Alemaniak kontrolak areagotu ditu mugetan, migrazioari aurre egiteko

Herrialdearen muga guztietan egingo dituzte kontrolak; gobernuak dioenez, «segurtasuna» indartzeko.

Berria, Aitor Garmendia Etxeberria Aitor Garmendia Etxeberria, 17-09-2024

Alemaniako Gobernuaren aginduz, gaur kontrolak egiten hasi dira herrialdearen muga guztietan. Joan den urritik ari zen Alemaniako Polizia herrialdearen hegoaldeko eta ekialdeko pasabideak kontrolatzen; bada, gaurtik aurrera, muga guztietara zabaldu dute neurria. Barne Ministerioak joan den astean plazaratu zuen erabakia, argudiatuz «legez kanpoko migrazioa gehiago mugatzea» duela helburu; gutxienez sei hilabetez egongo da neurria indarrean.

Barne Ministerioak ohar batean adierazi zuen «legez kanpoko migrazioak» Alemaniari «zama globala» eragiten diola. Eta Nancy Faeser Barne ministroak xeheago azaldu zuen, joan den astean, zergatik jarri duten neurria indarrean: «Terrorismo islamistak eta mugaz gaindiko delinkuentziak eragiten dituzten arriskuetatik babesteko balioko digu. Ahal dugun guztia egiten ari gara gure herrialdeko biztanleak babesteko».

Auzoko herrialdeetan izan du oihartzuna Alemaniako Gobernuak onarturiko neurriak. Poloniako lehen ministro Donald Tuskek adierazi du Varsoviarentzat «onartezina» dela Alemaniak kontrol «zorrotzagoak» indarrean jartzea. Gainera, kaltetutako herrialdeetako agintariekin hitz egiteko prest agertu da. Bide beretik, Greziak eta Austriak ohartarazi dute ez dituztela hartuko Alemaniak onartzen ez dituen migranteak.

Alemanian migrazioaren gaia puri-purian dagoen honetan jarri dute neurria indarrean. AfD Alemaniarentzako Alternatiba eskuin muturreko alderdia indarra hartzen ari da, eta etengabe kritikatu dituzte Olaf Scholtz kantzilerraren gobernuaren migrazio politikak. Alemaniako agenda politikoaren erdigune bihurtu da migrazioaren gaia; are eta gehiago Solingeneko (Alemania) atentatu jihadistaren ostean. Herri horretan, joan den abuztuan, gizon batek 11 pertsona sastatu zituen labanaz, eta horietako hiru hil ziren; Estatu Islamikoak bere gain hartu zuen erasoa. Ordutik, Scholtzen koalizio gobernuak —SPDk, Berdeek eta liberalek osatua— zenbait neurri hartu ditu; tartean, 28 afganiar deportatzea. Halere, eskuin muturrak gobernua kritikatzen jarraitu du, eta, azken asteetan, AfDk emaitza bikainak lortu ditu Turingia eta Saxonia landerretako bozetan —lehen indarra izan da Turingian, eta bigarrena Saxonian—. Testuinguru horretan eta Brandenburgo landerreko hauteskundeen atarian erabaki du Scholtzen gobernuak herrialde osoko mugetara zabaltzea kontrolak.

Teorian, salbuespena
Alemaniarako Migraziorako Batzordeak ohar bat zabaldu zuen gobernuak neurriaren berri eman zuenean. Idatzi horretan adierazi zutenez, herrialdeko muga guztietan kontrolak jartzeak herrialdeko migrazio politiketan dagoen «populismo arriskutsua» irudikatzen du. Gainera, gehitu zutenez, «ezbaian» jartzen ditu asilorako eskubidea eta Europako Batasuneko asilo sistema.

Izan ere, Schengengo Itunak, herrialde sinatzaileen artean libre ibiltzea arautzen duenak, salbuespenezko neurritzat hartzen ditu mugetako kontrolak. Teorian, soilik egoera berezietan jar daitezke indarrean Schengen eremuaren barne mugetako kontrolak. Praktikan, ordea, Europako Batasuneko zortzi herrialdetan daude indarrean horrelakoak. Frantziak, esaterako, 2015eko eraso jihadisten ostean jarri zituen, eta hala jatraitzen dute. Alemaniako Barne ministroak esan zuen «muga nazionaletan kontrolak areagotu» behar direla «Europako Batasuneko kanpo mugak sendo babestea lortu bitartean». Iragan apirilean Europako Parlamentuak onartutako Migrazio eta Asilo Ituna aipatu zuen kanpo mugak babesteko tresna gisa; EBren migrazio politika gogortzeko akordio hori oraindik ez dago indarrean.

Bestalde, Schengen eremuan dagoen beste herrialde batek, Herbehereek, iragan astean adierazi zuten asilo erregimena zorroztu nahia, baita EBren migrazio arauditik ateratzeko asmoa ere.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)