Albaniara bidalitako migranteak Italiara itzultzeko agindu du Erromako auzitegi batek
Auzitegi horrek argudiatu du hamasei migranteen jaioterriak ez direla «seguruak»; Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren ebazpen baten arabera, «herrialde seguru batetik» iristen diren migratzaileak soilik eraman ahalko dituzte Albaniara.
Berria, , 21-10-2024Asteon Albaniara eramandako migratzaile guztiak «berehala» Italiara itzultzeko agindu du Erromako Auzitegiak. Ebazpenaren arabera, Albaniara eraman dituzten migranteen jatorrizko herrialdeak, Bangladesh eta Egipto, ez dira «herrialde seguruak», eta, EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak Italiako eta Albaniako akordioaren inguruan emandako ebazpen batek zehazten duenez, herrialde seguruetatik datozen migranteak soilik eraman ahal dituzte Albanian eraikitako migratzaileentzako zentroetara.
Italiako hainbat hedabidek hango iturri ofizialak aipatuz kaleratu dutenez, bihar goizean bertan eramango dituzte migratzaileak Italiara, eta han gelditu beharko dute, beren asilo eskaeren erantzunak jaso arte behintzat. Herenegun iritsi zen Albaniara Italiatik bidalitako lehen migrante taldea: denera, hamasei pertsona. Halere, hamasei migrante horietatik lau egun horretan bertan itzuli zituzten Italiara; horietako bi adingabeak zirelako, eta beste biak «oso egoera zaurgarrian» zeudelako.
Albaniarekin adostutako akordiorako, jatorrizko herrialde seguruen zerrenda bat osatu zuen Italiako Gobernuak; denera, 22. Zerrenda horrek barne hartzen zituen, hain justu, Egipto eta Bangladesh. Akordioa onetsi eta aste batzuetara eman zuen EBko Justizia Auzitegiak herrialde seguruei buruzko ebazpena. Horren arabera, talde komunitariotik kanpoko ezein herrialde ezin da segurutzat jo, baldin eta «erabat arriskuz kanpo» ez baldin badago.
Georgia Meloni Italiako lehen ministroak eta haren alderdikideek ez dute begi onez ikusi Erromako Auzitegiaren erabakia. Hala adierazi du Italiako Anaiak alderdi ultraeskuindarrak, X sare sozialaren bidez: «Politikoki lerratutako magistratu batzuek erabaki dute ez dela jatorrizko herrialde segururik existitzen». Gobernuz kanpoko erakunde batzuek, ordea, txalotu egin dute ebazpena, hala nola Sea Watchek.
Italiako Barne ministro Matteo Piantedosik berretsi du Albaniarekin hitzartutako akordioak bere horretan jarraituko duela era batera edo bestera: «Aurrera egingo dugu helegiteeekin, baita ekimenarekin ere, 2026tik aurrera Italia Albanian egiten ari dena Europaren eskubide bilakatuko delako».
Dena den, auzitegien erabakiak dagoeneko izan du eraginik EB Europako Batasuneko beste estatu kide batzuetan, tartean Frantzia. Michel Barnier lehen ministroak jakinarazi du Parisek ez duela Italiarena bezalako egitasmo bat abian jarriko. «Arrazoi juridiko eta instituzionalak» aipatu ditu horretarako, eta zehaztu EBk edozein politika martxan jartzen duela ere «27en artean» egin behar duela.
(Puede haber caducado)