Txalupan errealitaterako bidean

Kanarietara ailegatutako etorkinak hartuko dituzte Iruñean, abendua arte, hamar laguneko taldetan

Berria, 24-08-2006

asier azpilikueta

Iruñea

Hemen egoteko eta lan egiteko baimenik ez duten etorkinak kontratatu nahi dituztenak gero eta gutxiago dira. Isunek, kontrolek eta presioek izan dute eraginik. Eta, orain, modu irregularrean sartzen direnei askoz ere gehiago kostatzen zaie bide erregularrean sartzea. Horixe egungo errealitatea.

Kanariar Uharteetara txalupetan ailegatzen diren etorkin batzuk hartzeko programa du Nafarroako Gurutze Gorriak. Uztaila eta abendua bitartean hartuko dituzte: hilero, hamar etorkin, Iruñeko bi pisutan. Hilabetean, gaztelania eta gure gizartean aritzeko jokabideak irakasten dizkiete. Eta, batez ere, gizarteak emanen dien «zartakorako» prestatzen dituzte.

«Gurutze Gorrian badugu etorkinendako lan burtsa», esplikatu du Kontxi Igeak, Gizarte Ekintzen arduradunak. «Enpresaburuek hona deitzen dute, langile eske. Baina txalupan etorritako hauek ez ditugu sorrera bideratzen ahal, ez baitute inolako baimenik».

Hori etorkinei ongi azaltzen ote dieten, horra galdera. Eta Macarena Eseberrik abokatuak baietz dio. Programako arduraduna da. «Egoteko baimena zer den, lan egiteko baimena zer den, beren egoera arautzeko moduak zein diren… Gutxika-gutxika azaltzen diegu dena, ezin baitzaie guztia lehen egunean eman. Txalupako bidaia egin ondoren, gutxika esplikatu behar zaie nolakoa den errealitate gordina».

«ZARTAKOA» EZ OMEN DUTE HARTU, ORAINDIK. Igeak erran du etorkinek badakitela ez dutela erraza izanen. «Baina ez dut uste imajinatuko dutenik guk dakigun guztia. Etorkinek zera ikusten dute: zuk ni kontratatu nahi nauzu; beraz, zuk paperak emanen dizkidazu. Baina kontua ez da horrela. Eta nahiz eta hori behin eta berriz esplikatu, lehenbiziko zartakoa hartu arte ez dute benetan ikusiko».

Kanariar Uhartera txalupetan ailegatu zirenek oso bidaia gogorra eta arriskutsua izaten dute helmuga lortzeko. Gero, hainbat egun ematen dituzte harrera guneetan. Eta zorionekoak dira Iberiako Penintsulara eramaten dituztenak. Beraz, Eseberriren hitzetan, egunotan Iruñean direnek ez dute oraindik errealitatearen zartako hori jaso. «Hil batez, eskolak dohainik jasoko dituzte, eta pisu batean dohainik bizi izanen dira. Haien herrikide batek pisu batean hartu eta alokairua eskatzen dienean, orduan ohartuko dira. Orain ilusio handia dute, eta lan egiteko oso gogo handia. Orain, edozein lanpostutan, daukaten guztia emanen lukete».

Lan egiteko gogo hori azpimarratu du Igeak. «Bertze batzuk ez daude edonora lanera joateko prest, ez daude edozer gauzatan lan egiteko prest. Hauei berdin zaie prestakuntza nahikoa izatea ala ez. Motibazio handia dute. Beren burua garrantzitsutzat jotzen dute, familiari dirua bidaltzeko ardura dutelako. Lanari garrantzi handia ematen diote. Eta indar horrek mugitzen ditu aurrera».

URTEA BUKATU ARTEKO EKIMENA. Nafarroako Gobernuak Espainiako Gizarte Gaietarako Ministerioarekin sinatu duen hitzarmenak abendura arte iraunen du. Horren arabera, Kanarietara ailegatzen diren hamar etorkin hartuko ditu hilero Gurutze Gorriak. Iruñeko Udalak bi pisu eman ditu horretarako, eta Nafarroako Gobernuak 80.000 euro, hezitzaileen soldatak eta etorkinek behar izanen duten mantenua ordaintzeko.

«Urtea bukatzearekin bukatuko da programa hau», adierazi du Igeak. «Gero, auskalo zer gertatuko den. Gurutze Gorriak urteak daramatza etorkinak hartzen. Baina hauxe da Gobernuak sinatu duen lehen harrera. Eta Kanarietan sortu den arazoa nolabait arintzeko sortu da. Baina gehiago dira sartzen direnak atera daitezkeenak baino. Matematikak arazoa zailtzen du. Eta programa hauek ez dute arazo horrekin bukatuko. Eta oso kontu dramatikoa da hau, jende asko hiltzen baita».

Heriotza oso hurbiletik ikusi dute txalupa bidaia egin dutenek. Batzuetan, bidaideak hiltzen ikusi dituzte. Beraz, nahiz eta hartu dituen gizarteak lan egiteko ateak itxi, etorri berriak baikor dira. Horixe diote Seberrik eta Igeak. «Programa honetan hartu ditugunak, hilabete bakarrean, gizarte honen alderdi ona bertzerik ez dute ikusten», dio Igeak. «Beno, guk ere haien gauza onak bertzerik ez ditugu ikusten, hagitz ongi portatzen ari baitira hauek».

Uztaileko txandan Senegalgo etorkinak izan zituzten. Orain, Gambiakoak dituzte. Berez, hil bakoitzean hamar etorkin izan beharko lituzkete. Baina, benetan, ez da hain zehatza kontua, Igeak dioenez. «Hilabetea bukatu baino lehen, bertze nonbait zer edo zer aurkitzen badute, guk ezin ditugu hemen atxiki».

LANA DUTE BURUAN. «Lehen egunean, informazio bilera izaten dugu haiekin, funtzionamendua behar bezala esplikatzeko», erran du Seberrik. «Eta, lehenik eta behin, mapan kokatzen ditugu, non dauden jakin nahi baitute. Iruñean daudela erraten diegu, Nafarroan, iparraldean, Frantziako mugatik gertu. Haiei grazia handia egiten die Frantzia ondoan egoteak, oso urruti ikusten baitzuten. Baina, horretaz aparte, ez dago aukera handirik halako gauza gehiago azaltzeko». Atariko txirrinari nola erantzun, garbigailua nola erabili, denda batean nola eskatu. Halako gauzak irakasten dizkiete etorkinei. Eta bertzelako solasaldi guztiak haien egoerari buruzkoak eta lanari buruzkoak omen dira.

«Egunean egunekoa ikusten dute haiek», dio Igeak. «Berehala lanean hastea dute helburu, beren herrietara dirua lehenbailehen bidaltzeko. Hori da buruan duten bakarra. Eta guk azaldu behar diegu jendearen borondate onak ez duela luzaroan irauten. Ez dela gauza bera nahi izatea eta ahal izatea».

Iruñeko programa honetan dauden guztiak gizonezkoak dira. Eskolak astelehenetik ortziralera dituzte, eta asteburuan hainbat jarduera izaten dituzte, hala nola bidea egitea lortu duten etorkinekin hitz egitea.

Gaztelania eta gizartean aritzeko jokabideak irakasten dizkiete etorkinei, hilabete batez

Baimenak nola eskuratu eta beren egoera nola arautu; horri buruzkoak izaten dituzte solasaldi gehienak

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)