Albora begira
Berria, , 30-09-2024Giza laguntza garraiatzen duten kamioiak ezin dira Gazan sartu. Israeleko armada ez bada, bertako kolonoak dira bidea oztopatzen dutenak. Bonbaz hiltzen ez dituzten palestinarrak gosez hil daitezela nahi dute. Hori bai demokrazia eredugarria! Bitartean, kamioiak sartzen hasi dira Palestinako lurraldera. Barruan ez dago janaririk ez esperantzarik: gorpuak daude. Bahituak izan dituzten palestinarren gorpuak itzultzen dituzte haien sorterrira. Asko deskonposatzen hasita, inork ez identifikatzeko moduan.
Bitartean, zure, nire, gure komunikabideetan arabiarren kontrako gurutzadak ez du etenik. Ez dut nik esango arabiar guztiak santuak direnik, baina hamarkada bi baino gehiago dira haiekiko arrazakeria barruraino sartu digutela. Haiena da munduko gerra guztien errua, haiena da fanatismoa, haiek dira emakumeak zapaltzen dituztenak… Eta haien kontrako genozidioaren aurrean, azkenean, munduak albora begiratzea erabaki du. Ordea, Israel da supremazista, nazia, arrazista, matxista, hiltzailea, bortxatzailea eta baita LGTBIQ+foboa ere.
(Puede haber caducado)