«Berriz ez nuke hartuko txalupa»

Oso bidaia gogorra egin behar izan zuten Kanarietara txalupan joan zirenek. Orain, Iruñean, gustura dira, baina lanean hasteko irrikan daude, atzean utzitako familia lehenbailehen laguntzeko

Berria, 24-08-2006

A. A.

Iruñea

Bidaia ia osoa negarrez egin nuen», erran du Karamba Suwareh-ek. «Hamar egun itsasoan. Txalupa batean, bertze 64 pertsonarekin. Sekula ez nuen halakorik espero izanen. Nire bizia arriskuan zegoen eta edozein unetan hil nintekeen. Pentsamendu huraxe nuen neure buruan bueltaka, etengabe. Kanarietara denak bizirik ailegatu ginelarik, izugarri poztu nintzen. Bizia salbatua nuen».

Gambiakoa da Karamba Suwareh. Handik atera zen bera Kanarietara eraman zuen txalupa. Suwarehek 25 urte ditu. Gambian, Gurutze Gorriko boluntarioa zen, eta ez zuen ikusten han etorkizun handirik zuenik. Horregatik erabaki zuen txalupa hartzea. Baina bidaia oso «gogorra» eta «arriskutsua» izan zen. «Oso-oso». Txalupa izugarri mugitzen baitzen, zortzigarren egunean jatekoa eta edatekoa bukatu baitzitzaien. «Zer arraio ari naiz ni hemen», pentsatu zuen. Bi milioi euro emanda ere bidaia errepikatuko ez lukeela dio Suwarehek. «Inolaz ere ez».

Kanarietan, Gurutze Gorrikoek artatu zituzten Suwareh eta bidaideak. Suwarehek behin eta berriz eskertzen du jasotako laguntza. Hamazazpi egun geroago, hegazkin batean sartu, eta Madrilera eraman zituzten. Eta, handik, Iruñera, abuztuaren 2an. «Madrilen bertan erran ziguten Iruñera etorriko ginela», dio. «Orduan entzun nuen Iruñea izena lehenbizikoz».

Gambiatik Kanarietara joateagatik mila euro ordaindu behar izan zituen Suwarehek. Familiako guztiek lagundu zuten diru hori biltzen. Suwarehek bortz anai-arreba ditu. Gurasoak hil zitzaizkien. «Oso familia pobrea dut, eta nire laguntza behar du. Horregatik, hemengoa ongi egin behar dut, haien aita eta ama bainaiz».

Suwarehek badaki gauzak hemen ez direla errazak izanen. «Esplikatu dizkigute lana aurkitzearen inguruko arazo guztiak. Baina etorkizunak gauza asko ekarriko dizkidala uste dut. Aukera izanez gero, gustatuko litzaidake Gurutze Gorriarekin lan egitea. Jendea laguntzea maite dut. Jendea laguntzeko konpromisoa hartu nuen Gambian eta hemen ere gauza bera egin nahiko nuke. Baina prest nago bertze edozertan lan egiteko ere».

EDOZEIN LAN EGITEKO PREST. Gaztelania eskola bukatuta izan gara Suwarehekin. Gurutze Gorriaren egoitza nagusiko ikasgelaren arbelean, sukaldeko hainbat tresna margotuak dituzte, haien izena ondoan dutela. Ikasle gehienak medikuarengana joan dira, hainbat proba egitera. Suwarehekin batera, Alhagie Toure dago gelan, 30 urtekoa. Suwarehek baino askoz ere gutxiago hitz egiten du, lotsatuta edo.

Toure ere gambiarra da. Han enpresaburua zela dio. Bigarren eskuko arropa saltzen zuen, familiaren negozioan. Hango lana sobera ona ez zela dio. Eta horregatik etorri dela Europara. Anai-arreba gazteagoak ditu, eta bera izan da Europara etortzen lehena. Nahiz eta Gambian enpresaburua zen, hemen, edozein lan egiteko prest dago. «Iruñea polita da eta jendea oso atsegina. Eta hemen lanen bat lortzea badago, ongi. Baina, bestela, Bartzelonara joanen naiz, han lagun bat baitut».

Ikasgelan bada beste pertsona bat. Baina harekin ez dugu hitz egin. Ez daki ingelesez. Mandinkaz egiten du bakarrik. Beraz, ezin berarekin hitz egin. Suwarehek esplikatu du Gambian ingelesa dela «hizkuntza nagusia», baina badutela mandinka ere bai. «Familian mandinkaz egiten dugu», erran du. «Baina anaia bat eskolara doa eta harekin ingelesez egiten dut. Nahiago dut ingelesez egin. Ingelesez, munduko edozein tokitan hitz egiten ahal duzu. Mandinkaz, ez. Nik mandinkaz eginen banu, eta zuk euskaraz Gurutze Gorriko batek azaldu dio Suwarehi hizkuntza lokala ere badugula, ez genuke elkar ulertuko». Ezin ezetz erran halako esaldi bati.

«Kanarietara denak bizirik ailegatu ginelarik, izugarri poztu nintzen; bizia salbatu nuela pentsatu nuen»

karamba suwareh

gambiako etorkina

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)