Herbehereei islamofobiaz jokatzea egotzi diete Indian
Gara, 26-08-2006Amsterdamdik Bombayra zihoan hegazkin batean atxilotutako hamabi indiar musulmanak «Mendebaldeko arrazakeriaren» biktima izan zirela uste dute Indian. Poliziak itaundu ostean, aske utzi zituzten hamabi gizonak. Ezbeharrak kritika gogorrak eragin ditu Indian. Hango Gobernuak Herbehereek New Delhin duten enbaxadoreari azalpenak eskatu dizkie.
NEW DELHI
Hegaldietan atentatuak jasateko izuak Indiaren eta Herbehereen arteko tirabira diplomatikoa eragin du. Joan den asteazkenean, Amsterdamdik (Herbehereak) Bombayra (India) zihoan hegazkin bat aireportura itzularazi zuten eta hamabi bidaiari atxilotu zituzten «terroristak» izan zitezkeelakoan. Hamabiak indiarrak ziren eta hamabiak ere musulmanak.
Hogeita hamar ordu Poliziaren esku egon ostean, aske utzi zituzten, kargu barik. Atxilotuen familiak «xenofobo» izateagatik akusatu zituzten Herbehereetako agintariak, indiarrak musulmanen usadioen arabera jantzita zihoazelako.
Indiako Gobernuak protesta formala egin zuen atzo. Herbehereek New Delhin duten enbaxadore Eric Nieheri deitu zion azalpen eske. Indiako diplomaziaren iturrien arabera, Herbehereetako agintariek «modu desegokian» jokatu zuten «inoiz gertatu behar izan ez zuen gertakizunean». Niehek barkamena eskatu zuen, baina musulmanak izateagatik atxilotu zituztenik ukatu zuen. Herbehereetako enbaxadoreak argudiatu zuenez, hegaldian sakelako telefonoekin eta ordenagailuekin aritu ziren hegaldietako langileen aginduei jaramon egin barik.
Atxilotutakoak gizonezkoak ziren, bizarra zeukaten eta urdu hizkuntzan egiten zuten berba. Indiako hedabideen eta zenbait alderdi politikoren arabera, Mendebaldeak musulmanei buruz dituen aurreiritzien biktima izan ziren gizonezkoak. Iritzi berekoak dira atxilotuen familiakoak. «Musulmanak garelako terroristak al gara?», galdetu zuen atxilotutako baten aitak. Horretaz gain, hegazkinaren barruan zihoan bidaiari holandar batek ere tratu txarren berri eman zuen. «Txakurren moduan tratatu zituzten», esan zuen Antunius Slotboomek.
(Puede haber caducado)