Ukrainako familia errefuxiatuak Angeluko egoitzatik kanporatuak izateko arriskuan

Pirinio Atlantikoetako prefeturatik igorririko gutunak orain arte Angeluko Villa Rubion ostatu hartu duten 24 ukrainarren irteera eskatzen du. Egoerarekiko sentikorrak diren familia, elkarte zein herritarrek frantziar Estatuaren erabakia deitoratu dute.

Gara, Flora Etienne*, 14-06-2024

Harrera laburra izan da. 2023ko abendutik, Ukrainako hamar bat familia Angeluko Villa Rubion aterpetu dituzte. Pirinio Atlantikoetako prefeturatik igorririko gutun baten bidez, harrera gune hori hetsi eta laguntza geldituko dela jakinarazi diete, maiatzaren 24an. Ekainaren 30ean ezarri diete tokitik alde egiteko epemuga 24 errefuxiatu ukrainarri, tartean, sei haur eta nini bat.

Errefuxiatuek, egoerarekiko sentikorrak diren herritarrek, Atherbea, Euskal Herriko ukrainarrak eta AGIRabcd elkarteek frantziar Estatuaren engaiamendu falta deitoratu dute. Agintariekin behin eta berriz kontaktuan sartzen saiatu diren arren, erantzunik gabe geratu dira Bruno Le Maire ministroari, Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetari eta Claude Olive Angeluko auzapezari eginiko eskaerak.

Horren aitzinean, egoera publiko egin eta hipokrisia salatu dute, prentsa eta prefetaren aitzinean eginiko harrera handi baten ondotik, diskrezio osoz kanporatzen dituztela argudiatuz. «Harritzen nau adineko pertsonak eta eri diren haurrak kaleratzeak, edozein gisaz bederen duela bi urte hutsik den etxe batetik. Ez da oporrak pasatzera etorri izan balira bezala. Are gehiago, denok dakigu zein zaila den Euskal Herrian etxebizitza bat atzematea», dio auzoko biztanlea den Dominicak.

Uda garaia

Atherbea elkartearen arabera, gaur egun etxe horretan diren pertsonen kontratuak epemuga hau zehazten bazuen ere, ez da sekula eztabaidatu familien laguntza gelditzea. Nahiz eta lan jarduera batean engaiatu eta etxebizitza berri baten bila ibili, Euskal Herrian ostatu hartzeko zailtasunak, are gehiago uda garaian, familia horien birkokatzea zailtzen du. «Ez dute etxebizitza bat urririk bilatzen, aterabide bat besterik ez. Aukera onena, noski, Ukrainara itzultzea litzateke, baina oraingoz ez da posible. Villa honetan aterpe hartzen duten pertsonetako anitz errusiarrek okupaturiko eskualdeetatik heldu dira», deitoratu du Sabina Diachenkok, Euskal Herriko ukrainarren elkarteko lehendakariak.

Gerra hasi zenetik, errefuxiatu horiek etengabeko ezegonkortasunean dira. Svetlana, 58 urteko ukrainarra, Errusiako inbasio militarraren garaian gatazkatik ihes egin eta Polonia, Alemania, Herbehereak, Belgikatik eta frantziar Estatutik igaro zen Euskal Herrira iritsi aitzin. Bidean, haurdun zen Alyana alabarengandik bereizi da ere, azken hau Pauen geratu behar izan baita erditzeko. Svetlanak Ikean lan bat lortu badu ere, bere iraupen mugatuko kontratuak etxebizitza eskuratzea zailtzen dio. Kasu zehatz bat da, baina familia horiek bizi dutenaren adierazgarri. Baionan, beste hamaika pertsona antzeko egoeran dira. Atherbeak egiten die jarraipena eta AFPA egoitza batean ostatu hartzen dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)