Eskuin-muturraren igoera giza eskubideen mehatxu dela salatu dute Pobreziaren Aurkako Egunean

Eskuin-muturreko liderrak hainbat herrialdetan gailendu dira, Argentinan, Brasilen eta AEBetan kasu. Europan, lau diputatutik bat eskuin-muturrekoa da. Politika errepresiboen, faltsukerien eta gorrotoaren bidez, jendartean tentsioa eta polarizazioa sortzen ari direla gaitzetsi du Zero Pobreziak.

Gara, NAIZ, 18-10-2024

Pobreziaren eta Bazterkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da ostegun honetan. Horregatik, hiriko 14 erakunde eta mugimendu sozialek osatzen duten Donostiako Zero Pobrezia plataformak manifestua plazaratu eta jarduera batzuk antolatu ditu. Horien artean bertso saio bat, ostiral honetan, 19.00etan Donostiako Antiguako frontoian egingo dena, Maialen Lujanbio eta Unai Agirrerekin, Imanol Artola ‘Felix’ gai jartzaile dela.

Ohartarazi duenez, eskuin-muturra hedatzen ari da eta hori apurka gertatzeak ez du esan nahi kezkagarria ez denik. Are gehiago, nabarmendu du joera hori espainiar Estatuan agerikoa dela, baita Europan ere, non ekaineko azken hauteskundeen arabera, lau diputatutik bat jada eskuin-muturrekoa den.

Argentinan, Brasilen eta AEBetan ere eskuin-muturreko liderrak dira nagusi.

Azaldu dutenez, eskuin-muturreko taldeek ezaugarri amankomunak dituzte: «Populismoa, antifeminismoa, nazionalismoa, xenofobia, kontserbadurismoa, autoritarismoa eta pluralismoaren gaitzespenaren nahasketa. Gainera, defendatzen dituzten politikek hamarkada askoan giza eskubideetan, justizian eta elkartasunean lortutako aurrerapenak urratzen dituzte».

Halaber, gogoratu dute haien politika errepresiboek eta etnia zein erlijio taldeen kontrako gorroto diskurtsoek, baita sexu eta genero aniztasunaren aurkakoak ere, besteak beste, intolerantzia eta indarkeria giroa sustatzen dutela eta giza eskubideak sistematikoki urratzen dituztela.

Gaineratu dutenez, «haien argudioak normalean gezurretan eta faltsukerietan oinarritzen dira, eta tentsioak sortzen dituzte jendartean, baita herritarrak polarizatu ere. Jokabide horrek demokrazia arriskuan jartzen du, eta oso kaltegarria da gizarte kohesiorako».

Zero Pobrezia Donostiak azpimarratu du eskuin-muturraren gorakadak eragin negatiboak dituela pobreziaren eta desberdintasunen aurkako borrokan. Izan ere, austeritatea, pribatizazioa eta gizarte zerbitzuen murrizketak bultzatzen ditu. Horiek sektore ahulenak kaltetzeaz gain, aberatsen eta pobreen arteko arrakala handitzen dute.

Hori gutxi ez eta eskuin-muturreko indarrek «etnia eta arraza aniztasuna arbuiatzen dute, eta migratzaile edo errefuxiatuekiko mesfidantzan oinarritzen dira, horiei gizatasuna kentzen diete, eta gizarteko gaitz guztien errua egozten diete. Konponbide errazak proposatzen dituzte arazo konplexuetarako, kausak aintzat hartu gabe eta sakondu gabe». Azken batean, kolektiboaren ustez, «eskuin-muturraren gorakada munduan ekitatearentzat, justiziarentzat eta giza eskubideentzat mehatxu da».

Kale ekintza deigarria

Zero Pobrezia Donostiak kale ekintza deigarria egin du hiriko portuan, nazioarteko egun honi lotutako ekimenak aurkezteko, ‘Giza eskubide gehiago eta eskuin-mutur gutxiago’ lelopean. Ekintza horretan, plataformako kideek giza eskubideetan eragin negatiboa duten eskuin-muturreko egungo munduko liderren benetako diskurtsoak erakutsi dituzte, eta nabarmendu dute beharrezkoa dela mezu horiei giza eskubide gehiagorekin eta aniztasuna, errespetua, bizikidetza eta gizarte kohesioa bezalako balioekin aurre egitea.

Herritarrei desinformazioari eta buloei aurre egiteko tresnak ematea proposatu dute. Haurtzarotik trebetasunak garatzen eta tresnak eskuratzen laguntzea, pertsonek ongizate kolektiboaren, giza eskubideen eta justizia sozialaren aldeko kontzientzia kritikoa izan dezaten.

Beldurrari informazioarekin aurre egitea ere aldarrikatu dute. Jendartean barneratzen ari diren diskurtso estigmatizatzaile eta diskriminatzaileen arriskuaz eta eraginaz jabetzea. Pertsona guztien giza eskubideen alde mobilizatzera deitu, eta erakundeei eskubide horiek bermatzeko beharrezko neurriak har ditzatela exijitu diete. «Ezin dugu eskuin-muturra legitimotzat hartu, osasun-hesiak ezarri behar ditugu hura isolatzeko».

Nafarroako Gizarte Erakundeen Plataformako kideak, ostegun honetan Parlamentuan egindako agerraldian. (GIZARTE ERAKUNDEEN PLATAFORMA)
Nafarroako Gizarte Erakundeen Plataformako kideak, ostegun honetan Parlamentuan egindako agerraldian. (GIZARTE ERAKUNDEEN PLATAFORMA)
Nafarroako Parlamentuan

Nafarroako Parlamentuan, bestalde, Gizarte Erakundeen Plataforman bildutako 150 erakunde sozial baino gehiagoren ordezkariek politika publikoak garatzea aldarrikatu dute, pertsonarik zaurgarrienen egoera hobetzeko, Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako 2021-2030 Nafarroako Ituna ardatz hartuta.

«2024 honetan, geldirik dago itunaren jarraipena; horrenbestez, zuengana etorri garen honetan, esan beharra dago iaz baino ziurgabetasun gehiago daudela», adierazi dute.

Erran dutenez, munduko biztanleriaren %1 aberatsenak aberastasun handiagoa dauka biztanle guztien %95ek baino; 713 milioi pertsona muturreko pobrezian daude, eta 117 milioi pertsona baino gehiago daude indarrez desplazatuak. Nafarroan, herritarren %17,2 pobrezia arriskuan edota gizartean bazterturik gelditzeko arriskuan bizi dira; adibidez, desgaitasuna duten hiru pertsonatatik bat gizartean bazterturik gelditzeko arriskuan dago.

Arazoaren muinean pausatu dute begirada; izan ere, «azken bost urteetan, hazi egin dira mila milioidunak covidak eragindako krisiaz baliatuta eta, aldi berean, gerta liteke 1.000 milioi pertsonak beren elikadura ziurtatua ez izatea. Inoiz ez bezalako kopurua da».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)