Mezu «arrazistak, klasistak eta matxistak» egin dituen irakaslea kanporatzeko eskatu diote ikasleek EHUri

Protesta egin dute gaur, Leioako Zuzenbide Fakultatean; irakasle faxista bat «babesten» aritzea egotzi diote EHUri.

Berria, Arantxa Iraola, 01-10-2024

EHUko irakasle batek sare sozialetan zabaldutako mezu «arrazistak, klasistak, matxistak eta misoginoak» salatzeko protesta bat egin dute gaur Leioan (Bizkaia), Zuzenbide Fakultatean, eta unibertsitateko buruei eskatu diete «berehalakoan» kaleratzeko unibertsitatetik. Zuzenbide Fakultateko ikasle asanbladak elkarretaratzerako deia egina zuen gaurko, 11:00etan, eta Ernaik eta Ikasle Abertzaleak taldeak babestu dute. Jendetsua izan da.

EHUko segurtasun langileek lagunduta atera behar izan zuen lehengo astean irakasle horrek berak ikasgelatik; izan ere, sare sozialetan idatziak zituen mezuek asaldaturik, ikasle talde batek protesta egin zuen haren aurka.

Elkarretaratzean, ikasleek onartu dute egindako «presioari esker» utzi behar izan zuela irakasleak bertan behera bere eskola ordua: «Campusetik irtetera behartu genuen». Defendatu egin dute jokabidea: «Izan ere, unibertsitateak arrazoizko eta garapen askerako espazioa izan behar du, eta inondik inora ere ezin ditu onartu kolektibo zaurgarrien aurkako, langile klasearen aurkako edota emakumeen aurkako jarrerak eta ideiak zabaltzen dituzten faxistak».

EHUko errektoretzaren jarrera salatu dute. Batetik, ez zaie ondo iruditu hark idatzitako mezuen «jakitun» izan arren irakasleari eskolak ematen utzi izana. Bestetik, ikasleak haserre daude irakasleak unibertsitatean jarraitzen duelako oraindik.

EHUk esan du ikertu egingo dituela irakaslearen iruzkinak, eta onartu du akaso irakasleak sare sozialetan idatzitakoa «bateraezina» dela unibertsitatearen kode etikoarekin. Orain arte haren kontra jakinarazi duten neurri bakarra behin-behinekoa da. Bertan behera utzi dituzte irakasle haren aste honetako eskolak: astelehenetan eta ostiraletan ematen ditu, eta asteon, behintzat, ez du eskolarik emango. Hortik aurrerakorik ez dute erabaki oraindik.

Baina hori ez da nahikoa gaur protestan batu diren ikasleentzat, eta kritika egin diete unibertsitateko buruei: «Egin dituzten adierazpen bakarrak ikasleon aurkakoak izan dira. Lotsagarria da EHUren hipokrisia: errespetuaz eta tolerantziaz hitz egiten dute faxista bat babesten ari diren heinean». EHUk ostiralean jakinarazi zuen irakaslearen iruzkinak aztertzeko asmoa, prentsa ohar baten bidez. Ohar horretan bertan, ikasleek irakasle horren kontra erakutsi zuten «bortxa» salatu zuen, eta esan zuen portaera «onartezina» izan zela. «Irmo» gaitzetsi zuen gertatutakoa.

Ostegunean
Joan den ostegunean hasi ziren ikasleen protestak. Ernaiko kide batzuek irakasle horren bulegoko atea margotu zuten. Ernaik jakinarazi zuen ikasturte honetarako «irakasle faxista bat» kontratatu duela EHUk. Gazte mugimendu horrek eman zuen irakasleak idatziriko mezuen berri. Faxismoaren gorakadarekin lotu zuten haren jarrera: «Ez dugu jarrera erreakzionariorik onartuko».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)