Eta ibili munduan

Berria, Laura Penagos Rodriguez, 18-10-2024

Maiatzeko igande batean arratsaldeko ordu bietan telefonoak jo zuen. «Laura, Laura», entzun nuen; ahizpa zen. Ahotsean bibrazio berezia zuen. Arraroa egin zitzaidanez ordu hartan deia jasotzea, izututa eta azkar erantzun nion. «Zer gertatu da? Dena ongi dago?». «Bai, bai, oso ongi, bideo deia egingo dugu? Gurasoen etxean nago eta gauza bat kontatu nahi dizugu», erantzun zidan. Segundo batzuk pentsakor geratu nintzen. «Bai, bai», erantzun nion. Eta bideoa egiten hasi ginen, familia osoa zegoen bilduta.

Berehala nabaritu nuen berri ederra zutela ezpain artean. Eta bai, halaxe zen. Berri on bat kontatu zidaten; aurten Gabonak pasatzera Euskal Herrira etortzea erabaki zutela eta abenduan bidaiatuko zutela. Kontuak ezustean harrapatu ninduen. «Hau da hau poza!». Eta poliki hasi ginen dena prestatzen; besteak beste, periploaren mapa bat turismoa egiteko, eta badakizue, giri gisa egiten ditugun gauza guztiak egiteko. Eta nola ez, gure familiak hona etortzeko paper asko egin behar ditu, eta, gainera, derrigorrezkoa da Poliziarekin carta de invitación delakoa kudeatzea. Nik baimena eskatu behar dut nire famila hona etortzeko, baina, horretaz gain, Poliziari baimena eskatu behar diot nire etxea haiei uzteko. Beraz, sistemak hainbeste babestu eta sustatzen duen propietate pribatuaren erabilera aske famatua ez da guretzat, noski, migrazioa egin dugunontzat, hara non! Kontua da, gure kasuan, familia, senideak edo lagunak legalki gonbidatzeko, gure etxeak dituen metro koadro eta gela kopurua jakinarazi behar zaiola Poliziari, eta haiek erabakitzen dute etxe hori egokia den ala ez gonbidatuak bertan egoteko; haien esku gelditzen da erabakia. Ikaragarria da kontua, haserregarria. Baina nola da posible? Ez da justua, baina, ongi ikusita, gure familiarekin gertatu dena garrantzi handirik gabeko pasadizoa besterik ez da. Ez dut pentsatu nahi ere migrazioarekin lotuta gertatzen diren benetako gauza larri eta beldurgarriak zein diren.

Horrela funtzionatzen baitu sistemak: suntsitu egiten du, birrindu egiten du, zatikatu egiten du, baztertu egiten du, kontrola izateko

Norbaitek ez badu argi oraindik, Europan, eta Euskal Herrian ere bai, sudaka, beltzaxka eta moroa izatea delitua da. Bai, delitua da, ilegalak gara eta. Ikusi besterik ez dago ze tratu ematen diguten Extranjería bulegoan, iraingarria da. Poliziak dira, bai, egia, zer espero dugu? Baina hemen arrazismo instituzionala nazkagarria da eta areagotzen ari da, sakontzen ari da. Egunero lege zentzugabeak asmatzen dituzte migratu egin duten pertsonak izorratzeko; dena zailtasunak dira, sabotajeak eta legeak, legeak, legeak, burokrazia, burokrazia, burokrazia. Boterea dute, monopolioa dute, nahi dutena egiten dute, berdin da zer, beren interesa gordetzeko, ez interes kolektiboa zaintzeko, ez. Gezur hutsa da. Beren estatusa ez galtzeko. Sistema higuingarria babesteko.

Funtzionarioek elikatzen dute sistemaren piztia amorfo eta artifiziala gure azal eta buruekin, gosea ez izateko. Francisco Goyak egindako Saturno bere seme bat irensten margolana etortzen zait beti burura. Horrela funtzionatzen baitu sistemak: suntsitu egiten du, birrindu egiten du, zatikatu egiten du, baztertu egiten du, kontrola izateko. Instituzioak enpresa deshumanizatuak dira eta, bai, haiek legalak dira.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)