Sarraskiaren memoriatik hazitako zuhaitz berriak

Hiru hamarkada dira Ruandako sarraskia gertatu zela eta atzera begiratzen dute ihes egin behar izan zutenen memoria hartatik. Belaunaldi berriek ere badute zeregina, biktima haien oroimena bizirik mantentzekoa. Artea tresna ederra izan daiteke horretarako.

Gara, Gurutze Anduaga , 22-04-2024

Rachel Sematumba etxean dago, eserita, belo beltz bat duen soinekoz jantzita. «Gerrako haur bat naiz», dio. «Nire jaiotzaren ondoren, Ruandako genozidioaren urte berean, gaur egungo M23ra Martxoak 23 gerrilla errebeldea arte, Goman Kongo ez da besterik egon, gerra besterik».

Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdean kokatuta, Ruandako mugan dago Goma, Kivu iparraldeko hiria. 1994ko udan milioi bat errefuxiatu ruandar inguruk bizilekua hartu zuten han, Kigaliko agintari berrien errepresalien beldur.

Rachel Sematumba urte horretako udan jaio zen, «hiriko erietxe guztiak hilotzez eta gaixoz» beterik zeuden garaian, ekarri du gogora bere aitak, Onesphore Sematumbak. Kolera izurri batek errefuxiatu eta biztanleengan sarraskia eragin zuen.

Bere hogeita hamargarren urtebetetzerako hilabete batzuk geratzen direnean, Rachel bere lehenengo semea erditzear da. Astearen amaieran gerta daitekeela aurreratu diote medikuek. Ruandako genozidioaren oroimen ekitaldiak hasi eta gutxira izango da.

1994ko apiril eta uztail bitartean, gutxi gorabehera 800.000 tutsi eta hutu moderatu hil zituzten Ruandako armadak, Interahamwe miliziek eta herritar arruntek. Haien helburua: tutsien erabateko garbiketa etnikoa gauzatzea.

Onesphore Sematumba, garai hartan hogeita hamar urteko gazte zairetarra, literatura frantseseko irakaslea zen 1994ko apirilaren 6an Ruandako presidente Juvenal Habyarimanaren hegazkina bota zutenean. Gertaera hura izan zen gerora etorriko zen genozidioaren hasiera. «Aste Santuko oporretan geunden Goman», dio. «Ikasturtea bat-batean amaitu zen, egun batetik bestera langabezian geratu nintzen», jarraitu du.

Rachel eta Onesphore Sematumba aita-alabak.
Rachel eta Onesphore Sematumba aita-alabak.
ERASO ARMATUAK
«Giza olatu» bat dakar gogora, hiru hilabete geroago, Ruandatik Gomarantz eraman zuena. «Haurrak, agureak, behiak, guda tankeak, kamioiak… hirira iristen ari zen herrialde oso baten erdia, inolako harrera sistemarik gabe, inolako gainbegiratzerik gabe. Ezer gabe». Garai hartan, Goma ez zen 300.000 biztanletara iristen, «herri handi baten antza» zuela azaldu du Onesphore Sematumbak. Ruandar errefuxiatuen iritsierarekin, ordea, «espazio libre guztiak, futbol zelaiak, elizak, eskolak, biribilguneak… jendez betetzen hasi ziren».

Eta ihesaldi harekin batera kolera iritsi zen. «Gorpu piloa ikusten hasi ginen. Errefuxiatuak hilzorian zeuden axolagabekeria orokor baten erdian. Haurtxoak ere ikusi genituen haien amen hilotzen ondoan». Gogoan ditu aireportuaren atzealdean sortu ziren «hobi komun erraldoiak» eta «hiri bihurtu ziren» errefuxiatuen kanpamenduak.

Sematumbak bere ikasle ohi batzuekin elkartuko da kanpamendu haietan. Kigalin, Ruandako hiriburuan, boterea berreskuratzen saiatzeko antolatzen ari direla jakinaraziko diote, eta Ruandako lurraldean eraso armatuak egiten ari direla azaldu. Hutu erregimen genozida ez da gehiago Ruandako Estatuko burutzara iritsiko.

ZIURGABETASUN BERBERA
Azken 30 urteetan, ordea, ez da atsedenik izan gatazkei dagokienez. Gerrak eta gatazkak bata bestearen atzetik gertatu dira 1996az geroztik, gaur egun ere M23ren matxinada baita, batik bat, Ruandako armadaren laguntzarekin Ipar Kivuko zati handiak kontrolatzen dituena eta Goma inguratzen duena. Kongoko tutsi populazioen defentsaren alde borrokatzen dutela aldarrikatzen dute. Genozidioaren itzala Laku Handien eskualdeko herrialdeen arteko harremanen gainean dago oraindik.

Rachel Sematumbak gogoratzen du txikitan «etxera korrika» itzultzen zela, herrian tiroketek haurren jolasak eteten zituztenean. Nerabezaroa ere gogoan du, «normaltzat» jotzen duena, inguruko sufrimenduaz kontziente den arren. «Hazi ahala, honen guztiaren arrazoia zein den galdetzen duzu», dio emakume gazteak.

19 urterekin, geopolitikarekiko zuen pasioak bultzatuta, Goma utzi eta Nairobira joan zen, Kenyara, diplomazian, garapenean eta nazioarteko segurtasunean ikasketak egitera. Titulua lortu ondoren, Gomara itzuli zen 2021 amaieran. 2023an ezkondu, haurdun geratu eta senarrarekin batera Gomako erdigunetik gertu dagoen etxe txiki batean bizi da orain. Lehenengo asteetan tiroak entzuten ziren haien etxetik gertu. «‘Ongi etorri auzora’, esan genion elkarri, ironiaz».

Hildako ruandarren argazkiak, marrazki bihurtuta. Hori da Art Of Memories kolektiboaren zeregina eta horretan lanean dihardu King Ngabo artistak.
Hildako ruandarren argazkiak, marrazki bihurtuta. Hori da Art Of Memories kolektiboaren zeregina eta horretan lanean dihardu King Ngabo artistak.

Rachelek diplomatikoa izatea du helburu, bere herrialdea ordezkatu eta gertatzen dena erakutsi ahal izateko. Emakumeekiko esplotazioaren eta indarkeriaren aurka ere borroka egin nahi du. «Emakumeak hazi beharrean, hemen hil eta bortxatu egiten dira», azaldu du.

Aitak hartu du berriro hitza. Kongoko ekialdean «iraganak zailtasunak ditu aurrera egiteko». Etorkizunari buruzko ziurgabetasuna berbera da, hogeita hamar urteren ostean.

GENOZIDIOAREN BIKTIMEN ERRETRATUAK
Masakreetan bizirik iraun zuen. Bere gurasoek ez, ordea, ez eta bere ahizpak ere. Ruandako genozidiotik hiru hamarkada igaro direnean, Aliette Nyirahabimanak hildako senideei buruz duen oroitzapen bakarra lausotutako argazki batzuk baino ez dira. Haien memoria eta haien aurpegiak bizirik mantentzeko, Kigaliko artisten tailer batera joan zen, argazkiok marrazkietan erreproduzituko dituen Art Of Memories kolektiboari material hori emateko, «nire senideak nigan gorde ahal izateko», dio malko artean 41 urteko emakume honek. «Nire seme-alabek askotan galdetzen didate noiz hil zuten amona. Galdera asko egiten dizkidate senideekin gertatutakoari buruz. Beraz, marrazkiok etxean ikusi ahal izateak haien irudi bat osatzeko aukera emango die».

Ruandako hiriburuko estudioan, artista gazteek eta arte eskolako ikasleek beren tabletetan eta zirriborroen koadernoetan garai bateko erretratuak eta familia argazkiak arretaz erreproduzitzen dituzte. «Ruandarrei gonbita egiten diegu haien senideen irudiak posta elektronikoz, sare sozialen bidez, WhatsApp-ez edo hondatutako argazki horiek bidal ditzaten, bizitzara ekartzen baititugu», laburbildu du King Ngabok, 28 urteko artistak. 2023ko apirilean martxan jarri zenetik, kolektiboak borondatez egin ditu genozidioaren biktimen 450 erretratu inguru.

Proiektuko artista gehienek Ruandako biztanleriaren %70 baino gehiago bezala, 30 urte edo gutxiago dituena ez zuten bizi izan Afrikako sarraski hau. Haien lanarekin, eta euren oroitzapen preziatuak uztera datozenekin kontaktuan jarriz, tragediaren alderdi berriak aurkitzen dituzte.

Imigongo pintura tradizionalaren teknika aplikatzen ari da emakume ruandar bat. Arte diziplina hau genozidioaren ondoren berreskuratu eta herrialde osoan zabaldu zen.
Imigongo pintura tradizionalaren teknika aplikatzen ari da emakume ruandar bat. Arte diziplina hau genozidioaren ondoren berreskuratu eta herrialde osoan zabaldu zen.

«Txikitan genozidioaren berri eskolan eta etxean ikasi genuen. Batzuetan gurasoek horretaz hitz egiten zuten. Baina ekimen honekin bat egin nuenean gehiago ikasi nuen, iraganean gertatutako gauza gehiagoren ezagutza izan dut», dio Manzi Yvan Bryank, 19 urteko gazteak. «Uste nuen gauza asko nekiela genozidioari buruz, memorial ugari bisitatu izan ditudalako», aipatu du bere aldetik King Ngabok, «baina ez nuen sekula bizirik atera zirenekin hitz egiteko aukerarik izan, jendeari haien argazkiak ekartzeko aukera ematen hasi ginen arte».

Belaunaldi berri honentzat beraien lana ere bada artea biziberritzeko aukera bat, izan ere, tutsien aurkako gorrotoa ereiteko propaganda tresna gisa erabilia izan baitzen. «Garai hartako artistek marrazketa erabiltzen zuten tutsien aurkako genozidioaren ideologia zabaltzeko. Gaur, guk, marrazten dugun artista gazteok, hau zuzentzea erabaki dugu».

ARTE TRADIZIONALA
200 urte baino gehiagoko historia duen tutsi artea, behi gorotzez egindakoa, Ruandako imigongo pintura tradizioak, berpizkundea bizi izan du 1994ko genozidiotik hiru hamarkada geroago, kulturaren eta batasunaren ikur bihurturik. Zuri-beltzeko irudiengatik ezaguna, imigongoa printze tutsi batek XIX. mendean asmatu zuela uste dute. Kakira printzeak behi gorotza eta errautsak nahasi zituen, Ruandako ekialdeko Gisaka erreinuko bere jauregiko hormetan hiru dimentsioko ereduak margotzeko erabiltzen zuen materiala sortzeko.

Art Of Memories kolektiboko artistek haien tabletetan edo zirriborro koadernoetan lan egiten dute. Ruandarrek igorritako argazki zaharrak berreskuratu eta haien senideen irudiak marrazki bihurtzen dituzte.
Art Of Memories kolektiboko artistek haien tabletetan edo zirriborro koadernoetan lan egiten dute. Ruandarrek igorritako argazki zaharrak berreskuratu eta haien senideen irudiak marrazki bihurtzen dituzte.
Arte mota tradizional honi imigongo izena eman zioten bizkarrezurra esan nahi du, bere lerro kurbadunei erreferentzia eginez. Landa guneetako etxeetan ezaguna egin zen, eta emakumeek gorotzarekin, buztinarekin eta aloe urarekin egindako morokila eta pigmentu naturalak erabiltzen zituzten beren etxeak apaintzeko.

Basirice Uwamariyak, Kakira Imigongo Kooperatibaren sortzaileak aipatu du 15 urterekin hasi zela arte mota honetan, baina 1994ko genozidioak ia ahanzturara eraman zuen tradizio hau. Izan ere, Kooperatiba honetako kide gehienak Ruandan jazotako sarraskian hil ziren. Uwamariyak berak senarra eta hainbat senide galdu zituen, eta bere bi semeekin batera ihes egin behar izan zuen. «Iluntasunean bizi nintzen, isiltasunean», gogoratu du 53 urteko emakumeak. 1996an kooperatiba suspertzera bultzatu zuen bakardade hori gogora ekarri du eta genozidiotik bizirik atera ziren herritarrak ekimenean parte hartzera gonbidatu zituen. Harrezkero, imigongoa berpizteari ekin zioten.

Eredu tradizionalak eta diseinu modernoak elkarren ondoan ikus daitezke gaur egun, pigmentu naturala pintura komertzialarekin ordezkatzen diren honetan. Imigongo diseinuak goi mailako estudioetara eta moda dendetaraino iritsi dira; gaur egun jantziak eta egurrezko objektu apaingarriak egiten dira, Ruandara bidaiatzen duten turistentzat salgai jarriz merkatuetan.

Theoneste Nizeyimanak, Kigali hiriburuko Azizi Life Studioko kudeatzaileak dioenez, garai batean arte tradizional hau Ruandako ekialdera mugatzen zen, «baina genozidioak dena suntsitu ostean, jendea bere kultura nola berreskura zezakeen pentsatzen hasi zen. Gaur egun, imigongoa ruandar guztiek estimatzen dute, ez bakarrik tutsiek. Imigongoa jendea elkartzen duen zerbait da», ohartarazi du. Kigalin, 4 eta 75 urte arteko pertsonei zuzendutako pintura eskolak ematen ditu. Negozioak ere zentzua duela adierazi du, eredu horrek berehala antzeman daitezkeen ‘Ruandan egindako’ diseinuak mundu osoan merkaturatzen laguntzen baitu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)