Sarako Idazleen Biltzarrak Amets Arzallus eta Jean Duverdier saritu ditu
Bi urtean behin, Sarako Idazleen Biltzarraren antolatzaileek sari bana ematen diete artista euskaldun eta frantsesdun bati. 41. edizioak Amets Arzallus bertsolari eta idazlea eta Jean Duverdier marrazkilaria omendu ditu.
Gara, , 03-04-2024Sarako Idazleen Biltzarra apirilaren 1ean iragan da, Pazko astelehenez, usaian bezala. Liburu azokaren 41. edizioak Euskal Herriko argitaletxeak eta egileak nabarmendu ditu berriz. Mahaietan, euskarazko obrak dira nagusi. Euskal pilotari buruzko liburuak, eleberriak, polizia eleberriak, saiakerak, haur liburuak, komikiak edo Euskal Herriari buruzko liburu ilustratuak, gustu guziendako badira. Orotara, 120 idazlek, hamazortzi argitaletxek eta hamahiru elkartek parte hartu dute liburu azokan. Bazkalorduan, 2024ko Biltzar sariak banatuak izan dira.
Miñan udazkenean antzerkian
Bi urtez behin banatzen den sari honek Amets Arzallus bertsolari ospetsu eta idazlea eta Jean Duverdier marrazkilari karikaturista, Leon Erregearen aita, omendu ditu. Amets Arzallus Miñan liburuaren egilea da, Ibrahimaren migrazio ibilbideari buruzko euskarazko liburua, 2019an estreinatua eta geroztik hainbat hizkuntzatara itzulia dena. «Ibrahimak eta biok egin dugun lanaren sari eta errekonozimendu bat da. Liburu hau gurea da, ez nirea. Sari hau biei eman digute. Eskerrak ematen dizkiot Biltzarrari eta, batez ere, liburuari harrera beroa egin dioten irakurleei», erran du Amets Arzallusek.
Miñan antzerkirako egokitzen ari da Ander Lipusen Arte Drama konpainia, Timberlake Wertenbaker idazle ingeles eta euskaldunak moldaturiko testu batean oinarriturik. Udazkenean ikusten ahalko da. «Immigrazioari buruz sentsibilizatu nahi izan dut, Ibrahima ezagutu nuenean egin nuen gisan. Gure irudimena ez da iristen migratzaileek bizi dutenaren errealitatera», azaldu du bertsolariak, eta, saria hartzerakoan, ahozko literaturaren garrantzia azpimarratu du, «beti bizirik, baina ez bere balioan».
Jean Duverdier, aldiz, harritu egin da eman dioten sariarekin. «Umore marrazkiaren alde unibertsala» azpimarratu du Jean-Michel Garatek, Biltzarraren antolatzaileak. Saridunak izendatzeko epaimahaia Jean-Michel Garatek eta Daniel Landart antzerkigile eta Euskal Kultur Erakundeko zuzendariorde ohiak osatzen dute. Euskararen edo Euskal Herriaren sustapenaren alde lan egiten duten autoreak ohoratzea dute xede.
- Erredakzioan itzuli eta moldatua.
(Puede haber caducado)