Ultraeskuina, geldiezin Alemanian

Eskuin muturrak bultzada handia izan du 2025eko hauteskunde federaletarako, Turingian eta Saxonian lortu dituen emaitzei esker. AfD alderdia faboritoa da gaur Brandenburgon egingo diren bozetan. Scholzek migrazio neurriak gogortuz erantzun dio gorakadari.

Berria, Gorka Berasategi Otamendi, 23-09-2024

Eskuin muturrak geroz eta babes handiagoa biltzen du Alemanian. Arrakasta izan du Turingia eta Saxonia landerretako bozetan, eta sendotzen ari da 2025eko irailean egitekoak diren hauteskunde federaletarako bidean. Bigarren Mundu Gerraz geroztik aurrenekoz, eskuin muturreko alderdi batek irabazi zituen Alemaniako lander bateko bozak, irailaren 1ean. AfD Alemaniarentzako Alternatiba Turingian nagusitu zen, eta bigarren indarra izan zen Saxonian, CDU Batasun Kristau-Demokratatik puntu bakarrera. Gaur izango dira Brandenburgoko estatu bozak, eta inkestek faboritotzat jotzen dute AfD. Gainerako indarrak ultraeskuinaren gorakadari erantzuten saiatzen ari dira, baina ez dute lortu haren hazkundea geldiaraztea.

Ikusi gehiago

«Alemania ekialdean sentsazioa dute mendebaldeak erabakitzen duela zer egin behar duten»
Turingia, Saxonia eta Brandenburgo Alemaniako Errepublika Demokatikoa (1949-1990) osatu zuten bost landerren parte dira, eta, hain, zuzen, lurralde komunista ohi horretan, herrialdearen ekialdean, lortu du eskuin muturrak gotortzea. Babes zabala du: botoen %20tik gora, bost landerretan. Datorren urteko hauteskunde federaletarako Alemania mendebaldean ere indartzea lortuko duen, hori da orain galdera nagusietako bat. Jauzi horren arriskuaz ohartarazi du Ralf Streck kazetari alemaniarrak. «Mendebaldeko egoera soziologikoa, kulturala eta ekonomikoa ekialdearen antzera jartzen bada, gauza bera ikusiko dugu, ala okerragoa», ohartarazi du.

AfDren jarraitzaile bat, ‘Bakearen alde, askatasunaren alde, bat gara’ dioen kamiseta batekin. CLEMENS BILAN / EFE
AfDren jarraitzaile bat, ‘Bakearen alde, askatasunaren alde, bat gara’ dioen kamiseta batekin. CLEMENS BILAN / EFE
Ezin ahaztu, ekialdean indar handiagoa duen arren, AfDk ordezkaritza duela lander guztietako parlamentuetan, eta 77 aulki dauzkala parlamentu federalean —ganberako ordezkarien hamarren bat—. Litekeena da ultraeskuinak lurralde osoan duen presentzia areagotzea 2025eko bozetan. Hauteskunde federalei begirako inkestek goranzko joeran kokatzen dute, parlamentuko bigarren indar bihurtzeraino, CDUren eta CSU Batasun Sozial Kristauaren arteko koaliziotik hamabost puntu ingurura.

Oraingoz, gobernatzeko ateak itxita dauzka AfDk, gainerako alderdiak konprometituta baitaude hari agintzen ez uztera. Babes hesi horrek eragotziko dio Turingian boterea eskuratzea, lehen indarra izan arren. Oraingoz, konpromiso hori «irmoa» da, Strecken iritziz, baina ez du uste etorkizunean mantenduko denik. «Hemendik gutxira Espainiako Estatuan gertatu den gauza bera gertatuko da. Lehenengo, AfDk CDUren gobernu bati bide emango dio salbuespen gisara; gero, pixkanaka, eskuin muturra gobernuetan normalizatuko dute, herrietatik hasita».

Kanpotik eragiten
Eskuin muturra ez da agintera iritsi, baina argi gelditu da Alemaniako agenda politikoan nabarmen eragiteko gaitasuna duela. Turingiako eta Saxoniako bozen bezperan, eta Solingengo atentatutik astebetera, migrazio politikak gogortuko zituela iragarri zuen Olaf Scholz kantzilerrak —besteak beste, 28 afganiar deportatu ditu Alemaniak—. Aste honetan, Alemaniak kontrol neurriak handitu ditu bere mugetan, dokumenturik gabeko migratzaileen sarrera apaltze aldera. Eskuin muturraren gorakadari galga jartzeko neurri bat, 2025eko hauteskundeak ortzi mugan direla.

Scholzen koalizio gobernuak —SPD alderdi sozialdemokratak, berdeek eta liberalek osatzen dute— migrazioarekiko hartu duen jarrera Angela Merkelen gobernu kontserbadorearena baino gogorragoa izaten ari da. Kantziler ohiak Siriako gerratik ihes egin zuten 1,5 milioi errefuxiatu hartu zituen 2015ean, bere alderdi barruko presioei men egin gabe. Ane Irazabal BERRIAko kolaboratzaile eta Berlindik berriemaile aritzen den kazetariaren hitzetan, erabaki «historikoa» izan zen hura. «Orduko errefuxiatuen gehiengoak lan kontratua eta bizitoki baimena du gaur egun».

«Mendebaldeko egoera soziologikoa, kulturala eta ekonomikoa ekialdekoaren antzera jartzen bada, gauza bera ikusiko dugu, ala okerragoa»

RALF STRECK

Kazetaria
Dena den, Irazabalek nabarmendu du Alemania eskulan kualifikatuaren beharrean zegoela, eta lehen errefuxiatu horiek «Siriako erdiko klasea» ordezkatzen zutela. «Milioi eta erdi errefuxiatu jaso ostean, akordio batera iritsi zen Turkiarekin, berriz ere mugak ixteko». Orain, harrigarriena da Scholzen gobernua ari dela «migrazioaren kontrako neurri gogorrenak hartzen», eskuin muturraren presioaren ondorioz. «Beste fase batean gaude».

Eskuin muturraren gorakada ez da kontu berria Alemanian. AfD alderdi euroeszeptiko modura sortu zen 2013an, unibertsitate giroan —akademiako adituak ziren kideetako asko—. Lehen urte horietan, haren diskurtsoaren ardatza zera izan zen, Europako Batasuneko kide zorpetuak erreskatatzearen kontrako mezuak. Baina pixkanaka aldatuz joan da haren izaera. Irazabalek nabarmendu du AfDk etekina ateratzen jakin duela azken krisietatik: errefuxiatuen krisia, 2015ean; COVID-19aren pandemia, 2020an eta 2021ean; eta Ukrainako gerra, 2022tik hona.

«Eskuin muturraren gorakada Europa osoan da kezkagarria, baina esango nuke guztien artean AfD dela alderdirik muturrekoena»

ANE IRAZABAL

Kazetaria
Ultraeskuinak errefuxiatuen iritsiera erabili du «atzerritarrak etsaitzat» jotzeko. Kanpotik joandakoak deskribatu ditu mehatxu gisa, bai Alemaniako herritarren ongizatearentzat, bai herrialdearen izaera kulturalarentzat eta bai elkarbizitzarentzat. Pandemia garaian, AfDk «ideia konspirazionistak eta negazionistak besarkatu zituen, betiere askatasunaren bandera altxatuz», eskubide murrizketak salatzeko. Ukrainako gerra hasi zenetik, berriz, Alemaniako «krisi ekonomikoa kapitalizatzen» ari da.

«Ukrainako gerraren lehen ondorioa krisi energetikoa izan zen, Alemaniako produkzio industrial guztia Errusiatik inportatzen zen gas merkean oinarrituta zegoelako. Krisi energetikoak inflazio handi bat eragin du, eta ekoizpen industriala moteltzea». Arazo ekonomikoek «beldurra» eragin dute herritarrengan. «Ezegonkortu egin du aldartea».

Ugaritu egin dira Ukrainari armak bidaltzen jarraitzea okerra dela uste dutenak —Alemania da Ukrainari arma gehien bidaltzen dizkioten estatuetan bigarrena, AEBen atzetik—, eta iritzi hori du «klase politikoaren zati handi batek» ere. AfD oso kritiko agertu da gobernuak Ukrainara bidaltzen duen laguntza militarrarekin eta Errusiari ezarritako zigor ekonomikoekin. Horren ordez, Scholzi eskatu dio Kieven eta Moskuren arteko irtenbide negoziatu bat bultzatu dezala, Ukrainari gerran jarraitzeko baliabideak erraztu gabe.

Gizon bat Ukrainako gerraren kontrako pankarta baten paretik pasatzen, Dresden hirian, Saxoniako estatu bozetako kanpainan. FILIP SINGER / EFE
Gizon bat Ukrainako gerraren kontrako AfDren pankarta baten paretik pasatzen, Dresden hirian, Saxoniako estatu bozetako kanpainan. FILIP SINGER / EFE
Erradikalizatzen
AfD sortu zenetik, alderdiak eratu eta moldatu duen diskurtso politikoa «gero eta erradikalagoa bihurtu da», Irazabalen esanetan. «Eskuin muturraren gorakada Europa osoan da kezkagarria, baina esango nuke guztien artean AfD dela alderdirik muturrekoena». Migratzaileen eta islamaren aurka zabaldu dituzten mezuak direla eta, Alemaniako zerbitzu sekretuek zaintzapean dituzte ultraeskuineko indarra eta haren gazte adarra, erakunde estremistak diren susmoagatik. Alderdiaren Turingiako buru Bjoern Hoecke, esaterako, bi aldiz zigortu dute Alemanian, nazien lelo bat erabiltzeagatik mitin politikoetan.

AfDren diskurtsoa Alemanian zenbait tabu apurtzen ari dela uste du Streckek. «Hizkuntzarekin jokatzen dute. Muturreraino eramaten dute, eta gero gelditu egiten dira. Baina beti eramaten dute muga pixka bat harago. Orain demokristauek edo sozialdemokratek defendatzen dituzten zenbait jarrera AfDk soilik babesten zituen duela bost urte».

Horren adibide gisa aipatu ditu migrazio politikak. «Orain, sozialdemokratek proposatzen dituzte lehen eskuin muturrak eskatzen zituen neurriak, argi utzi beharrean mugak ixteak ez duela ezertarako balio». Eskuin muturra bide horretatik geldiarazten saiatzea estrategia okerra da, kazetariaren iritziz. «Modu horretara, ultraeskuinak irabazi du jada. Jendeak pentsatzen du AfDk izan duela arrazoia hasieratik, eta besteek beren jokabidea zuzendu dutela. Eta halakoetan badakigu: jendeak nahiago du originala bozkatu, kopia baino».

Bjorn Hocke AfDren Turingiako burua, lander horretako hauteskunde kanpaina ekitaldi batean. CLEMENS BILAN / EFE
Bjorn Hocke AfDren Turingiako burua, lander horretako hauteskunde kanpainako ekitaldi batean. CLEMENS BILAN / EFE
Ultraeskuinaren gorakada are handiago bat galgatu du Die Linke ezkerreko alderdiaren zatiketa batetik jaio den alderdi berriak: Sahra Wagenknecht Aliantzak (BSW). Arlo ekonomikoan ezkerreko politikak proposatzen dituen arren, neurri kontserbadoreak babesten ditu beste arlo batzuetan. Esaterako, migrazioa mugatzeko politika zorrotzagoen aldekoa da, indarrean diren neurriek Alemaniako langileen egoerari kalte egiten diotela argudiatuta. Bestalde, BSW ere kritikoa da Ukrainari laguntza militarra ematearekin, eta Kieven eta Moskuren arteko su eten bat sustatzearen aldekoa da, gerra akordio politiko baten bidez amaitzeko. BSW hirugarren indarra izan da Turingian eta Saxonian, AfDren eta CDUren atzetik.

Nolanahi den ere, migratzaileen kontrako diskurtsoak indartuta atera dira Alemanian azken estatu hauteskundeetatik, eta inork ez du modurik aurkitu eskuin muturraren gorakada geldiarazteko. Ez da nahikoa ultraeskuina boteretik kanpo uzteko babes hesia. Ezta AfD estremismoagatik zaintzeko hartu diren neurriak ere. Eskuin muturrak agintarien kontrako haserre botoa erakartzen jarraitzen du, eta ez dirudi haren agenda politikoa erosteak gauzak hobetuko dituenik. Herritarren babesgabetasun sentsazioa arindu ezean, 2025eko bozetan beste koska bat gora egiteko bidean da AfD.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)