Geure herrian bizitzeko eskubidea

Berria, Pako Sudupe, 22-10-2024

Ertz ugari eta arantza askotarikoak dituen gaia da hau, eta artikulu labur honetan, funtsean, ideia bakar hauxe azpimarratu nahi nuke: euskaldun gisa, lehenesten dut gutako bakoitzak geure herrian bizitzeko dugun eskubidea, norberak nahi duen herrian bizitzeko duen eskubidearen aurretik. Munduko herrialde populatuena den Indiakoa banintz, edo bigarren populatuena den Txinakoa, agian, nonahi bizitzearen alde egongo nintzateke, baina herri ttiki batekoa naiz.

Jadanik badira hiru hamarkada boteretsuenek –multinazional zuzendariek, gobernu indartsuenek eta lobby garrantzizkoenek, oro har– politika antinatalistak eta immigrazioaren aldekoak bultzatzen dituztela, funtsean, salgaiak merke lortzeko eta haien salmentarekin mozkin handiak ateratzeko. Multinazional eta enpresari handiak, erabat harturik, immigrazioaren alde!

Geu ere, boteretsuak ez garenok, maila batean, migrazioaren onuradun izan ohi gara. Esaterako, eraikin berrikuntzak sarri askotan gizon errumaniar eta portugesek egin ohi dituzte bertako gutxi batzuekin batean; adineko ajeatuen zaintza, batez ere, hispanoamerikar emakumeek egiten dute –nikaraguarrak hamar mila inguru ba omen dira horretan ari direnak–, eta beste hainbat lan itsusi, bertakook nahi ez ditugunak. Kalteak ere jasaten ditugu; baina ez dugun apenas gisa horretako informaziorik jasotzen; eskuin eta ezkerreko ideologiek estaltzen dituzte datuok euskal hedabideetan, eskuin muturreko ahoberokeriak gorabehera.

Gauza jakina da euskaldunok ere migratzaile izan garela azken bi mendeetan. Batetik, XIX. eta XX. mendeetako gerrak zirela eta; bestetik, baserrietan ume asko izaten zirelarik, baserria maiorazkoari utzi behar zitzaiolako osorik… Bereziki bizkaitar eta baxenabartar eta zuberotarrak XIX. eta XX. mendearen zati handi batean migratzaileak izan dira, Ameriketara eta Australiara, eta Parisera eta Madrilera, eta beste hainbat lekutara. Eta orduan, Ameriketako Far West, edo Argentina-Uruguai eta Australia-eta, oso ere urrun zeuden, eta gehienetan neke eta estualdi gorriak pasatu behar izan zituzten hara heltzeko eta han lan egiteko. Ipar Amerikako mendebaldean, kasu, koiote eta pumen erasoetatik babestu behar zituzten ardiak; kriskitin-sugeak ere baziren; muturreko eguraldia, bestetik: sekulako beroak eta hotzak. Bakardadea ere etsai gogorra zuten. Artzainek ganadu-zale cowboy-ekin liskarrak izaten zituzten. Eta etorkinak, gutxi edo gehiago, beti pairatu behar izan du xenofobia: Far West-en, dirtybascos eta black bascos deitu izan zieten euskal artzainei. Alde batera, beraz, egungo migratzaileek pairatzen dituztenen antzekoak, diferentzia historikoak alde batera.

Alabaina, hizkuntzari dagokionez, emigratzen zuen euskaldunak bazekien lehenago edo beranduago joandako tokiko hizkuntza ikasi beharra zeukala. Esaterako, Argentinara Espainiako gaztelerarik jakiteke joaten ziren batzuk: vos, che, ustedes-ka etortzen ziren, eta hemengoek barre egiten zieten. Pello Mari Otaño bertsolari famatua hiru aldiz joan zen Ameriketara eta han hil zen. Ez dakit hango kutsuz mintzatzen zen gaztelaniaz, baina gaztelaniaz idazten ere ikasi zuela bai, haren gutunak lekuko. Jeneralean, bigarren belaunaldiak galdu egiten zuen euskara, eta hirugarren belaunaldian, batzuek berreskuratu dute.

Gurera, Espainiatik 1950etik 1970era etorritako laurehun bat mila etorkinetako askok, aldiz, ez zuten ideia hori ekarri, eta ez dute ikasi hainbat arrazoirengatik; beraz, ezin dira gure emigrazioa eta izan dugun immigrazioa berdindu, arlo linguistiko-kulturaletik behinik behin. Ez eta egungo immigrazioa ere, askok bai baitakite gaztelaniaz. Mende-bueltan hasita gaurdaino Hego Euskal Herrira etorritako atzerritarrak 400.000tik gora dira jadanik, eta emari horrek ez du etenik.

Bestalde, Europan oro har, eta gurean bereziki, ume gutxiegi jaiotzen den bezala –instituzioek laguntza gutxiegi eman dute azken urteetan–, Afrikan eta Asian-eta gehiegi jaiotzen dira guztiek bizitza duin bat izateko –gerra ugari ere badago– eta hango gobernuek-eta ez dituzte politika kultural egokiak abian jartzen; horren ondorioz, askok erabakitzen dute, bizia arriskuan jarriz, euren jaioterrietatik migratzea nola edo hala, ondorio tragikoekin. Miresten ditut migratzaileen elkarteetan engaiatzen direnak baina ez horren inguruan maiz sortzen den hipokrisia. Zein jatorrak garen azaltzeko zenbat teatro egiten dugun! Garbi dago herri txikia garela eta ezin dugula munduko miseria suntsiarazi.

Migrazioak, lehenik, zailtasun eta gabezia ugari ekartzen dizkie migratzaileei. Beti da zaila egokitzapena, bereziki ekonomikoki behartsua bazara, gehientsuenak diren bezala. Eta, halaber, arazoak sortzen dizkiete estatu sendoa duten herrialdeei ere, eta, jakina, gurea bezala herri zatikatu eta erabakimen gutxikoari are gehiago. Lehenik eta behin, migratzaileak garbi ikusten du hemengo hizkuntza nagusia zein den, eta zein ikasi behar duen lehentasunez. Haien seme-alabek zer egingo duten ikusteke dago, baina haiengan ere ezin dugu esperantza handirik izan, gurasoak erdaldun sozializaturik.

Euskaldun iraun nahi badugu, lehenik, erabakimen politiko gehiago behar dugu noski, eta hizkuntza-politika eraginkorragoak eta herritarron babesa eta erresistentzia, eta, politika natalistak. Asko baino lehen, komunitate gutxiagotua izatetik hondartxo bat baino ez izatera iritsi nahi ez badugu, gutako bakoitzak geure herrian bizitzeko dugun eskubidea bermatzeari eman behar diogu lehentasuna, eta horixe galdegin politikari euskaltzale-abertzaleei.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)