mugetako kontrolak berrezarteko asmoa azaldu du frantziar Estatuak.
Erabakiak zer forma zehatza hartuko duen Piriniotako pasabideetan esatekorik ez badago erę, ziurtzat eman daiteke deliberoak bere ondorioak izanen dituela migratzaileen joan-jinetan, baita eskualdean bizi diren herritarren eguneroko mugikortasunari dagokionez.
Hain zuzen, Parisek harturiko erabakia «Schengen kodearen abusu bat izan daitekelakoan» Europar Batzordera jo du Euskal Herria Bilduk, Pernando Barrena europarlamentariak jakinarazi duenez. Kontrolak berrezarriz «Parisek Euskal Herria Europar Batasuneko kanpo muga bat bilakatzen duela» mahaigaineratu du, erabakiaren larritasunari buruz oharra eginez.
Barrenak hitza hartu du Euskal Herria Bai (EH Bai) eta Euskal Herria Bildu (EH Bildu) alderdiek ostegun arratsaldean Santiago zubian antolaturiko elkarretaratzean.
Ekimen horrekin Parisek harturiko erabakia horren aitzinean haien kexa azaldu dute bi alderdiek. Hala, lehenik eta behin, deliberoak Euskal Herriaren barne zirkulazioa auzian emanen duela, herritarren bizimodua trabatuz, agerian ezarri dute.
«Hemen komunitate natural bat dago, Bidasoarehn bi aldeeta bizi dena, eta kontrol horiek haien egunerokotasuna aztoratzen dute», azaldu du Barrenak.
Gisa berean, frantziar Estatuak mugen gaineko kontrolak zorrozten dituenean pertsona migranteen biziak are eta zaurgarriagoak bilakatzen dituela nabarmendu du eurodiputatuak, hamar lagun hil direla azken urtetan Bidasoako muga ganditu nahian gogoraziz.
Ildo beretik, EH Bairen izenean, Annie Povedak, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko kontseilariak, zirkulazio eskubidea errespetatzea galdetu du. Hain zuen, Europar Batasuneko sorrerako irizpidea izan zen eskubide hori aldarrikatu dute ekitaldian parte hartu duten lagunek, banderola bi, bata euskaraz eta bestea frantsesez, erakutsiz zubia zeharkatzen zuten auto gidariren aurrean.
Schengen ez betetzea ohitura bilakatzen denean
2015. urteaz geroztik, hainbat arrazoi emanez, pasabideen gaineko kontrola beregain hartu du frantses Estatuak. Oraingoan, segurtasunari buruzko erronka orokorrak aldarrikatu ditu Parisek bertze sei hilabetez ez ohiko egoera horri heltzeko, gisa berean migrazioaren auziari aipamen zehatzagoa egin diolarik.
Schengen eremuko aliatuei berriki igorritako jakinarazpenaren arabera, Suedia, Danemarka edota Norvegiako gobernuek harturiko erabakiarekin lerratuko da frantziar Estatua. Era berean, askoz oihartzun handiagoa hartu duen Alemaniak eman duen urratsarekin bat eginen du Emmanuel Macronen gobernuak. Joan zen irailean bere mugetan kontrolak areagotuko zituela iragarri zuelako Berlinek, migrazio politika aipagai.
(Puede haber caducado)