Amsterdamera itzuli behar izan duen hegaldi bateko 12 bidaiari atxilotu dituzte

AEBetako Northwest Airlines konpainiako pilotuari kezka eragin zion bidaiari batzuen portaerak

Berria, 24-08-2006

erredakzioa

Amsterdamgo Schipol aireportura itzuli zen atzo hegazkin bat bertatik abiatu ostean. Antza, pilotuak berak hartu zuen erabakia, eta bi F-16 hegazkin militarrek lagunduta sartu zen berriro aireportuan. Abiatu eta berehala erabaki zuen atzera itzultzea, Alemaniako muga igaro eta berehala. Gertaeraren atzean dauden zioak ez daude oraindik batere argi. Nolanahi ere, hegazkina Schipolera iritsi eta berehala Poliziak hainbat bidaiari galdekatu zituen, eta, ondoren, hamabi lagun atxilotu zituzten.

Atxilotzeen zergatirik ez zuten argitu atzo Herbehereetako polizia iturriek. Hegazkin konpainiako bozeramaileek, berriz, bidaiari batzuek «kezka eragiteko moduko portaera» erakutsi zutela esan zuten, eta horregatik hartu zuela pilotuak atzera Amsterdamgo aireportura itzultzeko erabakia. Baina inolako xehetasunik ez zuten eman kezka eragin zuen portaera horren inguruan. Informazio gehiago emateak ikerketa eragotz zezakeela esan zuten alde guztiek.

Hegazkina AEB Ameriketako Estatu Batuetako Northwest Airlines hegazkin konpainiarena zen, eta, hain justu, AEBetan hasia zuen bidea, Minneapolisen. Helmuga, berriz, Indian zuen, Bombayn. Oraindik ere bide luzea geratzen zitzaion.

Hegazkin barruan denera 149 bidaiari zihoazela jakinarazi zuten. «Bidaiari batzuei lekuko gisara ari gatzaizkie galderak egiten; zer gertatu den argitzeko», azaldu zuen atzo polizien bozeramaile Rik Hirsek. Halaber, eskifaiako kideak ere galdekatu zituzten poliziek aireportuan, informazio osoagoa izate aldera.

Gertaera honen atzean ekintza terroristaren baten susmoa egon zitekeela pentsatu zen hasieran, baina Herbehereetako agintariek ez zuten inolako alerta neurririk indarrean jartzeko agindu, ez aireportuan, ez beste inon.

APARTEKO NEURRIRIK GABE. Poliziak gertaeraren urrats ororen berri eman zion terrorismoaren kontrako koordinatzaile nazionalari, baina hark neurri berezirik indarrean jartzeko premiarik ez zuen ikusi.

«Ikerketaren ondorioz» atxilotu dituztenen izenik ezin zutela argitu azaldu zuten, eta, halaber, auziari buruzko deus ere ezin zutela kontatu. Schipolgo aireportuak hegaldia «bertan behera» geratu zela azaldu zuen webgunean. Besterik ez.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)