INSLren arabera, etorkinek lan istripu gehiago dituzte

Berria, 23-08-2006

erredakzioa

Iruñea

Etorkinek laneko istripua izateko arrisku handiagoa dute, Nafarroako Lan Osasun Institutuak (INSL) egindako ikerketa batek dioenez. Aldiz, tokiko beharginek baino gutxiagotan jasotzen dute gaixo agiria, eta epe laburrago baterako.

2005. urteko urtarrila eta iraila bitarteko datuak aztertu dituzte INSLko bost teknikarik. Hala, bederatzi hilabete horietan etorkinek istripu guztietatik %15 izan zituzten, nahiz eta populazio okupatuaren %10 baino ez izan. Orotara, 1.414 ezbehar pairatu zituzten, %42,7 eraikuntzan izan ziren, eta %26,4 industrian. Tokiko langileen artean ehunekoak ia alderantzizkoak dira: istripuen %21,4 eraikuntzan eta %42,4 industrian.

Tasa handiago horren zergatiei dagokienez, etorkinak arrisku handiagoak dituzten jardueretan aritzen direla dio txostenak. Esaterako, eraikuntzan, industria garbikuntzan edo nekazaritzan. Halaber, prekarietatea eta ezegonkortasuna gehiago pairatzen dituztela uste dute INSLko adituek. Edonola ere, datuen irakurketa «tentuz» egin beharra dagoela eta gehiago sakondu behar dela adierazi dute.

EGUN GUTXIAGO GAIXORIK. Txostenak, bestalde, langile etorkinek jasotzen dituzten gaixo agiriak aztertu ditu. Hala, tokiko langileen herenek gaixo agiria behar izan zuten 2005 urtean. Ehuneko hori %23 koa baino ez zen izan, berriz, etorkinen artean.

Iraupenean alde handia dago: batez beste 13,65 egun izan ziren etorkinentzat, eta 27,43 beste langileentzat. Datu horren atzetik bi faktore aipatzen ditu txostenak: etorkinak gazteagoak eta osasuntsuagoak direla, edo laneko baldintza kaskarrek gaixorik egonda ere lan egitera behartzen dituztela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)