Maya Amrane eta Hilaria Vianeke: Eskutik helmuga berera, azal desberdinekoak diren arren

Arrazakeriaren aurkako eta feminismoaren aldeko ekintzaileak dira Maya Amrane eta Hilaria Vianeke. Bilbon bizi diren arren, sorterria Afrikan dute. Afrika, baina, ez da herri bakar bat, askotariko errealitateak biltzen dituen kontinentea baizik.

Berria, Mikel Garcia Martikorena, 15-07-2024

Bilboko La Sinsorga taberna eta gune feministak hamaika aurpegi ditu. Eraldatu aurretik emaztegaien soinekoen tailer bat zen, eta iragan horren hondarrak suma daitezke nonahi dauden manikietan. Antzinako etxeak gogorarazten dituen paper loredun zuri eta urdinak estaltzen ditu gela bateko paretak; eta, hortik metro gutxira, oihan bat dirudien komun bat dago, loroak eta zuhaitz tropikalak baititu paretetan. Elkarren artean lotura txikia dute guneek; aniztasuna bere horretan eraikin bakar batean irudikatua. Loreen gelan batu dira Maya Amrane (Aljer, 1972) eta Hilaria Vianeke (Huambo, Angola, 1986). Biak aniztasunaren —oraingoan pertsonen artekoa— aldeko eta arrazismoaren aurkako eragileak dira; feministak izateaz gain. Biek egin zuten alde euren herrialdetik, eta Bilbora iritsi, unibertsitateko ikasketak zirela medio. Aljeriako eta Angolako hiriburuen artean 7.403 kilometro daude, eta ez dira berdinak. Haientzat, helmuga dute ezaugarri komun bakarra: emakume eta gizonen arteko berdintasuna, azalaren koloreari erreparatu gabe.

Biok egiten duzue lan emakume arrazializatu eta migratzaileen eskubideen alde eta haien egoera hobetzeko. Zergatik erabaki zenuten lan horri ekitea?
MAYA AMRANE: Hasteko, konpromisoagatik. Parekotasunik ezak eta diskriminazioak egunerokotasunean ikusten ditudalako. Horiek sexuaren ardatzean —emakume naizen heinean— eta immigratzaile eta pertsona arrazializatuen ardatzetan eragiten didate. Gizartean dagoen arrazismoa begi bistakoa da. Horrek pertsona gisa interpelatzen zaitu, eta zure aletxoa jartzen saiatzen zara gauzek hobera egin dezaten.

HILARIA VIANEKE: Oso kritikoa izan naiz betidanik, eta bidegabekerien aurka aritu izan naiz. Nire ustez, aurreko bizitza batean euskal herritarra izan naiz, zeren hona heldu eta hasiera-hasieratik nire gisako emakume indartsuak topatu baititut. Horrek borrokarako leku bat eman zidan, Euskal Herriak eta bertan dauden mugimendu sozialek emakumeen eskubideen alde borrokatzera eraman naute; finean, pertsona izateko pertsonen eskubideen alde borrokatzera. Ezein pertsona ez egotea beste inoren gainetik eta pertsona oro eskutik joatea, haren sorterriari edota sexu harremanei erreparatu gabe; beti errespetuz eta tolerantziaz.

Afrikaren inguruan hitz egiterakoan, dena bat balitz legez hartzen da; edo, gehienez, bitan banatu: Afrika magrebtarra eta Afrika beltza. Zuen adibidea oso argia da: bakoitzak bere kultura, erlijioa eta hizkuntza ditu. Hala ere, berdindu egiten da dena. Zergatik egiten da homogeneizazio hori?
AMRANE: Arrazoiak askotarikoak dira. Lehenik, jendea nola informatzen den eta zer motatako iturrien bitartez. Bigarrenik, Afrikaren heterogeneotasuna lantzen duten hezkuntza programak falta dira, asko sinplifikatzen baita. Europa luze eta sakon azaltzen da, bere aniztasunean sakonduz. Hegoalde Globalaren herriei dagokienez, ordea, sinplifikatzera jotzen da.

Gainera, norbanakoak, agian, ez dira behar beste saiatzen pluraltasun hori ulertzen. Teknologia berriak jakinduriaren azalekotasuna hedatzen ari dira, baita arlo horretan ere.

VIANEKE: Homogeneizazio horren inguruan hausnartzea gustuko dut, normalean ez baita jorratzen. Nire ustez, Afrika ezezagun handi hori da. Angolakoa naizela esaten dudanean, askok ez dakite Afrikan dagoela ere. Gure sorterrian, ikasten dugu Europaz, Errusiako eta Frantziako iraultzez, holokaustoaz, Espainia [Francisco] Francoren pean zegoenekoaz, eta [Antonio de Oliveira] Salazarren Portugalez; eta, horren ostean, Latinoamerikaren inguruan ere bai. Gure hezkuntza sistema hala moduzkoa den arren, ikasleek DBH [Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza] bukatutakoan badakite mundu osoko herrialdeak kokatzen.

Beraz, homogeneizazio hori eurozentrismotik dator?
AMRANE: Arrazismoaren aurkako mugimenduetan asko hitz egiten da arrazismo epistemologikoaz: ezagutzarekin harreman estua du. Ezagutza hori partziala da, ikuspegi eurozentrikoa, zurizentrikoa, gailentzen delako. Zenbat film daude Erromatar Inperioaren inguruan? Zenbat Amerikako konkistaren —edo, hobeto esanda, okupazioaren— inguruan? Eta zenbat musulmanak Iberiar penintsulan egon ziren zazpi mendeen inguruan? Garai hartan Kordobako liburutegiak [Espainia] Europako beste liburutegi guztiek elkarrekin zituzten baino liburuki gehiago zituen. Zenbat filmek irudikatzen dute errealitate hori? Bakar batek ere ez.

Hori eurozentrismoaren errua da, Europa izan denaren eta gizarteari egin dizkion ekarpenen inguruko ikuspuntu bakarra helarazi baita.

VIANEKE: Nik, Maya, esan ohi dut Afrikarekin emakumeokin gertatzen denaren oso antzeko zerbait gertatzen dela. Historian gizarteari egin dizkiogun ekarpenak ikusezin bihurtzen saiatu dira gizonak, gu beste espezie bateko animaliak izango bagina legez. Afrikarekin antzekoa gertatzen da. Aurreneko unibertsitatea Magreben, Marokon, sortu zuten. Emakume batek, gainera! Nork daki hori Europan, ordea?

AMRANE: Hor hiru alderdi ditugu: emakumea, magrebtarra eta musulmana.

Nola eragiten du homogeneizazio horrek aldarrikapenak egiteko orduan?
VIANEKE: Ubuntu filosofia praktikatzeaz ari bagara, komunitate sentimendu bat izatearen eta elkarrekin aurrera egitearen garrantziaz, ondo dago. Panafrikanismoak hori defendatzen du. Baina, homogeneizazioan dena berdin ikusten bada, garapenak ezkutatzen dira. Jende askok ez daki, baina bizum-a Kenyako emakume batek asmatu zuen. Berdintze horrekin, ezkutatu egiten da Ruandak duela munduan emakumeen ehuneko handiena erakunde publikoetan. Datuen arabera, Ruanda indarkeria matxista gehien duen herrialdea da. Han ez dago herrialdeetan baino gehiago dago: sentsibilizazio maila oso handia da, eta dena erregistratuta uztea erabaki dute.

Hau da, homogeneizatu eta «denak gara berdinak» esatea erabakiko bagenu, ez genuke ulertuko zergatik Mayak, herrialde arabiar batean jaioa eta hezia bera, ez daraman burkarik eta unibertsitatera joateko gai izan den.

«Ubuntu filosofia praktikatzeaz ari bagara, komunitate sentimendu bat izatearen eta elkarrekin aurrera egitearen garrantziaz, ondo dago»
HILARIA VIANEKE

AMRANE: Emakume arrazializatuentzat kaltegarria da, denak aurreiritziekin eratutako multzo berean kokatzen gaituelako. Afrika beltzeko emakumeak hipersexualizaturik daude, eta denak prostitutak direla esaten da; eta, emakume magrebtarrei dagokigunez, otzanak garela, etxetik at bizitzarik ez dugula, gure senarraren pean bizi garela eta ikasketarik ez dugula. Irudi hori aldatzearren, gustatzen zait gogoraraztea Marokon unibertsitatera doazen ikasleen erdiak emakumeak direla —eta Aljerian, erdiak baino gehiago—. Beraz, Euskal Herrira emakume oso prestatuak heltzen dira; badirudi, ordea, errealitate hori ez dela ikusi nahi.

Euskal Herria arrazista da?
VIANEKE: Galdera horri beste zati bat gehitu behar zaio: Euskal Herria arrazista eta klasista da? Ez da gauza bera Iñaki zein Nico Williams izatea edo kalean eskumuturrekoak saltzen dituen Mamadou izatea. Edo gizarte prestazioak jaso behar dituen Antonio edo Joana. Alde batetik, dirudunak daude, inoren laguntzarik behar ez dutenak; eta, bestetik, bizirik irauteko laguntza behar dutenak. Azken horien aurka agertzen dira mugimendu asko, inbaditzaileak direla esanez. Beldurrez begiratzen badiegu, inbaditzera eta lapurtzera datozela pentsatzen badugu, jai dugu. Euskal Herrian norbait arrazializatua izateagatik gaitzesten dute? Edo arrazializatua izatea estatus sozial batekin lotzen da?

AMRANE: Guztiz ados, diskriminazio ardatz ezberdinak daudela jakinik begiratu behar zaie gauzei. Horiek, gainera, elkar gurutzatzen dira, eta konbinazio bakoitzak emaitza bat ematen du. Baina, Euskal Herrian, beste edonon bezala, arrazismoa dago. Arrazismoa unibertsala da, eta gizarte orotan aurki daiteke. Zuritasuna erreferentziatzat hartu da, eta denaren erdigunean dago. Zurizentrikoa den mundu batean bizi gara, non zuriak normala esan nahi duen. Beraz, gizarte bakoitzean arrazismoak itxura bat hartzen du.

Ardatz asko daudela diozue, eta horietako bat emakume izatea da, matxismoa dela eta. Emakume eta arrazializatu aldi berean izateagatik pairatu al duzue diskriminaziorik?
AMRANE: Arrazismo egoerak bizi izan ditut, noski. Baina nire pribilegioaz jakitun nago. Hasteko, nire larruazalaren koloreagatik. Nik arrazismoa ez dut bizi kalean noanean, oharkabean igaro bainaiteke. Horregatik, ezin dut negar egin eta esan arrazismoa pairatzen dudala, batez ere egunerokoan pairatzen dutenek merezi duten errespetuagatik. Herrialde islamiko batekoa naiz, musulmana, baina, ez ditudanez janzten jendeak erlijioarekin lotzen dituen arropak, gutxiespen hori ere ez dut jasaten. Hori dela eta, uste dut umiltasunez aritu behar dudala arrazakeriaren inguruan hitz egiteko orduan.

Xenofobia pairatu dut, batez ere etxe bida aritu naizenean. Telefonoz hitz egiterakoan, nire ahoskera azkar sumatzen da. Nongoa naizen galdetzen didate, eta, aljeriarra naizela diodanean, negoziazioak hortxe amaitzen dira.

«Diskriminazio ardatz ezberdinak daudela jakinik begiratu behar zaie gauzei»
MAYA AMRANE

VIANEKE: Emakume izategatik, matxismoak eragina du gugan. Gainera, beltza bazara, desgaitasunen bat baduzu edo baliabide ekonomiko gutxi badituzu, atzean geratzen zara pixkanaka. Zenbat eta faktore gehiago gehitu, orduan eta atzerago geratzen zara.

Hortik at, behin Bilboko eskola batean bereziki mindu ninduen gertakari bat etorri zait burura. Ikasleek gizarteari ekarpenak egin dizkioten emakumeen mural bat egin zuten, baina ez zen emakume beltz bat bera ere agertzen. Horrek sumindu egin ninduen, eta zuzendariarengana joan nintzen zenbait izen ematera. Eskolan neskatoei esaten badiegu emakume beltzek ez dutela ezer egin gizakion alde, ezin dugu gizarte arrazista bat deseraiki. Ez ditugu gure haurrentzako erreferenteak sortzen.

Neskatoek jakin behar dute gizona —eta gizona esaten dut gizonezkoak zirelako— Ilargira heldu bazen emakume beltz matematikariei eta informatikariei esker heldu zela. Zorionez… tira, zorionez ez, asko borrokatu ostean, aitortu egin zitzaien parte hartze hori. Bihotz irekiko aurreneko ebakuntza emakume beltz batek egin zuen. Honekin esan nahi dudana da emakume beltzok gauza asko egin ditugula historian, baina ikusezin bihurtzen gaituztela, gaur egungo eskoletatik hasita.

Arrazismoaren aurka zer egin daiteke?
VIANEKE: Indarkeria matxistaren aurka borrokatu garen gisan, eta matxista den norbait topatzerakoan hari aurka egiten diogun moduan —gure gizartean emakumeentzako, gizonentzako eta beste edozein generotako jendearentzako lekua baitago—, berdin jokatu beharko genuke arrazistekin. Ezin dugu ahaztu arrazismoak ehunka mila pertsona hil dituela. Latinoamerikan esklabo izateko 500 pertsona zeramatzan itsasontzi bat irteten bazen Senegaldik, 100 heltzen ziren bizirik.

Euskal Herrian jendeak ba al du pertsona arrazializatuen egunerokoaren berri? Edo ez jakinarena egiten al du nahita?
AMRANE: Ezin gara orokorkerietan erori, baina egia da jende askok oso urrun bizi duela pertsona arrazializatuen errealitatea. Bestalde, askotan entzuten dut jendea esanez bera ez dela arrazista, arrazismoaren inguruko eztabaida bat ekiditeko. Jendeak barneratu behar du arrazista izateko ez dela Ku Klux Klanekoa izan behar edo beltzei eta magrebtarrei jipoiak ematen ibili behar. Arrazismo era sotilagoak ere badaude. Hortaz, bakoitzak bere buruari galdetu beharko lioke zenbateraino den arrazista. Gainera, zu arrazista ez zarelako ezin dugu eztabaida hori amaitu, zeren horrek ez baitu esan nahi gizarte arrazista batean bizi ez garenik.

Maya Amrane eta Hilaria Vianeke BERRIA
Maya Amrane eta Hilaria Vianeke BERRIA
Emakume migratzaileen borroka feminista Euskal Herriko borroka feminista orokorretik ezberdindu behar da, edo bera izan behar du? Edo, agian, elkarrekin joan daitezke baina bakoitzak bere ezaugarri propioak dituela onartuta?
VIANEKE: Emakumeon borroka emakume guztiona da. Oinarrizkoa emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta mendeetako matxismoa deseraikitzea da, eta hor jatorriak berdin du. Baina egia da intersekzionalitatetik bagatoz kontraesanezkoa dela esatea borroka denak berdinak direla. Izan ere, emakume zurien pribilegioak beltzenak baino askoz gehiago dira. Beraz, zaila da esatea borroka bera direla: geure buruari iruzur egiten ariko ginateke.

AMRANE: Tempo, agenda eta metodologia ezberdinak dira. Mendebaldean, feminismoa laikoa da, gehienbat; baina, mundu islamikoan, emakume gehienak musulmanak dira. Horrek, ordea, ez du esan nahi berdintasunaren aldeko borrokaren jakitun ez daudenik. Batzuetan, badirudi borroka horrek ez duela balio erlijiotik guztiz aldenduta ez badago. Hortaz, zer egingo dugu sinestunak diren emakumeekin? Haien eskubidea da. Borrokatzeko eta gure berdinak izateko euren parte den hori ahaztu behar dutela esango diegu?

Nire ustez, feminismo zuriak barneratu behar du ez dagoela bide bakar bat. Helmuga bakarra da, baina bideak askotarikoak dira.

Zer harreman duzue Euskal Herriko mugimendu feministekin?
AMRANE: Euskal Herrira etorri nintzenetik, Munduko Emakumeak [Babel] elkartean eman nuen izena. Bertan hainbat motatako emakumeak gaude: feministak, feministak direnak baina ez diotenak euren buruari izen hori jartzen, eta, agian, feministak ez direnak. Barne hausnarketa bat egin genuen Euskal Herriko feminismoarekin genuen harremana aztertzeko. Ondorioztatu genuen han ere sentsibilizazioa landu behar genuela, emakume feminista batzuen artean ere aurreiritziak baitaude, maternalismoa —paternalismoa ez esatearren—, eta emakume migratuek ekintza jakin batzuetarako balio dutela pentsatzea eta intelektualagoak diren horietan alde batera uztea. Gizartean hedaturik daude aurreiritzi horiek, eta feminismo zurian ere ikusten dira. Zuri termino politiko gisa ulertuta, eta ez azaleko kolore gisa soilik.

«Feminismo zuriak barneratu behar du ez dagoela bide bakar bat. Helmuga bakarra da, baina bideak askotarikoak dira»

MAYA AMRANE
Zubiak eraiki behar ditugu, eta, batzuetan, pertsonak deseroso sentiarazi.

Nola uste duzue eraiki behar direla zubi horiek?
VIANEKE: Borroka feminista arrazakeriaren aurkakoa ez bada izango, hobe geldiarazi dezatela. Euskal Herriko mugimendu feministek aitortu egin behar dute emakume beltzek mendeetan bizi izan duten mina. Ahizpatasuna, eskutik bidea egitea, Ubuntu filosofia praktikatzea, hori da egin beharrekoa. Ni hamaika manifestaziotara joan naiz, beste ahizpa bat legez, eta ez diot begiratu biktimaren jatorriari. Manifestazioetara noa horrelakoak [indarkeria matxista] ez dituelako inork pairatu behar. Nire ustea da, feminista gisa, berdin borrokatu behar dela Bilboko emakume baten alde eta Indiako, Txinako edota Surinamgo baten alde. Borroka feministak gu guztiontzat egon behar baitu bideratua.

Gainera, bananduta gaudenean sortzen dira gure borroka zalantzan jartzen duten mugimenduak. Mendeetako borroka da, gure amamena. Ezin diegu kale egin uste dugulako Maya magrebtarra denez ezin duela nire gisa pentsatu eta aldarri berak izan.

AMRANE: Horrelakoak, halere, geroz eta gutxiago dira. Martxoaren 8ko azken manifestazioetan, jatorria atzerrian duten emakumeak eta ijitoak ikusi ditugu. Elkarrekin egin behar dugu bidea, bakoitza den modukoa izanda. Ez didate esan behar nolakoa izan behar dudan. Askatasuna ez da ni zu bezalakoa izatea, baizik eta nik nahi dudan modukoa izatea aukeratu ahal izatea. Zintzotasun feminista eta ahizpatasun ekintza bat da Euskal Herriko ekintzaile feministek galdera horiek guztiak egitea euren buruari.

Zubi horiek eraiki eta emakume migratu eta arrazializatuen egoeraren berri emateko, biok solasaldiak eta zikloak egiten dituzue; Afrika Eguna, esaterako. Bertara joaten direnak, baina, jada kontzientziaturik daude denak, edo euskal herritarrak ere prest daude errealitate horren berri jakiteko?
VIANEKE: Gure artean askotan hitz egin dugu horren inguruan, beti etortzen baitira pertsona berak. Nik nire hipotesiak ditut. Jendea ez da etortzen, agian, jorratzen den kolektiboa ez delako interesgarria, gaiak erakargarria ez den era batera planteatzen ditugulako edo nahikoa publizitate ez dugulako egiten. Afrika Egunean aurpegi ezezagunak ikusi nituen, eta haiengana gerturatu nintzen. Senitartekoren batek kooperazioan lan egiten zuelako eta joatea gomendatu zielako joan ziren. Beraz, horrelako eremuetara joaten direnak jada bertan dagoen norbait ezagutzen dutelako joaten dira.

Nire ustez, aniztasunari eta tolerantziari dagozkien politika publikoak gaizki bideratuta daudelako gertatzen da hori. Hedabideetan, zentro publikoetan eta eskoletan migratzaileak ez lirateke gaixoak balira legez tratatu behar; aitzitik, elkar ezagutzeko helburua izan beharko lukete.

«Borroka feminista arrazakeriaren aurkakoa ez bada izango, hobe gelditu dezatela»

HILARIA VIANEKE
Zer egin beharko litzateke eraginkorragoak bihurtzeko?
AMRANE: Eremu finkoen logikatik atera behar dugu. Hau da, aniztasuna bestelako formatuetan ezarri beharko litzateke. Irratian ekonomiaren inguruko solasaldi bat baldin badago, bestelako sorterrietako profesionalak gonbidatu beharko lirateke. Eskemak aldatu behar ditugu, eta esaterako ekonomista beltz bat gonbidatu Euskal Herriko datu ekonomikoen inguruan hitz egitera. Adibide bat ematearren, Estatu Islamikoaren gorakadan irratira gonbidatu ninduten, magrebtarra naizelako. Pertsonak bakarrik haien sorterriarekin edo erlijioarekin lotutako gaien inguruan hitz egitera gonbidatzen baditugu, sailkapen horiek apurtzea ezinezkoa izango da. Interes orokorreko gaietara gonbidatu behar gaituzte, ikusgaitasun positiboa emateko.

Solasaldi eta zikloei bereziki dagokienez, lekuak aldatzea izan daiteke gakoa. Ekintzen gaineko eskaintza dagoen hirietan egin beharrean, arrazismoaren aurkako borrokaren eta aurreiritzien inguruko solasaldiak herri txikietara ere eraman daitezke. Haietan, eskaintza ez da hain oparoa, eta, beraz, errazagoa izango da herriko jendea bertaratzea. Gainera, errealitate berriak eraman daitezke herri horietara.

MAYA AMRANE

Duela hogei urte heldu zen Euskal Herrira Maya Amrane (Aljer, 1972). Aljerren Informazio Zientziak eta Komunikazioa ikasi ostean, doktoretza tesia egitera joan zen Castellora (Herrialde Katalanak), bakearen eta gatazkaren inguruan ikertzera. Ikertzen jarraitzeko heldu zen Bilbora. Egun, aniztasun kulturala sustatzen lan egiteaz gain, elkarbizitzaren, feminismoaren eta arrazakeriaren aurka jarduten du hainbat elkarte eta ekitalditan; Munduko Emakumeak Babel elkartean, esaterako.

HILARIA VIANEKE

Hilaria Vianeke Hambon (Angola) jaio zen, 1986an. 2005ean, Angola atzean utzi eta Euskal Herrira etorri zen, Bilbora, Deustuko Unibertsitatean Gizarte Lana ikastera. Horretan dihardu gaur egun, indarkeria jasan duten emakumeekin batera lan eginez. Emakume afrikarrak biltzen dituen Amafrika elkartearen sortzaileetako bat da. Gainera, arrazismoaren aurkako Azalak elkarteko aurreneko presidentea izan zen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)