Aurten jada 18.199 etorkin iritsi dira Kanarietara, iazko laukoitza

Espainiak eta Senegalek kostaldea zaintzeko patruila bateratuak osatzea hitzartu dute

Berria, 22-08-2006

arantxa elizegi

Zortzi hilabetean iazko urte osoan baino lau aldiz etorkin gehiago iritsi dira aurten Kanarietara: 18.199. Hori dela eta, Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak eta Senegalgo Barne ministro Ousmane Ngomek herrialde hartako kostaldea zainduko duten patruila bateratuak osatzea hitzartu dute. Handik eta Mauritaniatik ateratzen dira Kanarietara iristen diren etorkin gehienak.

Asteburu honetan, 1.403 pertsona ailegatu dira. Azken 135ak, atzo. Espainiara ere ailegatu ziren txalupak. Lehen ontzian 64 etorkin zihoazen. Txalupa Espainiako Guardia Zibilak aurkitu zuen, atzo goizean, La Juanako hondartzatik 1,5 miliatara. Arratsaldean, berriz, beste bi txalupa iritsi ziren, hamabi lagun ingururekin.

«EKINTZA KRIMINALA». Bigarren egunez jarraian, hogeita hamar bat etorkin zeramatzan txalupa bat hondoratu eta gutxienez bost pertsona hil ziren herenegun Italiako kostaldean, Lampedusatik gertu. Beste 15 lagun desagertuta daude oraindik. Italiako Barne ministroak, Giuliano Amatok, gertatutakoa «ekintza kriminala» izan zela salatu zuen, eta pertsonen trafikoan aritzen direnen kontra egiteko eskatu zion nazioarteari.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)