Mugak
Gara, , 30-09-2024Mugarik gabeko Europa geneukala saldu ziguten. Beste herrialdeetan ongietorriak ginela sinistarazi ziguten. Schengen espazioan libre ginela ikusarazi ziguten. Tamalez, hitzak baino ez ziren, eta argi ikusi da hori Alemaniak mugetan berriro kontrolak jarri dituenean. Ultraeskuinaren gorakadaren aurrean belaunikatu egin da Olaf Scholz kantzilerra eta sinesgarritasuna eman dio migratzaileak kriminalizatzen dituen diskurtsoari. Arriskutsua da Alemaniak egin duena, mugetako kontrolekin batera, aurrekari bat ezarri duelako. Eta susmoa daukat aurki Europako beste herrialde batzuek ere mugetako kontrola areagotuko dutela.
Ukrainako ilehori begi urdindunei segituan ireki zizkieten ateak. Afrikatik datozen azal ilundunei, ordea, etorkizun hobe baten ametsa kentzen diete. Zergatik, baina? Gerrak gerra dira toki guztietan, beldurra beldurra da pertsona guztientzat. Inork ez du bere herrialdea uzten nahi duelako. Inork ez du bere bizitza arriskuan jartzen kapritxo bat duelako.
Izututa nago ikusten ari naizen arrazismoarekin eta xenofobiarekin. Ohion dauden haitiarrek txakurrak eta katuak jaten dituztela bota du Donald Trumpek. Kanarietara iritsi diren afrikarrek aldean aihotzak eramaten dituztela asmatu du Voxek. Zentzuzko pertsona batek badaki gezurra dela hori, baina mota horretako diskurtsoek min handia egiten dute gizartean. Etengabe migratzaileen kontrako hitzak entzuteak beldurra eragiten du herritar batzuen artean. Etengabe migratzaileak kriminalak direla entzuteak susmoak hedatzen ditu herritar batzuen artean. Eta ez bakarrik ultraeskuinaren alde bozkatzen dutenen artean. Nire inguruan ere entzun ditut entzun nahi ez nituen komentario batzuk.
Ahaztu egin zaigu geu ere migratzaileak izan ginela. Artzain modura Estatu Batuetara joan zirenak, gerratik ihesi joan ziren umeak, erbesteratuta egon zirenak… Milaka izan dira Euskal Herritik alde egin dutenak eta inork ez zien aterik itxi. Kontuan izan behar genuke hori, ateak eta mugak itxi aurretik.
(Puede haber caducado)