EH Bildu eta EH Bai: «Mugen berrezartzeak Bidasoa Europar Batasuneko kanpo muga bihurtzen du»

EH Bai eta EH Bilduk elkarretaratze bat antolatu dute ostegun honetan Irungo Santiago zubian mugetako kontrolak berrezartzearen aurka. Pernando Barrenak adierazi duenez, Europar Batzordeari eskatu diote argitzeko ea frantziar Estatuak egiten duen praktika hori legala den ala ez.

Gara, NAIZ, 04-11-2024

EH Baik eta EH Bilduk deituta, mugetako kontrolak berrezartzeko Parisek harturiko erabakia salatu dute Irungo Santiago zubian ostegun honetan antolatutako elkarretaratze baten bidez. Ostiraletik eta 2025eko apirilaren 30era arte, bertze sei herrialderekin partekatzen dituen muga pasabideetan kontrol iraunkorrak berrezartzeko erabakia jakinarazi die frantziar Estatuak europar erakundeei.

«Mugen kontrolen berrezartzeak zera dakar lehenik eta behin; zentzurik gabeko zailtasunak gehitzea egunerokoan mugaren bi aldeetako langileei, ikasleei eta auzokideei orokorrean. Beren bizitza hankaz gora jartzen da, muga administratiboen gainetik komunitate natural batean bizi direlako. Beti pentsatu izan dugu mugaz gaindiko elkarlanak Bidasoaren bi aldeetan bizi den gure herria sendotu egiten duela», nabarmendu du Pernando Barrena EH Bilduko eurodiputatuak.

Honek azaldu duenez, frantziar Estatuak «iruzur egiten dio Schengengo kodeari mugen berrezartzearekin. Praktikan, europarrok zirkulazio librerako dugun eskubidea bertan behera utzi egiten du. Eta horretarako aparteko egoerak arautzen duen artikuluaren abusua egiten dute, sei hilabeteko epeak bata bestearen atzetik kateatuz, neurria iraunkor bihurtuz».

«Gure aldetik, Europar Batzordeari eskatu egin diogu argitzeko ea Frantziak egiten duen praktika hori legala den ala ez, ea ez ote den Schengengo Akordioaren kontrako praktika bat guk pentsatzen dugun bezala, eta oraingoz erantzunaren zain gaude», adierazi du.

Barrenaren esanetan, mugen berrezartzeak «Bidasoa Europar Batasuneko kanpo muga bihurtzen du hemendik pasa eta Europako iparralderantz doazen migrarientzat. Hori gertatu zen azkeneko aldian hamar pertsonen bizitzaren galera izan genuen eta beraz, mugen berrezartzeak segurtasun gabezia gehitzen dio migrarien ibilbideari eta beren giza eskubideak auzitan jarri».

2015. urteaz geroztik, arrazoi ezberdinak emanez, bere mugen gaineko kontrola hartzeko erabakia berretsi du, sei hilabetero, frantziar Estatuak. Azken aldian, Olinpiar Jokoek azaleraturiko segurtasun erronka aipatu zuen Parisek, Schengengo Tratatuaren kudeaketaz arduratzen den Bruselako bulegoari igorritako oharrean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)