Tituluen homologazioa: erantzunik gabeko bidea

Hego Euskal Herrian bizi diren milaka migratzailek urteak daramatzate beren unibertsitateko tituluak noiz homologatu zain. Uztailetik aurrera, ordea, Eusko Jaurlaritzak egiaztatuko ditu unibertsitate tituluak, eta itxaropentsu daude.

Berria, Irati Egibar Izeta, 02-05-2024

Pilatzen ari dira milaka unibertsitateko titulu Espainiako Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateen Ministerioan; sei, zazpi, hamar edota hamasei hilabete pasatu dira, eta handituz doa tituluekin sortutako paperezko txondorra edo tituluen artxiboen karpeta. Atzerriko unibertsitateetako tituluekin gertatzen da hori: milaka mediku, arkitekto, ingeniari… zain daude euren jaioterrian ikasi duten graduaren titulua homologatzeko. Esperoan dauden bitartean, ordea, «egoera prekarioan» egin behar izaten dute lan.

Hala ere, «argi izpi bat» ikusten dute «euskal leihatila zabalduta». Hala azaldu du Katia Reimberg Bidez Bide elkarteko kideak. Hamabost urte daramatza elkarteak atzerriko unibertsitate tituluak homologatzeko laguntza eskaintzen, Gipuzkoan. Reimbergerrentzat, pozgarria da unibertsitate tituluen homologazioa Eusko Jaurlaritzaren esku geratu izana. Hain zuzen ere, martxoaren 11n sinatu zuten Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak eskumen hori eskualdatzeko akordioa, aldirietako trenen eta immigrazio eskumenekin batera. Akordio horri esker, uztailetik aurrera Eusko Jaurlaritzak homologatuko ditu unibertsitateko titulu ia guztiak; Nafarroan, berriz, Espainiako Unibertsitate Ministerioak jarraituko du bertako tituluak homologatzen.

Ñabardura bat egongo da transferentzia horretan: Espainiako Osasun Ministerioaren mende jarraituko du medikuntza espezialitatearen akreditazioak —traumatologia, ginekologia, kardiologia…—. Bi baldintza bete beharko dituzte medikuntza ikasketak atzerrian egin dituztenek: aurrena, medikuntzako titulua homologatu beharko dute —Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik egin ahalko dute—; gero, BAME egin beharko dute medikuntzako adar batean espezializatzeko, hau da, Espainiako Osasun Ministerioaren mende dagoen barruko mediku egoiliarren azterketa egin beharko dute. Javiera Conchak bi urte daramatza bere medikuntzako titulazioa noiz homologatuko dioten itxaroten. Txilen egin zituen ikasketak, eta bi urtez bertan lan eginda iritsi zen Ordiziara (Gipuzkoa), 2022an.

Antzeko egoera bizi du Zabiullah Haidary mediku afganiarrak: 2021eko abenduan heldu zen familiarekin Euskal Herrira. Afganistango egoeratik ihesi iritsi ziren Zarautzera (Gipuzkoa); Haidaryren bikotekidea ere medikua da, eta, besteak beste, beren ofizioan lan egiten jarraitzeko atera ziren Afganistanetik. 2022an sartu ziren tituluen homologazioaren katramilan; oraindik, ordea, ez dute inolako berririk jaso: «Barne medikuntzako espezialista nintzen Afganistanen, eta baita unibertsitateko irakaslea ere. Orain, Gurutze Gorriarekin lan egin dut hemen, boluntario gisa. Hemengo sistemak nola funtzionatzen duen ikasi nahi dut».

«Askotan, uste dute emakume migratzaile batek lehenago aurkituko duela lana gizon migratzaile batek baino. Beraz, bikote batean lehenago tramitatuko dute gizonaren tituluaren homologazioa».

KATIA REIMBERG
Bidez Bide elkarteko kidea
Bai Conchak bai Haidaryk modu elektronikoan egin zuten beren titulazioak homologatzeko eskaera. Biek bazekiten BAME azterketa egin beharko zutela behin homologazioa lortuta, baina ez zuten espero hainbeste itxaron behar izatea. Conchak salatu du «norabiderik gabe» ari dela ikasten. Izan ere, BAME azterketa urtean behin egiten da, eta irailean eman behar dute izena. «Nik ez badut titulua homologatuta hemendik irailera bitarte, beste urtebete itxaron beharko dut azterketa egiteko», erantsi du Conchak.

«Euskal leihatila»
Eusko Jaurlaritzak atzerriko titulazioen homologazioaren transferentzia lortzeak itxaropena sortu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako atzerriko profesionalen artean, baina, aldi berean, zalantzak ere eragin dizkie. Oraindik informazio gutxi dagoela ohartarazi du Reimbergek: «Euskal Autonomia Erkidegoan bizi beharko da homologazio eskatzailea Eusko Jaurlaritzak tituluen homologazioa bere gain hartzeko. Halaber, batzorde bat sortuko da eskaerak aztertzeko; izan ere, Espainiako Unibertsitateen Ministerioan irekitako espedienteen itxaron zerrenda luzeak saihestu nahi dituzte».

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik adierazi zutenez, ez dituzte «oinordetzan hartuko» Espainiako Unibertsitateen Ministerioari egindako homologazio eskaerak; haiek orain arteko bideari eta prozedurari jarraituko diote. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, «hutsetik» hasi beharko du homologazio eskatzaileak. Espainiako Gobernuari bere titulua homologatzeko eskatu dion atzerritarren batek prozesua Eusko Jaurlaritzaren esku utzi nahi baldin badu, baliogabetu egin beharko du Madrilen abiatutako prozesua. Hori guztia kasua ebatzi zain hilabeteak edo urteak pasatu eta gero.

«Nik ez dut diru laguntzetatik bizi nahi. Lana egin nahi dut; etorkizun hobearen bila etorri ginen Euskal Herrira».

ZABIULLAH HAIDARY
Titulua homologatzeko zain dagoen Afganistango medikua
Bidez Bidetik kezka adierazi dute informazio galeragatik: «Oso pozik gaude egindako transferentziarekin, baina galdera asko ditugu. Hainbat galdera bidali ditugu elkartetik Hezkuntza Sailera, eta ez digu inork erantzun. Jende asko ari zaigu galdezka, eta ezin diegu erantzun garbirik eman». Conchak, berriz, itxaropen handiz hartu zuen berria. Haren esanetan, Eusko Jaurlaritzak azkarrago egiten ditu tramite guztiak: «Batxilergoko eta Lanbide Heziketako tituluak segituan homologatzen ditu».

Felipe Vilchesek ere bat egin du Conchak esandakoarekin, eta uztailetik aurrera, titulua homologatzeko prozesuan sartuko da. Ingeniaria da Vilches, eta Txilen, bere jaioterrian, urte luzez lan egin ostean etorri zen Euskal Herrira. 2019an iritsi, eta segituan bere tituluaren homologazioa eskatu zuen Donostian, aurrez aurre. Hiru urte pasatu ondoren, bere titulua homologatzeko eskaerari ezezkoa eman zioten, «inolako azalpenik eman gabe».

Erantzunik ez
Vilchesek azaldu du inolako erantzunik ez jasotzea dela homologazio prozesuaren alde ilunenetako bat: «Ebazpena atera eta sei hilabete geroago jakin nuen erantzuna kontrakoa zela. Ebazpena etxera posta bidez bidali zidatela esan zidaten Espainiako Unibertsitateen Ministerioko langileek, baina niri ez zitzaidan ezer iritsi». Conchak gehitu du «erantzun automatikoak» bidaltzen dituztela, eta zerbait pertsonalizatua nahi bada, beste leku batera deitzeko esaten dutela. «Horrela behin eta berriz, erantzunik jaso gabe».

«Hemen lan egin nahi dudala erakutsi nahi dut; nire etorkizuna Euskal Herrian ikusten dut».

JAVIERA CONCHA
Titulua homologatzeko zain dagoen Txileko medikua
Vilchesek adierazi duenez, homologatzeko prozesuak eragiten duen zama psikologikoaz gain, gastu ekonomikoari ere begiratu behar zaio. Haren esanetan, tituluaren homologazioa tramitatzeak 150 euro inguru balio du. Horretaz gain, berak abokatu batengana jo zuen, bere titulua zergatik ez zuten homologatu jakiteko: «500 euro inguru ordaindu nituen, eta erantzunik gabe jarraitzen dut».

Conchak eta Haidaryk, berriz, Bidez Bideko kideen laguntza jasotzen dute, eta, edozein berri dagoenean, Reimbergekin hitz egiten dute, musu truk. «Guk prozesuan laguntzen dugu, baina ez dugu ahalmenik erantzun pertsonalak emateko. Transferentzia bakoitza mundu bat da: gradu desberdinetako tituluak, profesional bakoitzaren herrialdea…», azaldu du Reimbergek.

Emakumeak lan prekarioan
Bidez Bide elkartean emakumeei zerbitzua ematea lehenesten badute ere, titulua homologatu nahi duen pertsona orori eskaintzen diote laguntza. Reimbergek nabarmendu duenez, atzerritik datozen familiek gizonaren homologazioari ematen diote lehentasuna: «Askotan, uste dute emakume migratzaile batek lehenago aurkituko duela lana gizon migratzaile batek baino. Beraz, bikote batean lehenago tramitatuko dute gizonaren tituluaren homologazioa».

Reimbergek ohartarazi du zaintza lanetan aritzen diren emakume askok unibertsitateko tituluak dituztela, baina, homologazioen zain daudenez, ezin dutela ikasi duten alorrean lanik egin: «Lan prekario gehienak emakume migratzaileek egiten dituzte; guk horrelako kasu asko ezagutzen ditugu. Batez ere, Nikaraguako eta Hondurasko emakumeak ari dira etxeko lanetan, eta askok unibertsitate tituluak dituzte».

Conchak azaldu du «zorionez» ez duela «zaintzako lan prekarioetan» lana egiten. Euskal Herrian daramatzan bi urteetan BAME azterketa prestatzeko eskoletara joaten da, «aurrez Txilen aurreztutako dirua erabiliz». Haydarik, berriz, Afganistango errefuxiatua denez, diru laguntza jasotzen du, eta, bien bitartean, boluntario lanak egiten ditu. Hala ere, ez du horrela jarraitu nahi: «Nik ez dut diru laguntzetatik bizi nahi. Lana egin nahi dut; etorkizun hobearen bila etorri ginen Euskal Herrira».

Vilchesek esan du «zortea» izan zuela. Izan ere, ingeniaritzan ari da lanean: «Titulua homologatu gabe daukat, baina ikasitakoan ari naiz lanean. Aurretik esperientzia izateak asko lagundu dit». Hala ere, Eusko Jaurlaritzan titulua berriro homologatzen saiatuko da, ikasitako graduaren baliozkotzea jasotzeko.

Bidez Bideko kideek garbi dute euskarak garrantzia duela Euskal Herrian, batez ere erakunde publikoetan lan egiteko. Concha eta Haydari horren jakitun dira, eta euskarako eskoletara joaten dira biak. Euskal Herrian lan egin nahi dutela erakutsi nahi du Conchak: «Hemen lan egin nahi dudala erakutsi nahi dut; nire etorkizuna Euskal Herrian ikusten dut».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)