Etorkin bat torturatzea egotzi diete 11 udaltzaini Alacanten

Berria, 24-08-2006

erredakzioa

Alacanteko (Herrialde Katalanak) Torrevieja udalerrian 11 udaltzain atxilotu dituzte etorkinei torturak egitea egotzita. Sei libre daude ja, baina karguekin. Lau udaltzain atzo atxilotu zituzten, eta zazpi herenegun. Herenegun arratsaldean jarri zuen martxan operazioa Torreviejako 2. Instrukzio epaitegiko epaile Juana Lopezek. Atxilotuetako bat udaltzainen burua da.

Antza torturak orain bi hilabete eragin zituzten, ustez udaltzainetako baten etxean herritar aljeriar bat lapurretan harrapatu eta polizi – etxera eraman zuten segidan. Hark salatu zuenez, han eragin zizkioten tratu txarrak. Besteak bete, barea hautsi ziotela salatu zuen, eta hiru saihets ere bai. Barearen hausturaren ondorioz ebakuntza egin behar izan zioten.

Udaltzainak torturak eragitea, agiri publikoak faltsifikatzea eta delituei aurre ez egitea egotzita atxilotu dituzte. Operazioa Guardia Zibilak eraman du aurrera, eta ikerketak salaketaren berri izan eta berehala hasi zituzten. Besteak beste, udaltzainen polizia – etxeko bideoak eskatu zituen epaileak, eta, antza, horietan ikerketa aurrera eramateko zantzu ugari aurkitu ditu. Itxura denez, beste tratu txar batzuen inguruko zantzuak ere bazeuden lehendik udaltzain hauen gainean, eta, tartean hainbat salaketa ere bai. Antza, merkatariak estortsionatu dituzten susmoa ere badago.

Udalbatzar berezia egin zuen atzo Torreviejako udalbatzak auziari buruz mintzatzeko. «Lasaitasun» mezua helarazi zieten herritarrei eta benetan zer jazo zen argitu bitartean auziarekin «tentuz» jokatzeko eskatu zuten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)