Kalea, arterako lantoki
Kalean lan egiten dute hainbat margolarik, musikarik, eskulangilek... Bisitariek emandako diruaren truke, artearekin koloreztatzen dituzte herri eta hirietako kaleak.
Berria, 19-08-2006manu gimenez
Donostia
Gune turistiko garrantzitsuenetan edo jai giroa eta jendearen joan – etorriak nagusi diren hirietan inoiz ez dira faltako kaleko artistak. Hiriari xarma berezia ematen diote haien artelanek. Eskulanek edo margolanek kolorea ematen diote kaleari, eta musikak tokia kentzen dio hotsari. Asfalto eta betoia arteaz apainduta itxura ederragoa hartzen dute hiri guztiek.
Milaka bisitari ibiltzen da udan Donostian, bete egiten da Gipuzkoako hiriburua eta negozio usainak askotan edertasunari kentzen dio tokia. Baina dotoretasun horri eusten laguntzen dute Kontxa inguruan dabiltzan artistek.
MUSIKARIA, ESKULANGILEA, MARGOLARIA. Nork ez du ezagutzen Thierno Diallo? Izenez jende gutxik ezagutuko du, baina Realeko elastikoarekin eta txapela jantzita herriz herri eta festaz festa ibiltzen den xilofono jotzailea dela esandakoan, edonork jakingo du Diallo nor den.
Senegalgo egoera soziopolitikoa oso txarra zela Euskal Herrira etortzea erabaki zuen Diallok. Duela 15 urte izan zen hori. Orain Iruñean bizi da, bera bezala Senegaldik etorri zen lagun batekin.
Haren lana herri eta hirietako jaiak musikarekin girotzea da. Xilofonoa Senegalgo erara jotzen du, han ikasi baitzuen jotzen. Klarinetea, ordea, bere kabuz ikasi du eta dagoeneko Euskal Herriko abesti ezagunen errepertorio zabala jotzen du. Dialloren ustez, herriko kultura oso garrantzitsua da. Horregatik gustatzen zaio xilofonoa Senegalgo erara jotzea. Haren janzkerak ere badu kulturarekin zerikusia. Izan ere, Realeko elastikoak eta txapelak Euskal Herrian integratuago dagoela sentiarazten diote.
Gernika, Deba eta Ondarroako festetatik etorri da Diallo Donostiara. Udan lan handia izaten omen du herriko jaietan. Hala ere, lana ez zaio oso gogorra egiten. Baina jaietan lan egitean mozkorrekin tirabirak eduki ditu: «Gazteak edaten dutenean molestatzera etortzen zaizkit». Hori omen da laneko alde txarrena. Bestela, gustura dago Thierno Diallo bere lanarekin.
Argetinako ekonomiak hondoa jo zuenean alde egin zuen Segundok Europara. Sei hilabete Mallorcan ematen ditu (Herrialde Katalanak), eta beste seiak Argentinan. Hala ere, Mallorcan egoten da inon baino gehiago. Eraikuntzan egiten du lan. Baina udan, diru apur bat irabazteko, figurak egiten ditu, aluminioa tolestuz, eta horiek saltzeko, leku turistikoetara joaten da.
Aste Nagusiko egunetan Igeldoko kanpinean bizi da eta eguerditik gauera arte aluminiozko bihotzak egiten ditu. Eskulanetan ona dela aitortu du, eta erosleak nahi duen izena jartzen dio bihotzaren erdian. Bihotzaren formak egiteako arrazoia oso sinplea da beretzat: «Bbihotza maitasunaren ikurra denez, erosleek nire figurak bihotzean eraman ditzaten nahi dut».
Donostiako Aste Nagusia amaitzean Segundo Bilbora joango da. Igeldoko kanpina utzi, eta Bilbo inguruan non lo egin ez dakiela joango da. Gero, penintsulako kosta azokaz azoka zeharkatuko omen du urria bukatu arte.
Kontxako pasealekuan lanez gainezka dabil Vasil Bazilenco margolaria. Karikaturak egin eta egin ari da. Jaiotzez ukrainarra bada ere, Argentinan ematen ditu urteko hilabete asko. Horregatik hitz egiten du gaztelaniaz hain ongi.
Karikaturak eta erretratu landuak egiten ditu bisitarientzat. Margolari profesionala da bera, eta bospasei erakusketa ditu mundu osoan. Bizitokia Argentinan du eta udako bi hilabete han – hemenka ematen ditu. Margolanekin irabazten duen dirua bidaiak ordaintzeko gordetzen du.
17 urteko heziketa artistikoa burutu du eta esperientzia handia du pinturan, grabatuetan eta ilustrazioetan. Haren laneko alde onena: «10 erosletik 9k eskerrak ematen dizkidate, eta nire lanarekin gustura geratzen badira, ni ere bai».
Arazo handienak Poliziarekin izaten omen ditu. Herrialde askotan ibilitakoa da eta ederki ezagutzen ditu leku bakoitzeko poliziak. Donostian gauetan bakarrik bidaltzen omen dute bere tokitik, baina isunik eta inongo zigorrik jarri gabe. Hala ere, haserre agertzen da poliziez ari denean; «hemen paseatzen ari diren 100 pertsonei ea enbarazu egiten diedan galdetzeko».
BAKOITZAK BERE BIZIMODUA. Hirurak kaleko artistak badira ere, garbi dago ikuspegi ezberdina dutela lanaren inguruan. Batek urte osoan egiten du lan, besteak udan bakarrik eta hirugarrenak bidaiak ordaintzeko egiten ditu artelanak.
Hala ere, denek egiten dute artea eta kalea da haien lantoki eta saltokia.
(Puede haber caducado)