Laster Kanarietako etorkinak hartzen hasiko da Jaurlaritza

Asilo politikoa eskatu dute Santurtzira iritsitako lau ezkutuko bidaiariek; hiruri ukatu egin diete

Berria, 25-08-2006

asier azpilikueta

Iruñea

Kanarietara txalupan ailegatzen diren etorkinak Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian ere hartuko dituzte, gutxi barru. Horretarako hitzarmena sinatu bezain laster, noski. Horixe adierazi zuen atzo Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak.

Bertze erkidegoetatik datozen etorkin adingabeak hartzeko eskumenak Eusko Jaurlaritzaren eta hiru foru diputazioen artean dituzte banatuak. Beraz, harrera hori egiteko erakunde horien arteko hitzarmena sinatu behar dute. Azkarateren hitzetan, oraindik ere badira xehetasun batzuk konpontzeke, baina laster sinatzea espero dute. Eta sinatu bezain laster hasiko dira etorkinak hartzen.

40 HARTU DITUZTE JADA NAFARROAN. Duela gutxi arte, etorkinak hartzeko zentro bat zegoen Erriberrin (Nafarroa), Afrika Etxea izenekoa. Edozein tokitako etorkinak hartzen zituzten han. Baina, azken urtean Saharaz hegoaldekoak bakarrik hartu dituzte, Kanarietara txalupan ailegatutakoak.

Ekainaren 30ean itxi zituen ateak Afrika Etxeak. Eta hurrengo egunean hartu zion lekukoa Gurutze Gorriak. Afrika Etxeak han eta hemen bilatu behar izaten zuen dirua, bere lanarekin aurrera segitu ahal izateko – hura izan zen zentroa ixteko arrazoietako bat – . Gurutze Gorriak, berriz, 80.000 euro jaso ditu, zuzenean, Nafarroako Gobernutik, urtea bukatu arte hilean hamar etorkin hartzeko, Iruñeko bi etxebizitzatan.

Hala bada, Afrika Etxean uztaila arte eta Iruñeko bi etxe horietan uztailetik, denetara, berrogei etorkin inguru hartu dituzte. Gogoratzekoa da Kanarietara 18.000 etorkin ailegatu direla azkenaldian.

EZKUTUKO BIDAIARIAK. Asteartean Afrikako ezkututako lau bidaiari iritsi ziren Santurtziko (Bizkaia) portura, eta asilo politikoa eskatu dute. Marshall Uharteetako bandera duen itsasontzi batean iritsi ziren Lisboatik eta Rotterdamera bidean zihoan. Ontziak matxura izan zuen, eta Santurtzin porturatu behar izan zuen.

Bidaiarietako hiruri eskaerak ukatu dizkiete Espainiako agintariek, «asilo politikoaren irudia barneratzen duen legearekin bat ez datozelako». Ezkutuko laugarren bidaiariari onartu egin diote eskaera, baina behin betiko erabakia hartu aurretik datuak aztertuko dituzte eta informazio gehiago bilduko dute, Espainiako Gobernuak Bizkaian duen Ordezkaritzak azaldu duenez.

Santurtziko portura iritsi bezain laster, ontziburuak Espainiako agintariei jakinarazi zien barruan ezkutuko lau bidaiari zeudela: bi Tanzaniakoak dira, beste bat Burundikoa, eta, laugarrena Kongokoa. Guztiak osasunez ondo daude. Gurutze Gorriak egunero egingo dizkie kontrolak itsasontzia Santurtzin dagoen artean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)