ELAk mutualitateen «jarrera arrazista» salatu du
Lan istripu batengatik aulki gurpildun batean dagoen etorkin bati babesa eman dio. Azpimarratu du halako kasuak ez direla salbuespena.
Berria, , 11-06-2024ELAk argi du: Mohammed Hatiten kasua ez da salbuespen bat. «Langilearen jatorria bestelakoa balitz, ziur aski ez zen hau guztia gertatuko». Lan istripu batengatik aulki gurpildunean dago 33 urteko behargin marokoarra, eta, sindikatuak salatu duenez, mutualitateak ez du bere gain hartu nahi haren arreta. Hari babesa agertzeko eta «justizia» eskatzeko, sindikatuko kideek elkarretaratzea egin dute astelehen honetan langilearekin berarekin eta haren senide eta lagunekin batera, Fremap mutualitateak Bilbon duen egoitzaren aurrean.
Hatitek Construcciones Loizagarentzat egiten zuen lan, azpikontratatuta. 2020an, istripu larria izan zuen, Getxoko obra batzuetan. Egun, gurpil aulkian dago, eta osasun laguntza eskatu dio Fremapi, baina hark babesa ukatu dio. Sindikatuaren arabera, langileak nerbio sistema kaltetua dauka lan istripuaren ondorioz, «hainbat mediku txostenek egiaztatzen dutenez».
ELAk salatu du Hatitek tratu «negargarria eta diskriminatzailea» jaso duela mutualitatetik ezbeharra izan zuenetik. Azaldu duenez, lan istripua arintzat jo zuen. Hala ere, urtebete egon zen Mutualitateen Ospitale Mankomunatuan, Bilbon. Bajan 365 egun betetzear zela, mutualitateak alta eman zion. Izan ere, urtebete baino gehiago gaixo baimenarekin eginez gero, mutualitateak bere gain hartu behar du langilearen soldata, eta hark ezintasun iraunkorra eskatzeko prozesua hasteko aukera dauka, besteak beste. Horrez gain, ELAk azpimarratu du ospitaleko alta ematean eta «inolako arrazoirik gabe» Fremapek Ertzaintzari deitu ziola langilea erietxetik atera zezaten.
Bi aldiz sufrituta
ELAren ustez, mutualitatearen tratua «iraingarria» izan da. «Mohammedek bi aldiz sufritu du: alde batetik, 33 urterekin gurpil aulki batean dagoelako lan istripu baten ondorioz, eta, bestetik, Fremapen diskriminazioa eta arrazismo instituzionalagatik». Sindikatuak nabarmendu duenez, «langilearen jatorria bestelakoa balitz» ziur aski beste tratu bat jasoko luke mutualitatearen partetik.
Publizitatea
You can close Ad in 3 s
ELAk salatu du halako kasuak ez direla salbuespena, eta jakinarazi du auzitara jo duela, Bidelagun fundazioaren bitartez. Horrez gain, zauritutako langilearentzat arreta espezializatua eskatu dio mutualitatearen prestazio berezien batzordeari, hala nola errehabilitazio zerbitzua, laguntza psikologikoa, etxez etxeko laguntza, eta egoera berrira egokitutako etxebizitza bat alokatzeko laguntza.
(Puede haber caducado)