Euskal Herrian bizi diren etorkinei buruz erabakitzea egotzi dio Batasunak PSOEri

Berria, 19-08-2006

erredakzioa

Europako Batasunetik kanpoko etorkinek datozen udal hauteskundeetan boto eskubidea izan dezaten PSOEk eta IU – ICVk Espainiako Kongresuan aurkeztu duten legez besteko proposamena ez du begi onez hartu Batasunak, hainbat arrazoirengatik.

Lehenik eta behin, Europako Batasunetik kanpoko jatorria duten etorkinei eskubide hori aitortzekotan, Espainiako Gobernuak etorkinaren jatorriko gobernuarekin duen akordioaren arabera onartuko dela gogora ekarri du. Alegia, Maastricheko Itunaren mugen barnean, estatuek duten elkarrenganako akordioaren araberakoa izango da eskubidea.

Bigarrenik, proposamen horrekin «ke laino bat» sortzen ari direla uste du Batasunak. Europako Batasunetik kanpoko etorkinen eskubideak etengabe urratzen dituen politika ezkutatu nahia egotzi dio Batasunak Espainiako Gobernuari «defentsa mailan hego aldean jarriak dituzten hesi hiltzaileak, edo bertan bizitzeko dauden baimen murriztaileak ezkutatzea dute helburu».

Gainera, uste du hain zuzen etorkinen artean zorte gutxiena dutenei kalte egiten diela neurri horrek. Bertan bizitzeko baimena dutenak izango baitute eskubidea, eta gainera, ez guztiek.

BERMEA, SUBIRANOTASUNA. Edozein tokitatik etorri direla ere, eta arrazoia edozein izanda ere, Euskal Herrian bizitzea erabaki duten etorkinen oinarrizko eskubideak errespetatzeko bermea Euskal Herri askea eraikitzetik etorriko da, Batasunaren arabera. Horregatik, gaitzetsi egin du Euskal Herrira etorritako milaka pertsonen eskubideak Espainiako Estatutik erabakitzea. «Euskal Herrian bizi diren Europako Batasunetik kanpoko etorkinen etorkizunarekin jolastea, Euskal Herriko etorkizunarekin jolastea da».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)