Espainiak etorkinak jakinarazi gabe bidaltzea salatu du Generalitateak

Aste batean 100 etorkinetik gora iritsi dira Kataluniara; hasieran GKEek laguntzen diete bertara egokitzen

Berria, 26-08-2006

a.a.

Pertsonen eskubideak defendatzeaz arduratzen da Sindic de Greuges erakundea, eta Laura Diaz bertako presidentearen albokoa da. Instituzioak ikerketa bat hasi du Espainiako Gobernuak Kataluniara ezer esan gabe bidalitako etorkinen inguruan.

Zer egiten da Kataluniara iristen diren immigranteekin?

Kanariar Uharteetatik lekualdatze sistemaren ondorioz iristen direnen kasua edo besteena ezberdina da. Adostutako protokolo bat daukagu. Gobernuz kanpoko erakundeak arduratzen dira egun batzuetan etorkinez. Iristen diren hirian kokatzen dituzte eta hirira egokitzen laguntzen diete. Ezagutzen dituztenekin harremanetan jartzen dituzte. Ez badute inor ezagutzen, gizarte zerbitzuekin jartzen dituzte harremanetan.

Normalean zein egoeratan iristen dira ?

Normalean, etsita iristen dira. Finean, bidaia luze – luze baten ondoren iristen dira, bizia jokoan jarri dute… Ailegatzen diren gizartea erabat ezezaguna da haientzat. Ez dakite hizkuntza. Ahul iristen dira. Horregatik da oso garrantzitsua hiri batera heltzen direnean gutxieneko azalpenak emango dizkien norbait izatea. Baita hasierako gauzetan lagunduko dituen norbait izatea ere.

Hasieran hartzen dituzten erakunde horietan gehienez 15 egun egon daitezke, ezta?

Bai, nahikoa denbora haien ezagunekin, senideekin, lagunekin edo zerbitzu sozialekin harremanetan jartzeko. Hala ere, erakundearekin igarotzen duten denbora bakoitzaren araberakoa da. Batzuk berehala jartzen dira ezagunekin harremanetan eta hamabost egun baino lehenago alde egiten dute.

Zer egiten dute erakundeek etorkinei gizarteratzen laguntzeko?

Gizartearen, agintari publikoen eta etorkinen lana da gizarteratzea lortzea. Erakundeek immigranteak jasotzen dituzten hamabost egunetan haien helburua ez da integratzea, egokitzea baizik. Hala ere, non dauden esaten diete, hirian zehar nola murgildu behar diren. Finean, mugitzeko beharrezkoak diren lau arauak azaltzen dizkiete.

Etorkin batzuek ez dute GKEekin harremanik. Zer gertatzen da horiekin?

Kasu horietan etorkinen esku dago gobernuz kanpoko erakundeekin harremanetan jartzea edo ez jartzea.

Azken egunetan lekualdatze sistemaren inguruan egon diren liskarren inguruan zer iritzi duzu?

Gobernuari ezer esan gabe bidali dituzte 47 etorkin. Honen gainean guk ikerketa bat abiatu dugu. Ikerketak bi helburu nagusi ditu: haiekin zer gertatu den eta zergatik ez zitzaion Generalitateari abisurik pasatu jakitea, batetik, eta, bestetik, lekualdatze sistemak zehazki nola funtzionatzen duen jakitea. Garrantzitsuena horrelakorik berriz ez gertatzea da. Sistema honek ongi funtzionatzen duen jakin nahi dugu, aldaketak egin ahal izateko.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)