Elena Garroren denborak

Berria, Yurre Ugarte, 22-04-2024

Nolatan ez nuen lehenago irakurri? Horixe pentsatu nuen Elena Garroren Los recuerdos del porvenir nobela irakurri eta gero. Galdera extra-literarioak piztu zitzaizkidan. 1963. urtean argitaratu zen Mexikon, eta, mendebaldeko literatur kritikarien arabera, Elena Garro (Puebla, Mexiko, 1916-1998), errealismo magikoaren aitzindaria izan zen. Nork zuen horren berri, ordea? Irakurzale gehienen artean, are boom latinoamerikarra deiturikoaren liburuak irakurri ditugunon artean, zenbatek daukate Garroren lehen nobelaren berri? Zenbatek irakurri dituzte haren liburuak? Ez al zen Gabriel Garcia Marquezen Cien años de soledad (1967) errealismo magiko deiturikoaren hasiera, erdigunea eta infinitua? Zer nekien nik Elena Garrori buruz?

Octavio Pazen emaztea zela nekien. Octavio Paz, poeta eta saiakera egilea: literatura Nobel sariduna, Mexikoko poeta nazionala izendaturikoa. Izan ere, badut Octavio Pazen saiakera liburu bat etxeko apalategi bateko hauts artean.

Elena Garroren literaturgintzaz tutik ere ez nekien, duela gutxira arte. Haren obraren oihartzunik ez zitzaidan heldu, duela gutxira arte. Ez da kasualitatea: duela gutxira arte, emakume idazleek sortutako lanek, orokorrean, ez dute interesik piztu, ez behintzat gizonezko kideenak piztu adina, eta haien liburuen ikerketa, balorazioa, errekonozimendua eta prestigioa ere ez dira sekula maila berean kokatu. Duela oso gutxira arte, literaturaren merkatuan eros zitekeen Elena Garroren liburu bat honako publizitate (edo irain) honetan bildua: «Octavio Pazen emaztea, Bioy Casaresen maitalea, Garcia Márquezen inspiratzailea eta Borgesek miretsia»—Dracena argitaletxeak, 2016an, Garroren Reencuentro de personajes liburuaren berrargitarapenean—. Nork irakurri nahiko luke halakorik? Nola hasi baldintza egokietan irakurtzen kanpotik jada azpiratua datorkiguna? Saldu nahi den obraren gainetik gizonezko egileen begirada balioetsi, lanaren beraren dimentsioa murriztu eta egiletza ia ezeztatu: horrelakoak pairatu dituztenen artean, Elena Garroren kasuak badu bereizgarririk. Estreinako nobelarekin, Los recuerdos del porvenir-ekin, kritikari mexikarren Xavier Villaurrutia saria jaso zuen. JL Borgesek «Mexikoko Tolstoi» deitu zion. Hala ere, 1968an, jada Pazengandik bananduta zegoela, erbesteratzea erabaki zuen. Madrilen eta Parisen bizi izan zen alabarekin, Helena Paz Garro poetarekin, eta Mexikora ez zen 1994ra arte itzuli. Esan liteke auto erbesteratzearekin hasi zela Garroren desagerpena, edo «hilketa», Patricia Rosas Lopategui ikerlariaren hitza erabili ezkero (El asesinato de Elena Garro, 2006). Politika, intelektual mexikarrak eta Octavio Pazekin izandako harremana nahasten dira Mexikotik aldentzeko hartu zuen erabakian. Garroren literaturaren (ber)hedapena, batez ere, 2016an hasi zen, haren jaiotzaren 100. urtemugarekin. Egun, Mexikon, Elena Garro ikono eta mito bihurtu badute ere, pobrezian hil zen, 81 urte zituela, alabaren eta katuen konpainian, Cuernavacan, jaioterritik gertu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)