Angela Davis: «Itxaropena diziplina bat da»

Bartzelonako Fira Literalen izan da pentsalari feminista eta marxista. Kontserbadoreen oldarraldien aurrean, etengabe borrokatu beharraz aritu da, eta garaipenak defendatzera deitu du.

Berria, Maite Asensio Lozano, 27-05-2024

Inspiraziorako mezu bat utzi du Angela Davisek, agindu bat ere izan zitekeena: «Mugimendu sozialen egitekoaren parte bat itxaropena eragitea da, eta hurrengo belaunaldiari helaraztea». Garai arrotzez eta konplexuez mintzatu da, askotariko indarkeriez, eta horien aurkako erantzun irmoez. Adibidez, Palestinaz: aspaldiko erasoaldirik bortitzena pairatzen ari da urritik, baina nazioarteko elkartasunak lehen lerroan jarri du gatazka. Hortik itxaropen berpiztua: «Orain, 50 urteren ondoren, jende asko ari da aitortzen zein garrantzitsua den Palestinako auzia, ez soilik palestinarren askatasunerako, baizik eta justizia sozialaren alde eramaten ari garen borroka guztietarako». Eta hortik itxaropenerako agindua: «Borroka sozialak etengabeak baitira».

Bartzelonan izan da Davis asteburuan, Fira Literal ideia eta liburu erradikalen azokan. Hamargarren urteurrena du aurten topagune horrek, eta feminismoa ardatz hartuta, egitarau oparoa prestatu dute. Angela Davis politikari marxista eta emakumeen eta beltzen eskubideen aldeko ekintzailea gonbidatu zuten atzo, zapatuarekin, azokako hitzaldi nagusietako bat ematera. 1981ean Emakumeak, arraza eta klasea idatzi ondoren bihurtu zen nazioarteko erreferente, besteak beste, aitzindari izan zelako hiru zapalkuntzen arteko lotura ikusarazten. «Zubi azpitik ur asko pasatu da liburua argitaratu zenetik. Orain, analisirako gai gehiago ditugu, konplexutasun handiagoa; intersekzionalitatearen irizpidea dugu. Izan ere, mundu errealean, mundu sozialean, elkarrekin pentsatu behar ditugu bereizita eskaintzen dizkiguten errealitateak».

«50 urteren ondoren, jende asko ari da aitortzen zein garrantzitsua den Palestinako auzia, ez soilik palestinarren askatasunerako, baizik eta justizia sozialaren alde eramaten ari garen borroka guztietarako»

Ekitaldirako sarrerak aspaldi amaituta eta Fabra i Coats guneko aretoa propio handituta, 1.300 lagunen aurrean aritu da Davis, Jule Goikoetxea EHUko irakasleak eta Bea Duodu Owusu TV3eko kazetariak gidatuta. Palestina hartu du berriro ahotan, intersekzionalitatea zertan datzan azaltzeko: «Ideologia sionistaren eta kapitalismoaren boterearekin lotuta dago palestinarren borroka. Gure agenda sozialean ezinbesteko toki bat izan behar du. Izan ere, ezin badugu elkartasunezko mugimendu bat sortu Palestinarekin, nola jorratuko ditugu etxeko gatazkak? Nola borrokatuko gara arrazakeriaren kontra? Nola abolituko dugu kartzela edo polizia?».

Davis, Duodo eta Goikoetxea, Bartzelonan. DANI CODINA
Davis, Duodo Owusu eta Goikoetxea, Bartzelonan. DANI CODINA
Borrokak uztartzearen ideiari jarraikiz, Davisek esplikatu du borroka horiek guztiak prozesu feministaren barruan ulertzen dituela. Intersekzionalitatearen kontzeptua feminismoari lotuta ageri baita gehienetan: «Nik aukeratu dudan feminismoa ez da abstraktua edo teorikoa. Feminismoa ez da beti generoaren bueltakoa: generoa sakonago ulertzean datza feminismoaren metodologia. Koloreko emakumeen feminismoak, dekolonialak, antikapitalistak, feminismo horrek beti bilatu du mundu hobe bat denentzat, beti jardun da atzera eginarazi nahi ziguten indarren kontra». Ildo horretan, feminismoaren «ahalmena» nabarmendu du: «Elkarrekin pentsatu ez ditugun gauza horiek aztertzeko eta artikulatzeko gonbidapen bat da. Feminismoa eraginkorragoa da metodologia gisa: pentsatzeko modu bat da, antolatzeko estrategia bat, mundu ikuskera bat».

Eskuinaren oldarraldia
Hain justu, indar horrek eragin du eskuin muturraren oldarraldi patriarkala. «Uste al genuen atea ireki eta ongietorria emango zigutela? Batzuetan ez gara ohartzen euren erreakzioa gure boterearen neurrikoa dela: gure borroken garrantzia adierazten digu». Nekagarria dela aitortu du, baina ez etsitzea beste aukerarik ez du ikusi: «Gure garaipenak zaindu behar ditugu. Eta gure borrokak etengabe errepikatu; historian atzera itzuli nahi dutenen aurkakoak baitira, aldaketarik nahi ez duten kontserbadoreen aurkakoak. Haiek egin behar dutena egiten ari dira, eta gure ardura da haiek baino botere handiagoa eraikitzea, mugimendu sendoagoak, eta haiek baino jende gehiago biltzea».

«Feminismoa ez da beti generoaren bueltakoa: generoa sakonago ulertzean datza feminismoaren metodologia. Koloreko emakumeen feminismoak, dekolonialak, antikapitalistak, feminismo horrek beti bilatu du mundu hobe bat denentzat»

Izan ere, badira itxaropen izpiak: kontrako erreakzioarekin batera aurrerapausoak ere gertatzen ari dira. Bea Duodu Owusuk berak gorpuztu du: «Indarkeria arrazista eta kolonial molde berriak jasaten ditugu, baina, aldi berean, Bartzelonak alkategai beltz bat izan du berriki lehen aldiz, eta ni neu Kataluniako telebista publikoan dabilen lehen kazetari beltza naiz». Bartzelonan izandako azken aldiko pasadizo bat ekarri du gogora Davisek: emakume beltz batek esan zion katalana zela bere lehen hizkuntza, eta hala ere atzerritar gisa ikusten zutela. «Europak zuritzat du oraindik bere burua», ondorioztatu du. Duodu Owusu zoriondu egin du, baina ohartarazpena erantsi du: «Ospatu beharko genuke lehen kazetari beltza zarela telebistan, baina, aldi berean, ezin gara konforme egon lehena edo bigarrena edo hirugarrena izatearekin. Lortu nahi ditugun garaipenak pertsona bakarrarenak direnean, lehenengo hori gonbidapen bat izan beharko litzateke, gehiago etor daitezen borrokatzeko. Uko egin behar diogu lehenengoa eta bakarra izateari».

Indarkeriaren rola
Jule Goikoetxeak ere galdetu dio bere kezkez: «Emantzipazioa etengabeko borroka bat da, baina borrokek gatazka dakarte». Davisek berak gaztetan hedabideei egindako adierazpen batzuk ekarri ditu gogora EHUko irakasleak: kaleko protestetako indarkeriaz galdetu zion kazetari batek, eta ekintzaileak erantzun zion ea zer bortxaz ari zen, Ku Klux Klanenaz, polizienaz, espetxeetakoaz ala erakundeenaz. Goikoetxea: «Nire ustez, ‘ez duzu hilko, ez duzu zigortuko, ez duzu indarkeria erabiliko’ dioten mandamentuak indarkeria dira. Diskurtso horien jabeek zuzeneko bortizkeria baliatu gabe biziraun dezakete, zeharkako bortizkeriaz osatutako egitura oso batek sostengatzen duelako haien posizio pribilegiatua».

Ezkerrak bortizkeriari buruz hausnartu behar al duen galdetu dio, emantzipazio prozesuan zer bortxa eta koakzio molde behar den aztertu. Tarte bat hartu du Davisek erantzuna pentsatzeko, aretoan txaloak nagusitu bitartean. «Indarkeria erabiltzeaz akusatuak direnak, sarri, denontzako mundu hobe baten alde ari dira», esan du lehenik; eta Palestina aipatu du berriro: «Palestinarren indarkeria sarritan harriak botatzean datza, baina bortizkeriatzat hartzen da. Aldiz, zer gertatzen da arma nuklearren bortizkeriarekin? Edo Israelek munduko gobernu militarizatuenetako bat edukitzearekin?».

«Autodefentsa oso garrantzitsua da, batez ere instituzionalizatutako eta normalizatutako bortizkeria moldeen aurka ari garenean»

Ondoren, bere haurtzaroko bizipenetara jo du bortxaren inguruko ikuspegia azaltzeko: «Indarkeria gorroto zuen familia eta komunitate batean hazi nintzen. Indarkeria handia ikusia zutelako. Baina komunitate hura ez zen borrokatzeko beldur. Nire aitak armak zeuzkan etxean, eta ikusi izan genuen arma bat ateratzen mehatxu baten aurrean; Ku Klux Klanek etxeak erretzen zituen garai hartan. Gauetan, gizonek patruilak egiten zituzten; komunitatea defendatzeko modu bakarra zen. Autodefentsa oso garrantzitsua da, batez ere instituzionalizatutako eta normalizatutako bortizkeria moldeen aurka ari garenean». Edonola ere, ez du uste eztabaida indarkeriaren rolaren ingurukoa denik: «Ez da bortizkeriaren inguruko zerbait, baizik eta borrokak irabazteko eta garaipen horiek defendatzeko gaitasunaz».

Itxaropena, ezinbesteko elementu
Borroka etengabea baita, garaipenak, maizegi, ahulegiak direlako. Horregatik, nekea eta etsipena gailentzen direnerako, itxaropena aldarrikatu du Davisek: «Itxaropena ez da hainbeste lor dezakegun horrek sortutako emozio bat, baizik eta diziplina bat. Oso gustuko dut itxaropena diziplina delako ideia hori. Ulertzera ematen digu gure borroka erradikal eta iraultzaileen elementu bat izan behar dela itxaropena; bestela, zentzugabea da arrazakeriaren, heteropatriarkatuaren eta kapitalismoaren aurkako borroken parte izatea». 80 urte bete berri dituela, bizitza osoaren ikuspegitik mintzatu da, eta aitortu du itxaropenik gabeko garaiak izan dituela bide horretan: «Baina ohartu nintzen nire lanaren parte dela itxaropena sortzea, eta mugimendu sozialek ere eginkizun hori hartu behar dutela propio».

«Itxaropena ez da hainbeste lor dezakegun horrek sortutako emozio bat, baizik eta diziplina bat. Gure borroka erradikal eta iraultzaileen elementu bat izan behar da»

Itxaropenik gabeko garaien ifrentzua baitira argi izpiak, garaipen txikiak, eraldaketa motelak. «Gutako askok barneratu dugu ez genituela ikusiko gure borroka luzeen fruituak, hamarkadak edo agian mendeak beharko zirela». Baina denbora eta historia ulertzeko beste modu bat eskatzen du Davisen aginduak: «Kapitalismoan, pentsatu ohi dugu gertatutakoa pasatu egin dela, amaitu dela, historia dela; eta historia liburuetan dago, baina ez da gurekin jarraitzen duen eta gidatzen gaituen indar bat. Pertzepzio horren aurrean, itxaropena sortu behar dugu, gure lanak eragina izan dezakeelako hamarkadak igarota ere. Nik ez nukeen inoiz imaginatuko arrazakeriaren aurka 2020an egindako manifestazio handienetan inoiz baino pertsona zuri gehiago egongo zirenik».

Hortaz, itxaropena belaunaldi batetik bestera iraunarazi behar dela nabarmendu du, aretoko gazteei begira: «Zahartzearen balioa da gure borroken eragina ikusi ahal izatea; honezkero mundu honetan ez daudenek gu hona ekartzeko egin zuten lanaren lekuko izatea. Beraz, orain zuen lana da gu etorkizunera eramatea».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)