Eskuin muturraren kontrako mobilizazioek segitzen dute
Europako hauteskundeetan eskuin muturrak irabazi zuenetik, ekainaren 9an, RN alderdiaren kontrako mobilizazio jendetsu andana antolatu dira. Ekainaren 15ean, Baionan, manifestazio jendetsua izan eta gero, datozen hitzorduak Hendaia eta Azkainen dira, legebiltzarreko bozak iragan arte, ostegunero.
Gara, , 18-06-2024Ekainaren 9an iragan ziren Europako Parlamenturako bozak eta eskuin muturrak irabazi eta, frantziar Estatuko presidente Emmanuel Macronek Legebiltzarra desegin zuen. Horren aitzinean, ezkerrak biltzeko deia egin zuen eta talde antifaxistek eskuin muturraren emaitzen kontra elkarretaratzeak antolatu dituzte. Ekainaren 10ean ehunka pertsona bildu ziren Baionan, eta ekainaren 15ean ere, jende andana bildu zen Lapurdiko hiriburuan. Mobilizazioak bozen egunera arte segituko dute, hala, lehen itzulia arte, Hendaiako CGT-k elkarretaratzera deitu du herriko etxe aitzinean, ostegunetan. Lehen biak egin ondotik, heldu diren hitzorduak ekainaren 20 eta 27an dira. Azkaineko ‘Azkaine Bai’ oposizioko taldeak ere plazan elkartzera deitu du, uztailaren 4a arte, ostegunero, 19:00etan.
Ekainaren 15eko Baionako manifestazio antifaxista CFDT Euskal Herri, CGT, UNSA, FSU eta Solidaires 64, lizeoko Union Sindical, LAB eta ELB biltzen dituen Pirineo Atlantikoetako intersindikalak antolatu zuen. Helburua larrialdi soziala salatzea zen, beheraldia, hau da, industria eta zerbitzu publikoak uztea, pentsioen erreforma indarrean sartzea, demokrazia arriskuan den bitartean. Baionako Santa Maria plazan, LAB sindikatuak eskuin muturraren indartzea, azken urteetako gobernuen politiken ondorio zuzena dela, batez ere azken bost urteetakoa, azaldu du.
Haren ustez, «politika antisozialek, lanaren erreformek, erretretaren erreformaren indarrezko urratsek, forma orotako diskurtso arrazistek, eskubide sozialen eta zerbitzu publikoen suntsipenak» eskuin muturra aitzinera bultzatzen dute eta frantziar Gobernuek ezarririko politika antisozialistak Euskal Herriak «kolpe bortitz batez jasan» dituela azaldu du. Baina, «Euskal Herria beti izan da borrokarako lurraldea, eta gure erantzukizun kolektiboa da eskuin muturreko igoera horri aurre egitea, leku eta forma guztietan buru egitea», oroitarazi du. Euskal Herri antifaxista eraikitzeko, LABek, sindikatu abertzale, feminista, antiarrazista eta internazionalista gisa, langile guziei dei egin die arrazakeria eta xenofobia mota guzien aurka batzeko, borrokatzeko eta mobilizatzeko.
Fronte Popular Berriko gazteak karrikan
Horrez gain, Fronte Popular Berriko gazteak lehen aldikotz agertu dira mobilizazio horretan. «Hori eginez, gazte guzien izenean, frantziar Estatuan eta Europan iragaiten den faxismoaren aintzinamenduaren kontra borrokatzeko eskubidea aldarrikatzen» dutela adierazi dute biharamunean igorririko komunikatuan. Horrela, Macron-en «larderia handiko politikarekin» desadostasuna erakusteko greban ezartzen diren langile guziak sostengatzen dituztela azpimarratu dute. Datozen manifestazio eta elkarretaratzeetan parte hartuko dute, karrikako borroka garrantzitsua dela pentsatzen baitute.
Eskuin muturreko diskustso herratsuen kontra dira Fronte Popularreko gazteak. Guillaume FAUVEAU)
RN alderdiaren kontrako elkarretaratze-mitina
Egun berean, ekainaren 15ean, Aldaren ‘Auzolan’ etxebizitza eskubidearen egunaren lehen edizioa ere iragan zen Baionan. Elkartearen arabera, 1.000 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten. Arratsaldeko programa aktualitatearen larritasunera egokitu zuten: RN boterera heltzeko arriskuaren kontrako elkarretaratze-mitina egin zuten, «hitzartzeez eta hainbat artistek botaturiko erresistentziaren aldeko kantuez osatua».
Etxebizitzaren alde egunero lanean ari diren hainbat elkartek* izenpetu adierazpen bateratua irakurriz bukatu zuten mitina, honako deia zabalduz: «etxebizitza eskubidea denentzat izatearen zein biztanleak herrian bizitzeko eskubidearen aldeko guziak deitzen ditugu ahal bezain laster mobilizatzera, ausarki eta deliberatuki, hilabete hondarrean RN boterera heltzea oztopatzeko».
*Izenpetzaileak: Alda, Atherbea, Bizi, Confederation Nationale du Logement (CNL 64), Confederation Syndicale des Familles (CSF), Fondation Abbe Pierre, Habitat et Humanisme, plateforme Se loger au Pays / Herrian Bizi
(Puede haber caducado)