Donostiako Udalak kaleko afari solidarioak debekatuko ditu
Egian afariak antolatzen dituztenei ahoz eman die abisua Udaltzaingoak. Baimenik ez dutela argudiatuta, bihartik aurrera afari horiek ematea debekatuta dutela jakinarazi die.
Berria, , 24-10-2024«Segurtasun arazorik izan ez dadin», Donostiako Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeak kalean bizi diren bizilagunei prestatzen dizkien otorduak debekatuko ditu Donostiako Udalak. Hala jakinarazi die Udaltzaingoak Egia auzoan behar horretan jarduten direnei, eta informazioa berretsi du Irutxuloko Hitza-k.
Abisua ahoz eman die Udaltzaingoak. Poliziek paper bat zuten eskuetan, baina ez diete KASeko kideei eman nahi izan. Azaldu dieten bakarra da ez dutela afari solidarioak emateko baimenik, eta bihartik aurrera debekatua izango dutela hori egitea. «Gaur bai, ordea».
KASeko kideek Irutxuloko Hitza-ri adierazi diotenez, lau urte daramate afariak ematen, era Donostiako Udala jakitun zen —besteak beste, haiekin bildu izan direlako—. Horregatik uste dute udalak «baimen tazitua» emana zuela. Bihar 18:00etan prentsaurrekoa egingo dute KASekoek Egian.
Astelehenean, afariak partitzen dituzten leku berean, Egia auzoan, elkarretaratze bat egin zuten herritar batzuek, «segurtasun» eske, eta PPko zinegotziek parte hartu zuten. Are, Irutxuloko Hitza-k zabaldutako bideo batean, PPko zinegotzietako bat ageri da protestaren lehen lerroan, afariak ematen dituen kolektiboko kideren bati errieta egiten.
Ikusi gehiago
Donostian jarrera arrazistak ugaritzen ari direla salatu dute hainbat eragilek
Migratzaileak dira afariak banatzen dizkietenetako asko. Egian elkartzeko deialdi anonimo bat zabaldu zen aurreko egunetan, sare sozialetan, gaztelaniaz, «segurtasun» eske. Sare sozialetako kontu horietatik kalean bizi diren magrebtarren kontrako kanpainak hauspotzen ari dira azken hilabeteetan.
Irutxuloko Hitza-k gogora ekarri duenez, bestalde, Donostiako Alderdi Popularrak iazko azaroan eskatu zuen afari solidarioak debekatzeko; bakarrik gelditu zen osoko bilkurako bozketan. Orain, ordea, udalak jaramon egin diola dirudi.
Astelehenean, bi aldekoen artean tentsio handia sortu zen, eta ertzainak sartu ziren bi taldeak bereiztera. KASeko kideei «oxala zu ere uzkitik bortxatzea», «joan zaitezte popatik hartzera», eta halako irainak egin zizkieten; KASekoen aldean zegoen norbaitek «arrazista zikinak» oihu egin zien, eta orduan ertzainak harengana joan ziren.
Hiru gazte atxiki zituzten lurrean, baina ez zituzten atxilotu. Gaur jakinarazi dute guztira sei identifikatu zituztela; lau desordena publikoak eragiteagatik, eta bi Poliziaren jarduna oztopatzeagatik.
Migratzaileen kontrako sare sozial horietan iragarri dute astelehenero egingo dituztela elkarretaratzeak, KASek afariak banatzen dituen ordu eta leku berean.
Asteleheneko gertakarien ondotik, KASek ohar bat zabaldu du, eta argi utzi du afariak banatzen segitzeko asmoa duela. Han, euren jarduna azaltzeaz gain, elkarretaratzea deitu zutenek eurak desagerrarazi nahi dituztela salatu dute, eta segurtasuna faltaren ardura eurei egotzi izana ere gaitzetsi dute.
Etorkinak kanpora
Donostiako 35 eragilek joan den abuztuaren 7an ohartarazi zuten jarrera arrazistak gora egiten ari direla Donostian. «Martutene auzoko bizilagun batzuek etorkinak jipoitzeko taldeak sortu dituzte», azaldu zuten orduan: «Segurtasun pribatuko langileek, udaltzainek zein ertzainek modu arbitrario bezain sistematikoan etorkinak jipoitu eta identifikatzen dituzte, eta lapurreta egiten diete; zenbait komertziotan sartzeko betoak orokortu dira; margoketa faxistak ikusten dira hiriko hainbat txokotan; eta Telegram eta Instagram sare sozialetako zenbait kontu pertsona arrazializatuen aurpegiak argitaratzen ari dira, biolentziarako deiak eginez».
Donostian bakarrik ez, inguruko herri batzuetan ere agertu dira migratzaileen aurkako mezuak: irail bukaeran, esaterako, Etorkinak kanpora idatzita eta lauburu batzuk margotuta zituzten pankarta batzuk agertu ziren Hernanin.
(Puede haber caducado)