Talaireoa

Migratzaileen aroa

Deia, Erramun Osa, 18-10-2024

Pasa den mendeko laurogeiko hamarkadaren hasieran, nire belaunaldiko gizonezko gazte ugarik ikasketak laga eta itsasora egin zuten, arrantzan egitera. Eta dirua egin ahala gastatzen zuten, neurririk gabe, tabernan eta bestelakoetan. Ordukoa da xanpaina merkaturatzen zuen marka ezagun batek Eusko Jaurlaritzara deitu zuenekoa esanez, xanpainaren kontsumoa kontuan hartuta, delako herri horrek estatistiketan azaltzen zen biztanle kopurua dezente gainditu behar zuela. Ez zegoen halakorik, baina horrenbestekoa zen afana eta harrokeria!

Gerora, gauzak zeharo aldatu ziren. Europako erakundeek mugak ezarri zituzten, arrantza murriztu zen, txalupa kopurua doitu eta abar. Hala berean, gazteek itsasoko beharra laga eta lehorrean lana topatzen ahalegindu ziren, erosoagoa eta finkotasun handiagoa eskaintzen zuelakoan… eta bertakoek lagatako hutsunea beste jende batek bete zuen, gehienak Afrikatik etorritakoak zirela. Egun, portu batzuetatik igarotzea baino ez da behar itsasontzi gehienetako tripulazioaren jatorriaz jabetzeko, eta, zenbaitetan, ez da lanik ez dagoelako, hemengo jendeak lan horiek egin nahi ez dituelako baizik.

Nago, gure artean, gero eta nabariagoa dela egituratzen ari den gizarte zatiketa, ezker-eskuin, pentsaera zeinahi dela iltzatzen ari dena. Batetik, zelanbait esatearren, hemengoek osatua, lanpostu eta bizi-baldintza onenen jabe direnak eta bestetik, kanpotik etorritakoak, gutariko hainbat langabezian egonik ere guk nahi ez ditugun lanak hartzera “behartutakoak”. Inguruabar horretan, atentzioa deitzen dit migratzaileekiko mezu “utilitarista” hori. Antza denez, behar ditugu, besteak beste, enpresetan lan egiteko jendea topatzea gero eta zailagoa delako, ostalaritzan, nagusien zaintzan eta abarretan beharrak ez direlako asebetetzen ari… Behar ditugu, bai, besteak beste, gure gizartean gero eta ardura gutxiago hartu nahi dugulako, izan nagusiena edota umeena, eta, gizarte honi eusteko ardura, migratzaileei bizkarreratu nahi diegulako.

Bitartean, herri-erakundeek deituriko lanpostu-deialdietara milaka lagun aurkezten dira, lanpostu-eskaintza baino dezente jende gehiago, eta, horien artean, gutxi dira berriki gure artera etorritakoak. Akaso, gehiago balira entzungo genuke guri lana kentzera datozela, laurogeiko hamarkadaren amaieran, lana eskastu eta krisia gainera etorri zitzaigunean, aldi batean, guk nahi ez genituen postuak betetzera etorri zirenei adierazi genien bezala. Beharbada, gizarte bezala gauzak, lehentasunak, ikusmoldea bera birpentsatu beharko genuke, zeregin guztiak balioan jarri eta, behar diren eran, aitortu. Horrek gizartea josten, ardurak eta eginbeharrak partekatzen lagunduko liguke. Aniztasunak lagundu ahal digulako munduan, gizartean, bizitzea beste era batera ikusten, pertsonen jatorria gorabehera.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)