Aita Mari ontziak 34 pertsona erreskatatu ditu, tartean adin txikiko hiru

Gara, GARA, 16-07-2024

Hamahirugarren aldiz ari da Aita Mari ontzia Erdiko Mediterraneoan erreskate lanak egiten, eta atzokoan jakinarazi zuen itsasoan arriskuan zeuden 34 pertsona migrante erreskatatu zituela, guztiak osasunez ongi. Horietako bi haurdun daude, eta hiru adin txikikoak dira.

Barkuaren jabea den Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEak (SMH, gaztelerazko siglatan) eman zituen erreskateari buruzko xehetasunak. Esan zuenez, atzo goizaldean Aita Marira ontziratu ziren 34 pertsonak Libiatik ihes eginda zeuden, eta Siriakoak dira gehienak, nahiz eta egiptoarrak, nigeriarrak eta bangladeshtarrak ere badiren taldean.

SMHk zehaztu zuen Italiako Gobernuak dartsena bat esleitu diela Ravennan, Adriatikoaren iparraldean, bidaiariak lehorreratu daitezen. Dena ondo bidean, ostiral gauean iritsiko da bertara atunketari zaharra.

HIRU ONTZI LIBIAR
Itsas Salbamendu Humanitarioak azaldu zuenez, migratzaileak salbatzeko lanak zailak izan ziren, erreskatearen unean oraindik gaua zelako eta «hiru ontzi libiar agertu zirelako eszenan, tripulatzaile batzuk kaputxadunak eta armatuak zituztela». Egoera horrek, gobernuz kanpoko erakundearen esanetan, «nahasmena» eragin zuen, eta pertsona batek bere burua uretara bota zuen. Hala ere, azkenean, hiru ontzi horietako tripulatzaileek «Aita Mari ontziari erreskatea egiten utzi zioten».

SMHk ohartarazi zuenez, azken aldian mafiak halakoak egiten hasi dira ontziak berreskuratzeko.

Prentsari igorritako ohar batean nabarmendu zuenez, «Europak finantzatutako Libiako kostazainek erraztu egin beharko lituzkete erreskate operazioak, eta ez, ordea, arriskuan jarri». Gainera, gogorarazi zuen kostaldeko herrialdeek derrigorrez egin behar dituztela erreskate operazio horiek.

«Europako gobernuei exijitzen diegu bide legal eta seguruak gaitu ditzaten Europan asiloa bilatzen ari direnentzat edo beren herrialdeetatik ateratzera behartuta daudenentzat», berretsi zuen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)