Bi hilabeteko blokeoaren ondoren, eskuinera lerratutako gobernu bat osatu dute Frantzian
Barnierrek proposatutako gobernuaren aurkako protestak izan dira herrialde osoan; Macron kargutik kentzeko aldarriak izan dira nagusi. Melenchonek berretsi du gobernuaren aurkako zentsura mozio bat aurkezteko asmoa duela.
Berria, , 23-09-2024Michel Barnier Frantziako lehen ministro izendatu berriak hiru aste behar izan ditu Emmanuel Macron Frantziako presidenteak irailaren 5ean eskatutakoa bete eta gobernu bat osatzeko. LR Errepublikanoak alderdiko politikariak macronisten eta eskuineko alderdien sostengua lortu du horretarako, eta hala jakinarazi du, gaur iluntzean, Eliseoko bozeramaile Alexis Kholerrek. Uztailaren 7an Asanblearako bozak egin eta bi hilabeteko blokeoa izan ondoren, eskuinera lerratutako gobernu bat osatu dute Frantzian.
Gobernu berriko pisu handieneko ministerioei dagokienez, LRko Bruno Retailleau izango da Barne ministroa —hortaz, hark izango du migrazioaren ardura ere—, Modemeko Jean-Noel Barrot Atzerrikoa eta Antoine Armand macronista Ekonomiakoa. Bestalde, zenbait macronistak aurreko agintaldian izandako karguei eutsiko diete, hala nola Sebastien Lecornu Defentsa ministroak. Etzi egingo dute ministroen lehenengo bilkura, 15:00etan.
Aukeraketa batzuek, ordea, barne ika-mikak eragin dituzte gobernuan parte hartuko duten talde parlamentarioetan, besteak beste MoDem alderdian, iritzita Barnierrek izendatutako zenbait ministro eskuin muturrekoak direla, hala nola Retailleau eta Laurence Garnier. Frantziako hedabideek azken egunetan kaleratutako informazioaren arabera, Barnierren asmoa zen Garnier Familia ministro izendatzea, eta horrek kritika ugari eragin zituen, sexu berekoen arteko ezkontzaren aurka baitago. Azkenean, Estatu idazkaria izango da.
Agintaldian gidalerro izango dituen lehentasunei dagokienez, frantziarren «bizi kalitatea» hobetu asmo duela jakinarazi du Barnierrek, lehen ministroaren bulegoak komunikatu baten bidez herenegun adierazi zuenez, eta, horretarako, saiatuko dela zerbitzu publikoen funtzionamendua hobetzen; batez ere, hezkuntzarena eta osasunarena. Horrez gain, aipatu du herritarren «segurtasuna bermatzea» izango dela erronka handienetako bat, eta horren atzetik azaldu du, hain justu, migrazioa «kontrolatzea» izango duela agintaldiko helburuen artean.
«Barnierrek ez dauka etorkizunik. Ez du gaindituko zentsura mozioa. Horra egia»
JEAN-LUC MELENCHON
Frantzia Intsumisoa alderdiko burua
Ezkerreko koalizioak birritan leporatu die bai Macroni bai Barnierri «demokraziaren aurkako kolpe bat» ematea, argudiatuta NFP Fronte Popular Berriak lortu zuela eserleku gehien iragan uztailaren 7ko Frantziako Asanblearako bozetan, eta, hortaz, koalizio horretako norbaitek izan behar lukeela lehen ministro. Antzeko kritika bat egin du gaur Frantzia Intsumisoa alderdiko eurodiputatu Manon Aubryk, Macroni egotzi baitio «estatu kolpe bat» ematea eta «ultraeskuinera» lerratzea: «Herrialdea gobernatzeko modurik onena bihurtu da bozak galtzea».
Hala, ekologisten eta ikasleen eta feministen mugimenduen sostenguarekin, mobilizazioak antolatu dituzte gaur herrialde osoan; milaka herritar atera dira kalera dozenaka hiritan, hala nola Parisen eta Bordelen. Macron kargutik kentzearen aldeko aldarriak izan dira nagusi. Ezkerraren kritiken harira, Yael Braun-Pivet Frantziako Asanbleako presidente macronistak esan du «oreka bermatzen» ahaleginduko dela.
Hurrengo erronka
Gobernua osatuta, Barnierrek lortu du Macronen eskaera betetzea, baina ez du irudi kabinete horrek «egonkortasuna» eta «batasuna» bermatuko dituenik Frantziako politikan. Izan ere, ezkerreko koalizioak esana du Barnierren gobernuaren aurkako zentsura mozio bat aurkezteko asmoa duela, eta ikusteko dago proba horri aurre egiteko nahikoa babes izango ote duen.
Frantzia Intsumisioko buru Jean-Luc Melenchonek asmo hori berretsi du gaur, alderdiak antolatutako protestetako batean, Marseillan, prentsari egindako adierazpenetan: «Barnierrek ez dauka etorkizunik. Haren patua da Frantziako Asanblean garaitua izatea, eta euren burua oposiziotzat daukatenek jarrera horri eusten badiote, ez du gaindituko zentsura mozioa. Horra egia».
Hain justu, zentsura mozio bat gainditzeko, gobernu osatu berriak RN Batasun Nazionalaren sostengua behar luke, eta, hain justu, pieza horixe falta du. Barnier lehen ministro izendatua izan ondoren, Marine Le Pen eskuin muturreko alderdiaren talde parlamentarioko buruak adierazi zuen prest zegoela hari aukera bat emateko; Barnierrek, ordea, aukera hori baztertu du zenbaitetan, argudiatuta bere politikek ez dutela zerikusirik RNk bultzatzen dituen horiekin. Dena den, atea ireki zion Le Penekin eztabaidatzeari, eta, aritmetikari erreparatuta, ziurrena da hori egin behar izatea.
(Puede haber caducado)